Nafarroako 90 udalerriren arteko birziklatze lehiaketak % 24 handitu du materia organikoaren bilketa

Lurralde Kohesiorako kontseilariak herri irabazleen sari-banaketan parte hartu du Etxarri Aranatzen,  eta saridunek 300 tona plastiko eta kapsula birziklatu baino gehiagorekin egindako hiri-altzariak jasoko dituzte
2021ko irailaren 16a
Bernardo Ciriza Lurralde Kohesiorako kontseilaria, irudiaren erdian, 
Etxarri Aranatzen Organicopak antolatutako sari-banaketaren bur izan da . 
Ekitaldian, saritutako herrietako eta Hondakinen Partzuergoa osatzen duten 
mankomunitateetako ordezkariak izan dira.
camera_alt Bernardo Ciriza Lurralde Kohesiorako kontseilaria, irudiaren erdian, Etxarri Aranatzen Organicopak antolatutako sari-banaketaren bur izan da . Ekitaldian, saritutako herrietako eta Hondakinen Partzuergoa osatzen duten mankomunitateetako ordezkariak izan dira.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Bio-hondakinen birziklapena handitzeko eta hobetzeko Nafarroako Gobernuak eta Hondakinen Partzuergoak 92 herritan bultzatutako ekimenari esker, batez beste % 24 igo da berreskuratutako materia organikoa bildutako kantitatea pisatu ahal izan den udalerrietan. Gainera, aurreko urteko datuekin alderatuta, gainerako edukiontzira botatako hondakinak % 15 murriztu dira, zabortegira zuzenean doan bolumena eta horren ondoriozko CO2 isurketa murriztuz.

Lurralde Kohesiorako kontseilari eta Nafarroako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari Bernardo Cirizak Etxarri Aranatzen parte hartu du udalerri arteko lehiaketa honetako herri irabazleei sariak banatzeko ekitaldian; hain zuzen ere, 300 tona plastiko eta kapsula birziklatu baino gehiagorekin egindako hiri-altzariak jasoko dituzte irabazleek, ekonomia zirkularraren prozesua osatzeko. 
Nafarroako Hondakinen Planean (NHP) ezarritako konpromisoa nabarmendu du Cirizak; hau da, 2027an, sortutako materia organiko guztiaren %70 bereiztea. Gaur egun, batez bestekoa %33koa da Nafarroan; beraz, kontseilariak Organikopa bezalako ekimenak azpimarratu ditu, herritarrak kontzientziatzera bideratuak. 
“Organikoparen lehen edizioa bere horretan amaitu da, baina erronkak aurrera jarraitzen du, eta hemen garrantzitsuena parte hartzea da, soilik joko-zelai bakarra dugulako, hots, gure lurra, eta denon ahaleginak bakarrik aukera emango digu hurrengo belaunaldientzat etorkizun eraginkorragoa eta iraunkorragoa lortzeko”, nabarmendu du Cirizak. Harekin batera izan dira sariak banatzeko ekitaldian Etxarri Aranatzeko alkatea, Silvia Marañon; Sakanako Mankomunitateko lehendakaria, David Oroz; Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusia, Jesus Mª Rodriguez; NILSAko kudeatzailea, Fernando Mendoza; eta Nafarroako hondakinen mankomunitate ezberdinetako ordezkariak. 


Herri irabazleak 

Lehen edizioa bi hilabetetan garatu da, eta 92 herrik hartu dute parte, hondakinen kudeaketako 11 erakundetan banatuak. Sariak eman zaizkie materia organiko gehien eta ondoen berreskuratu duten herriei parte hartutako zona bakoitzean, eskualde bakoitzean hondakinak biltzeko erabilitako sistemen berezitasunak kontuan hartuta. 
Araxes Garaiko Mankomunitatean, Arribe izan da irabazlea, eta, jarraian, Atallu eta Azkarate, bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Ekimen honetan zehar, mankomunitateak gainerakoen zatiko edukiontzietan botatako hondakinak gutxienez %15 murriztea lortu du; beraz, horrek esan nahi du inguruko bizilagunek gehiago birziklatu dutela. 
Baztanen bi lehiaketa egin dira aldi berean, herri bakoitzean bereizteko ezarritako ereduen arabera: bat konpostarena eta bestea edukiontzietan biltzea eta konpostajea. Edukiontzien bidez egindako kanpainan, herri handienak izan dira irabazleak; hots, Elizondo aurrena eta Oronoz eta Lekaroz ondoren. Konpostajeko kanpainan, berriz, herri txikiagoek irabazi dute, Anitz lehen postuan, Berroetaren eta Zigaren aurretik, hurrenez hurren. 
Bidausiko Mankomunitatean, Aintzioa izan da irabazlea biztanleek erakutsitako inplikazio handiarengatik. Aezkoako Hiriberri bigarren geratu da eta Aria hirugarren. 
Bortzirietan, Igantzik bildu ditu materia organikoaren kilo gehien biztanle bakoitzeko. Harekin batera, Bera eta Lesaka izan dira irabazleak, nahiz eta lehiaketa oso estua izan inguruko bost udalerriren artean. 
Iratiko Mankomunitateari dagokionez, lehen edizioan soilik Agoitzek hartu du parte, materia organikoa herrian etxez etxe eta sorgailu handiaren bidez biltzeko ibilbidearen bitartez. Kasu horretan, gaikako bilketan familia gehiagok parte hartzea izan da helburua, eta horrela gertatu da %13 gehitu baitira izena emandako etxeak. 
Mairagako Mankomunitatean, Garinoainek lortu du lehen saria, Murillo el Frutoren  eta Santacararen aurretik. Berreskuratutako materia organikoaren aldea oso estua izan da biztanle horien artean, eta mankomunitateak, oro har, bio-hondakinen bilketa %13 baino gehiago handitzea lortu du. 
Mendialdeako Mankomunitatean izan da parte-hartze handiena, 20 herrirekin, eta Errazkin herriak irabazi du, Astitzen eta Gorritiren aurretik. Kasu horretan, biztanle bakoitzeko materia organikoko kilo gehiago bildu dira herri txikietan handiagoetan baino. 
Jurramendiko Mankomunitatearen eremuan, hondakin zatikiko edukiontzien karakterizazioak egin dira aldizka, hondakin desegokien bilakaera nolakoa zen ikusteko, bereziki materia organikoa. Azketa herriak eskuratu du lehen saria, eta, ondoren, Urbiolak eta Iguzkitzak.