Ingurumenak Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako Ingurumen Sentsibilizaziorako kartel eta bideo lehiaketak antolatu ditu

‘Txangoan arrastorik utzi gabe’ lemapean, txapelketek naturara egiten diren irteeretan praktika onak sustatzea dute xede
2021ko abuztuaren 17a

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak sentsibilizaziorako “Ingurumenaren zaindariak” lehiaketa antolatu du 2021-2022 ikasturtean Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta. Kartelen lehiaketa Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailako ikasleei dago zuzendua, eta 2016tik egiten den Mikrobideoen lehiaketa DBHko ikasleei; horiek, gutxienez minutu bateko ikusentzunezkoa osatu beharko dute. Bi lanek naturara egiten diren irteeretan praktika onak sustatzea eta praktika txarrak saihestea du helburu.

Bi lehiaketen oinarriak Ingurumen zuzendari nagusiaren uztailaren 6ko 145/2021 Ebazpenean kontsulta daitezke.

Kartelak eta bideoak aurkezteko azken eguna urriaren 15a da, egun hori barne, eta bi lehiaketen goiburua hauxe da: "Txangoan, ez dut arrastorik uzten", 2030 Agendaren 15. Garapen Jasangarrirako Helburuarekin bat etorriz; zehazki, 15.5 puntua, "Habitat naturalen degradazioa eta biodibertsitatearen galera murriztea".

Oinarri arautzaileetan adierazten den bezala, "2020. eta 2021. urteak bereziki gogorrak izaten ari dira ikastetxeentzat pandemia dela eta, baina, era berean, biztanle guztientzat areagotu egin dira irteerak eta natura-ingurunearen gozamena". Gaineratzen da, oro har, "Biztanleria jakitun dela horrelako jarduerek natura-guneak kontserbatzeko behar dituzten jardunbide egokiez, baina une egokia da ingurunea, bertako biztanleak eta ekosistema zaintzeko eta errespetatzeko beharra azpimarratzeko".

Halaber, honako hau adierazten da: "Pandemiaren aurka borrokatzeko Erkidegoen itxitura perimetralen ondorioz, herritarrek beharrezkotzat jo dute naturarekin berriro konektatzea", nahiz eta batzuetan ez den modu "egokian" egin, adibidetzat jarriz "zenbait naturaguneren masifikazioa, landa-lurren okupazioa, hala nola aparkalekuak, partzeletara sartzeko eremuen buxadura, zaborrak, zarata", besteak beste.