2021ko irailaren 10a

Nafarroak industrializazio eta robotika zentro nazionala izango du

Gainera, Chivite Lehendakariak eta Raquel Sanchez ministroak gaur goizean akordioa sinatu dute, eremu aeroespazialean I+G+b sustatzeko
Comparecencia de la Presidenta María Chivite y la Ministra Raquel Sánchez. Irudi galeria

Nafarroak eraikuntzaren industrializaziorako eta robotikarako zentro nazional bat izango du, sektore horretan aurrekaririk ez duen prestakuntza- eta ikerketa-instalazio bat, arlo horretan Europako erreferente izan nahi duena.

Horrela jakinarazi dute gaur goizean Nafarroako Lehendakari Maria Chivitek eta Garraio, Mugikortasuna eta Hiri Agendako ministroa den Raquel Sanchezek, Nafarroako Jauregian biek egin duten bilera instituzionalaren ondoren.

Zentro berritzailea Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Departamentuak bultzatu du, eta horren helburua da profesionalak trebatzea eta eraikuntza industrializatua ikertzea, eraikuntza modularrean faktore teknologikoak, digitalak eta robotizazio-arlokoak sartuta. Abian jartzeko, lankidetza-hitzarmena sinatuko dute laster Foru Gobernuak eta Ministerioak, eta parte-hartze paritarioa izatea aurreikusten da elkarren arteko kudeaketan eta finantzaketan, Next Generation funtsen eskutik.

Zentroa abian jartzeko eta kudeatzeko Foru Gobernuaren eta zentralaren arteko gobernantza beste eremu batzuetara zabalduko da ondoren, Chivite Lehendakariak nabarmendu duen moduan. Gainera, unibertsitate-zentroekin edo Europako zentroekin, sektoreko enpresekin eta erakunde profesionalekin lan egiteko prest agertu da.

Zentroak lanbide-heziketako lerro akademikoa izango du arkitekturan, ingeniaritzetan eta digitalizazioan, eta beste bat ikerketa-proiektuen arlokoa enpresekin elkarlanean. Helburua da sektorearen eredu ekonomikoa eta produktiboa eraldatzea erraztea, eraikuntzaren kalitatea, kostuen doikuntza eta eraikuntza iraunkorra areagotzen laguntzearekin batera.

Nafarroak eraikuntzaren industrializazioarekiko duen interesa ez da oraingoa. Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren barruan bultzaturiko Trantsizio Ekologikoaren Estrategian – Navarra Green, industrializazioan eta robotikan espezializatutako zentro bat sortzea jaso zen jada. Gainera, urtarrilean, Zuricheko Unibertsitate Politeknikoarekin lan egiteko asmoa iragarri zuen Foru Exekutiboak, hori bultzatzeko. Orain, dagoen aldea da Gobernu zentralak babesa eman duela Nafarroako proiektua estatu-mailan erreferentzia-zentro bilakatzeko.

Konpromisoa Prestazio Handiko Trenarekin

Nafarroako Gobernuak Prestazio Handiko Trenarekin (PHT) duen konpromisoaren berri eman du Chivite Lehendakariak; haren ustez, azpiegitura hori “funtsezkoa da bidaiarien eta merkantzien garraiorako”, eta aurreratu du “egun gutxi batzuk barru, horren inguruko berri onak eman ahal izango dituztela”.

Lehendakariaren ustez, halaber, PHT “garapen ekonomikorako tresna bat da, mugikortasun iraunkorragoa ez ezik, Espainiako gainerako herrialdeekiko eta Europarekiko konexioa eta komunikazioa ere bultzatzeko”. Gogoratu behar da Espainiako Gobernuak aurtengo aurrekontuetan 62 milioi euro bideratu dituela prestazio handien Nafarroako korridorerako, “erabateko mugarria azken urteetan”, Chivitek adierazi duenez.

I+G+b aeroespaziala sustatzea

Bestalde, Nafarroako Gobernuak, Barneko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, eta ENAIREk, Espainian aireko trafikoaren kudeatzaile nazionalak, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministeriora atxikiak, Jarduera Protokoloa sinatu dute Espainian arlo aeroespazialean I+G+B sustatzeko; hain zuzen ere, gaur goizean sinatu dute Nafarroako Jauregiko Gela Berdean Chivite Lehendakariak eta Sanchez Ministroak.

Protokoloaren bitartez, bi erakundeek elkarrekin lan egingo dute aire-nabigazioko zerbitzuak modernizatzen eta horien eraginkortasuna hobetzen, garapen teknologikoa lagundu eta Espainia Europako buru izan dadin zerbitzu aeronautikoak ematen.

