Nafarroak Guillermo Mugicari eta Gogoa Foroari bakearen aldeko hurbilketa pluralak sustatzeko egindako etengabeko lana onartu die

Bakearen aldeko Nazioarteko Egunean ekitaldi instituzionala egin dute Tuteran, eta Chivite Lehendakaria “hausnarketaren eta elkarrizketaren bitartez, zatiketa sozialaren eta indarkeriaren garai ilunak atzean uztearen” alde agertu da
2021ko irailaren 18a
collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak, Bakearen aldeko Nazioarteko Egunean, Guillermo Mugicaren eta Kristautasuna eta Gaur Egungo Mundua Gogoa Foroaren lana aitortu du, bakearen, elkarrizketaren eta topaketaren kulturaren alde hartutako konpromisoarengatik. Gobernua Foro horretako sortzaileetako bat da.

Nafarroako Lehendakaria, Maria Chivite, izan da gaur Tuteran egindako ekitaldi instituzionalaren buru, eta “hausnarketaren, elkarrizketaren eta borondatearen bidez, zatiketa sozialaren eta indarkeriaren garai ilunak atzean uztearen alde agertu da, urte askotan gure errealitatea deformatu zuten-eta”.

Hitzorduan izan dira Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Unai Hualde; Gobernuko delegatua, Jose Luis Arasti; Foru Gobernuko lehen lehendakariordea, Javier Remirez; eta Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo, Foru Exekutiboko beste kide batzuen artean. Horiez gain, Tuterako alkatea, Alejandro Toquero, eta Daniel Innerarity filosofoa izan dira, Kulturaren Vianako Printzea 2013 Saria eta omenduaren laudatioa egiteaz arduratu dena.

Innerarity-k azpimarratu du Guillermo Mugica eta Gogoa Foroa “gauza bera, izpiritu bera, direla”, “bizikidetza demokratikoaren balioen inguruko elkarrizketa barean” oinarrituta. Hogeita bost urteren ondoren, Foroa, Innerarity-ren ustez, “eskuzabaltasun, konpromiso, errespetu, erresistentzia eta zerbitzuaren gordailu bilakatu da; komunikaziorako gune berezi elkarrizketa ezinezkoa egiteko dena konjuratzen zen Nafarroan”. Era berean, filosofoak Guillermo Mugicaren “maila bikaina” nabarmendu nahi izan du, “bereizteko, ikasteko eta zaintzeko” gaitasunak biltzen baititu.

Hain zuzen ere, Chivite Lehendakariak Iruñeko apaiz eta teologo honen papera nabarmendu du, Gogoa Foroko gainerako kideekin batera “bakerako hurbilketa pluralak sustatu baitzituzten, argudiatzea zaila ez ezik, arriskutsua izatera ere iritsi zen garaietan”. “Lan horri eta gure gizartean beste pertsona askok egindako lanari esker, gure aniztasuna neutralizatzen zuten indarkeria, polarizazio eta hegemonia garaiak, Innerarity-k aipatzen zituenak, iraganeko kontuak dira”, aitortu du.

Ildo horretan, Lehendakariak nabarmendu du Foru Gobernuak “biktima guztiei ematen diela babesa, salbuespenik gabe, gainerako herritarrak bezain pluralak direlako eta ordezkari publikoen egitekoa delako biktima horiek eskubideen subjektu bihurtzea eta ez diskurtsoen objektu”. Era berean, “zubien gizartearen aldeko apustua egin du, desberdin pentsatzen dutenei entzuten dien eta haiek toleratzen dituen jendearen alde”. Gure lurraldeko errealitate politiko eta sozialari desberdin begira diezaiokegu gaur egun, lortu dugulako, bakea lortu dugulako”, gaineratu du.

Bakearen aldeko defentsan, Chivite Lehendakariak gogoratu du “indarkeriaren kulturak ez duela ezer onik ekarri eta ekarriko gure herrialdera”, eta “iraganeko indarkeriak, estatu-kolpeak edo borroka armatuak” legitimatzeak dituen arriskuez ohartarazi du.

