Nafarroako Gobernuak 4.743,4 milioi euroko gastu muga ezarri du, "inoizko handiena”

Kopurua 262 milioi eurokoa da, aurreko urtearekin alderatuta, eta 2022ko aurrekontuetan gastu-politika ezberdinen artean banatuko da

2021ko irailaren 17a
videocam Nafarroako Gobernuak 4.743,4 milioi euroko gastu muga ezarri du, "inoizko handiena” collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak 4.743,4 milioi euroko gastu ez-finantzarioaren muga ezarri du 2022rako Foru Komunitatearen Aurrekontu Orokorretarako, hau da, aurten baino ia % 6 gehiago. Kopuru absolutuetan, 262 milioi gehiago izatea esan nahi du, eta Nafarroako historiako gastu ez-finantzarioaren muga handiena da.

Nafarroako Gobernuak 4.743,4 milioi euroko gastu ez-finantzarioaren muga ezarri du 2022rako Foru Komunitatearen Aurrekontu Orokorretarako, hau da, aurten baino ia % 6 gehiago. Kopuru absolutuetan, 262 milioi gehiago izatea esan nahi du, eta Nafarroako historiako gastu ez-finantzarioaren muga handiena da.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari Elma Saizek zenbateko horien berri eman du ezohiko Gobernu-bileraren ondorengo prentsaurrekoan; bileran, 2022rako gastu ez-finantzarioaren muga onartu dute.

Datorren ekitaldirako aurreikusitako zenbatekoarekin, Nafarroako Gobernuak 700 milioi euro inguru handituko du hiru urtetan aurrekontuko gastu-muga. Saizek adierazi duenez, zifra horiek Nafarroako Gobernuak Foru Komunitateko garapen ekonomikoaren alde egindako apustua erakusten dute; hau da, enplegua sortzea eta kalitatezko eta funtsezko zerbitzu publikoak bultzatzea.

Saizek azaldu duen moduan, gastu-muga osotik 264 milioi euro Tokiko Ogasunen Funtsari dagozkio eta 573 milioi euro Estatuaren Ekarpenari. Beraz, administrazioen arteko transferentzia horiek kenduta, gastu ez-finantzarioaren muga 3.906 milioi eurokoa da.

Datorren urterako ezarritako gastu-mugan jada sartuta daude Europako funtsak, eta uste da 2022an zehar jasoko direla, Kohesioa eta Europako Lurraldeak Berreskuratzeko funtsaren bitartez (REACT-EU) nahiz Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez (MRR).

Ildo horretan, Saizek azpimarratu du gastu-muga elementu bizia izango dela ekitaldian zehar, Europako baliabide gehiago iristean orain aurreikusitako zenbateko osoa gehitu ahal izango baita.

Modu horretan, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak azpimarratu du, halaber, Europako funtsek ez ezik, Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planak ere Nafarroako garapen ekonomikoa bultzatzen lagunduko dutela, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondoren.

Era berean, Saizek adierazi du gastu ez-finantzarioaren muga ezarri ahal izateko kalkulu teknikoak egiteko, kontuan hartu dutela defizit arloan Nafarroako Foru Komunitatearen eta Estatuko Administrazio Orokorraren artean berriki adostutako erreferentzia-tasa; horrela, 2022rako BPGaren %0,9 izango da.

Horrez gain, azpimarratu behar da Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak (AIReF) Nafarroako Gobernuaren aurreikuspen makroekonomikoak bermatu dituela duela gutxi, datorren urterako Foru Komunitateko Aurrekontu Orokorrak egiteko.

Prentsaurrekoan, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak nabarmendu du gaur gastu-muga onartzea abiapuntua dela Nafarroako Aurrekontu Orokorren Foru Legearen proiektua egiteko datorren ekitaldirako, eta epe barruan dagoela kontu horiek 2022ko urtarrilaren 1ean indarrean sartzeko.

Ildo horretan, Saizek azaldu du, gastu ez-finantzarioaren muga behin ezarrita, departamentuek beren gastu-proposamenak egingo dituztela datozen asteetan 2022. urteari begira. Proposamen horiek jaso eta aztertu ondoren, berriz, Nafarroako Gobernuak 2022rako Aurrekontu Orokorren Legearen aurreproiektua onartuko du.

Aurreproiektuaren testua, orduan, Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseilura, Ingurumen Kontseilura eta Toki Araubidearen Foru Batzordera bidaliko da, irizpena eman dezaten, testua Gobernu-bileran Foru Legearen proiektu bezala onartu aurretik, eta, ondoren, Nafarroako Parlamentura bidaliko da, eztabaidatzearren.