Akordioaren asmoa da bi erakundeen arteko konpromisoa sendotzea; izan ere, beste aldi batzuetan baliabideak jada partekatu dituzte sektore aeroespazialean berrikuntza sustatzeko; esate baterako, ‘U-Space Navarra’ proiektuarekin. Proiektu horren ideia saritua izan zen nazioarteko SciencEkaitza 2021 lehiaketan, SE2021 OPEN Nasertic kategorian.

Jarduerak tripulatu gabeko aireko ibilgailuen eremuan egingo dira; hau da, dronak eta U-Space, ibilgailu horiek hegan egiteko hartzen den aireko espazioa. Elkarrekin parte hartuz garatuko dituzten jarduerak irtenbideen ikerketan eta prozeduren, tresnen eta prototipoen garapenean oinarrituko dira, Hiriko Aireko etorkizuneko Mugikortasunaren (HAM) sektorea garatzea bultzatzeko.

Nafarroaren konpromisoa

Foru Exekutiboak, Barneko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, aire-nabigazioko eta aire-espazioaren erabilerako zerbitzuei lotutako teknologia digital berrien ikerketa eta garapen zientifikoa sustatu eta babestu nahi du, ibilgailu autonomoen integrazioa eta eragiketa berriak erraztearekin batera.

2019az geroztik, lankidetzan ari da Administrazio Publikoko beste departamentu batzuekin (Herri Lanak, Ingurumenaren Zaintza, Tracasa), NUPekin, zentro teknologikoekin (Naitec) eta teknologia berriak erabiltzen, ikertzen, garatzen eta ekoizten dituzten Nafarroako enpresa pribatu ezberdinekin (Fuvex Aeródromo de Lumbier, ATR eta beste batzuk), teknologia horiek sustatzen eta ezartzen lagunduaz eta aholkularitza jasoaz.

Lankidetza hori Nafarroako Gobernuaren apustuaren ildo beretik doa, Espainia Europar Batasunaren abangoardian jartzen laguntzeko lankidetzak sustatzearren, sektorearen digitalizazioan eta deskarbonizazioan, nahiz zerbitzu digital aeronautikoen eskaintzan.

Puntako teknologia droneetan eta herritarren segurtasuna

Horren adibidea da, baita ere, aurrean aipaturiko ‘U-Space Navarra’ proiektua, Barneko Zuzendaritza Nagusiak zuzendutako lantalde publiko-pribatua. Bertan parte hartzen dute, halaber, NUP, Naitec, FuVex, Naturgy eta Sistemas de Navarra erakundeek, eta horren helburua da sektoreko atal ezberdinen baliabideak eta ezagutza partekatzea, herritarren segurtasunaren zerbitzura jarritako droneen teknologian probak eta berrikuntza garatzeko.

U-Space logistikak aukera ematen du larrialdietako droneen eta aplikazio profesionalak egiten dituzten droneen aldi bereko hegaldi koordinatua egiteko. Abuztuaren amaiera aldera, Nafarroako Gobernuak proiektu hori aurkeztu zuen Irunberriko Naitec-Aerodromoa droneen proba-zentroan; zentro hori EUROCONTROLek onartua da Espainian arlo horretan dauden zazpi proba-zentroetako bat bezala.

Topaketa instituzionala eta lan-bilerak

Nafarroako Lehendakari Maria Chivitek gaur goizean hartu du bere bulegoan Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroa den Raquel Sanchez. Jarraian, hainbat lan-bileratan parte hartu dute biek bi administrazioetako kideekin.

Zehazki, bigarren lehendakariordea eta Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria den Jose Mª Aierdirekin eta Nasuninsaren kudeatzaile Alberto Bayonarekin bildu dira, industrializazioaren zentro nazionalaren proiektuaz hitz egiteko. Ondoren, beste bilera bat egin dute Lurraldearen Kohesiorako kontseilari Bernardo Cirizarekin eta Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko zuzendari nagusia den Berta Mirandarekin. Bi bilera horietan parte hartu du Ministerioko Etxebizitza eta Hiri Agendaren idazkari nagusiak, David Lucasek.

ARGAZKI-OINA: Bilera Jauregiko Presidenteen Aretoan, ezkerretik eskuinera: Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria; Chivite Lehendakaria; Aierdi lehendakariordea; Alberto Bayona Nasuvinsako zuzendari kudeatzailea; Iñaqui Carnicero Hiri Agenda eta Arkitekturako zuzendari nagusia; David Lucas Hiri Agenda eta Etxebizitzako idazkari nagusia, Sánchez ministroa; ministroaren kabineteko zuzendari Ricardo Mar eta Nafarroako diputatu Santos Cerdán.