Bakearen aldeko konpromiso gero eta handiagoa

Nafarroako Gobernuak saria eman dio Guillermo Mugicari eta oroitzapenezko diploma Gogoa Foroaren lehendakari Jesus Miguel Perezi.

Aitortza hori jasotzean, Mugicak eskerrak eman ditu eta deia egin du giza eskubideak “zaintzeko eta praktikan jartzeko”, “bakea lortzeko eta bakeari eusteko oinarrizko elementu gisa”. Gogoa Foroaren sortzailekidearen arabera, bake horrek “gero eta konpromiso handiagoa eskatzen du gizaki guztiekin, ingurunearekin, eta, batik bat, biktimekiko konpromisoa, izan diren eta egun dauden mila indarkeria moduren biktima guztiekiko: zakarrak eta latzak batzuk, sotilagoak beste batzuk, baina denak ere suntsitzaileak”.

Tuterako Castel Ruiz eraikinean bildutako agintarien eta lagunen aurrean, Guillermo Mugicak bake-hitzak eta –diskurtsoak ekitaldi bihurtzea espero duela esan du. “Gogoa Foroan, pentsamendu bakarreko hormak hautsi nahi izan ditugu; guztiek beren hitza izatea eta elkarrizketa zintzoan eta errespetuzkoan eta hitzez armagabetuan adieraztea sustatu dugu; elkarrekiko aitorpenean, gizatasunean eta justizian aurrera egiten lagun zezakeen guztia bultzatzen eta horretan esku hartzen ahalegindu gara”, gogoratu du.

Gogoa Foroaren sortzailekideak aukera aprobetxatu nahi izan du bertaratutakoei hainbat galdera egiteko; tartean, hizpide den garai berri hori “dagoeneko ez denak eta oraindik ez denak markatutako garaia ez ote den”. Gardentasuna eta egia “bizikidetza eta bakerako bide eraikitzaileagoa direla” aldarrikatu du, eta “pairatzaileak eta biktimak” bereizteko beharra ere planteatu du, memoria kolektiboa “orainaldiko motor eraldatzaile eta ez babes edo nostalgia gisa” lantzeko beharrarekin batera.

Horretarako, funtsezko tresna elkarrizketa da Mugicaren ustez. “Ziur guztiok irabazten aterako ginatekeela; bakearen eta bizikidetzaren aldetik irabaziko genuke, bizikidetzaren eta bakearen aldetik, bien arteko harremana joan-etorrikoa baita”, amaitu du.

2016az geroztik

Nafarroako Gobernuak Bakearen aldeko Nazioarteko Egunaren inguruan ezarri zuen sari hori 2016. urtean, pertsona edo erakunde bat bakearen eta bizikidetzaren arloan egindako lan nabarmenarengatik saritzeagatik.

Aurreko edizioetan, saria honako pertsona edo erakunde hauek jaso dute: Francisco Etxeberria antropologo forentseak 2016an; Federico Mayor Zaragozak, Bakearen Kultura Fundazioaren lehendakariak 2017an; Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Ligak (WILPF) 2018an; Stasa Zajovic-ek, Serbiako aktibista, feminista eta bakezaleak 2019an; eta CEIPAZ elkarteak iazko urtean.

COVID-19aren pandemiak eragindako mugak direla-eta, iaz saria emateko ekitaldia edukiera murriztuarekin egin zen Nafarroako Jauregian; aurten, ekitaldia Tuteran burutu da hirurogeita hamar pertsona baino gehiagorekin.

Ekitaldia Nafarroako Ereserkiarekin hasi da, Erresuma sartzeko Martxarekin, eta hainbat musika-pieza izan ditu: Romanza de María de la zarzuela; Joaquin Gaztambideren "El juramento"; Oh celeste dulzura, Adelardo Lopez de Ayalaren testuaren gaineko meditazio erlijiosoa eta Jualian Gayarre de Emilio Arrietari eskainia; eta Lascia ch'io pianga de la ópera "Rinaldo”, Georg Friederich Händel-ena. Guztiak Tuterako Raquel Fernandez sopranoak interpretatu ditu, teklatuan Rinaldo Zohk eta tronpetan Iñigo Remirez zituela.