2021ko irailaren 8a

Europaren etorkizunari buruzko Konferentziaren harira, Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzionala onartu du

Europako herriak batzen dituzten balioak sendotzeko une erabakigarrian ospatzen ari dela azpimarratu du Exekutiboak
El Gobierno de Navarra aprueba una declaración institucional con motivo de la Conferencia sobre el futuro de Europa Irudi galeria

Europaren etorkizunari buruzko Konferentziaren harira, Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, honako adierazpen instituzionala onartu du:

“Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzia une erabakigarri batean iritsi da Europako herriak batzen gaituzten balioak sendotzeko: demokrazia, zuzenbide estatua, norbanakoen askatasunak, elkartasuna eta berdintasuna. Mende honetan aurrekaririk izan ez duen erronka kolektiboa dugu munduko osasun-krisiaren aurrean, hildako asko eta ondorio sozioekonomiko larriak ekarri baititu.

Egoera konplexu honetan, Europar Batasunak azkar erreakzionatu du NEXT Generation EU ezohiko neurrien paketearen bitartez. Pakete horrek pandemiaren ondorio negatiboei aurre egiteko eta ziklo jasangarriago eta erresilienteago bati ekiteko balio behar du.

Une ezin hobean gaude, beraz, zer izan garen, zer garen eta zer izan nahi dugun hausnartzeko, eta abagune egokia dugu etorkizuneko belaunaldientzat nahi dugun Europaren eredua elkarrekin eztabaidatzeko.

Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak adierazten du eztabaida horretan parte hartu eta eztabaida hori bultzatu nahi duela, eta konpromisoa hartzen du herritarren parte-hartzea aktibatu eta dinamizatuko duten ekimenak sustatzeko, 2022ko udaberrira arte ireki den hausnarketa- eta ekarpen-prozesuan.

Nafarroako Gobernuak bat egiten du erabat Europar Batasunaren ideia honekin: herritarrak funtsezko protagonistak dira Europaren etorkizunari buruzko eztabaidan, Europa behetik gora eraiki behar baita, pertsonengandik politika- eta gobernu-arduradunengana. Herritarren iritziak, proposamenak eta kritika konstruktiboak behar ditugu. Europar Batasuneko edozein herritarrek egin ditzake ekarpenak, horretarako gaitutako plataforman, honako hauei buruz: Europarentzat egokia den gizarte-eredua, babestu eta sustatu behar diren balioak, klima-aldaketari eta migrazio-fenomenoei aurre egiteko eta justizia soziala lortzeko modua, edo Europako demokraziak, azken batean, norantz eboluzionatu behar duen.

Nafarroa Europan pisu espezifikorik handiena duen ardatz estrategikoa da gobernu gisa hedatzen ari garen kanpo-ekintzaren barruan. Horregatik, Nafarroako herritarrak animatu nahi ditugu Europaren etorkizunari buruzko eztabaida honetan aktiboki parte hartzera, beren aniztasuna isla dadin; izan ere, ekarpen guztiek osatuko dute Nafarroaren ahotsa Europan, eta lagunduko dute proiektu komun bat elkarlanean eraikitzen”.