2021ko irailaren 19a

Nafarroako erbesteratze errepublikarra omendu du Foru Komunitateak Elizondon

Chivite Lehendakariak “1936ko kolpe militarraren ondoren Nafarroa utzi behar izan zutenekiko memoriarekin Gobernuak duen konpromisoa” azpimarratu du 
El Gobierno de Navarra ha celebrado hoy domingo en Elizondo un acto de homenaje al exilio republicano Irudi galeria

Nafarroako Lehendakaria, Maria Chivite, Nafarroako erbesteratze errepublikarra (1.400 pertsona inguru) Omentzeko ekitaldiaren buru izan da gaur goizean Elizondoko Foruen plazan.

Hitzaldian, “1936ko uztaileko kolpe militarraren ondoren Nafarroatik alde egin behar izan zutenak gogoratzeko Foru Exekutiboak duen konpromisoa” azpimarratu du Chivitek. “Alde egite horren arrazoiak –jarraitu du Lehendakariak- Errepublikako gobernu legitimoarekiko konpromisoarekin eta leialtasunarekin lotuta egon ziren kasu askotan eta, ia kasu guztietan, norberaren eta familiaren segurtasun-arrazoiak ere egon ziren”.

Maria Chivitek, halaber, hitz batzuk esan dizkie erbesteratuen senitartekoei, hots, omenaldira joandakoei: “gaur hemen zaudetenek ondo baino hobeto ezagutzen duzue esperientzia traumatiko eta oso gogor horren barrentasuna eta sakontasuna nahiz presakako irteeraren garraztasuna, eta erretiratzearen izugarrikeriak, jazarpen, bonbardaketa eta guzti”.

Era berean, Lehendakariak aipatu nahi izan ditu itzultzea eta “diktadura frankistaren arriskuak eta balizko errepresaliak” beren gain hartzea erabaki zutenak eta itzultzerik izan  ez zutenak; “haien familiakoak zaretenok ondare hori gorde eta haiek oroitzeko bidezko memoria aldarrikatu duzue”.

Chivitek nabarmendu du “Nafarroak zorra duela erbestealdi errepublikarrarekin; izan ere, urte askoan bizkarra eman zitzaion, eta ahanzturaren krudeltasunean geratu zineten. Gainera, alde egin behar izan zutenek ez ezik, gure Komunitateak ere galdu egin zuen, giza ondare baliotsurik gabe geratu zelako, kulturaren, arteen, ekonomiaren eta gizartearen parte zena. Azken finean, pertsona horiek guztiak gure historiaren parte dira nafar gisa”.

Horrez gain, Chivite Lehendakariak azpimarratu du “iraganeko indarkeria bidegabeari kritikoki begiratu behar zaiola eta horretatik ikasi behar dela egunetik egunera gizarte bidezkoago eta pluralago bat eraikitzeko eta guztion artean ezberdinen arteko bizikidetza lantzeko”.

Lehendakariarekin batera, Javier Remirez eta Jose Maria Aierdi presidenteordeak, beste sailburu batzuk eta Jose Luis Arasti Gobernuaren ordezkaria izan dira.

Ekitaldian baita ere parte hartu dute Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek, Baztango alkate Joseba Otondok eta erbesteratutakoen familietako hiru senitartekok: Sara Soriano Goikoetxea, Maria Carmen Yarnoz Huder eta Ana Araujo Hualde, eta bat etorri dira oroimenari eusteko betebeharrean, askatasunaren aldeko borrokalari horien oroitzapena bizirik mantentzeko, ohorearen eta justiziaren arrasto ezabaezina utzi baitzuten – Nabarmendu dute –.

Bestalde, Legebiltzarreko presidenteak azpimarratu duenez, "Erakundeek ahalegin handia egin dute hamarkadetako mututasunarekin amaitzeko eta askatasunaren, justiziaren, bakearen eta bizikidetzaren kausak bultzatzeko", eta Joseba Otondo Baztango alkateak omenaldia jaso duten pertsonak gogoratu ditu.

 

Ekitaldi instituzionala amaitzeko, lore-eskaintza egin dute Mikel Iriartek erbesteratzea gogoratzeko egindako “Babesaren Muga” izeneko eskulturaren aurrean. Monolito hori Nafarroako Memoria Historikoaren Leku deklaratu zuten, eta aurrean Baztandarra Dantza Taldeak aurresku bat dantzatu du haien omenez.

 

Azkenik, Elizondoko Abesbatza arduratu da ekitaldiari musika jartzeaz. Hasieran, Nafarroako Ereserkia interpretatu dute, “Erresuma sartzeko Martxa”, eta ekitaldian zehar, “Suite de aires baztaneses / Baztango Xurubitariak”, “Zeruan eder ilargia” eta “Izar ederrak”.