Mila pertsonek gozatu dituzte Gazteriak antolatutako kanpaldiak

Nafarroako Gazteriaren Institutuak 22 kanpaldi zenbatu ditu uztailean, gehienak Erronkari bailaran eta Lizarrako merindadean 
2021ko abuztuaren 2a
Uztailean egindako kanpaldi bateko irudia.
camera_alt Uztailean egindako kanpaldi bateko irudia.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

1.000 pertsona, begiraleak eta parte hartzaileak zenbatuta, izan dira Nafarroako Gazteriaren Institutuak uda honetan, Nafarroako Foru Komunitatean gazteen jarduerak aire librean egitea arautzen duen 107/2005 Foru Dekretuari jarraiki, baimendu dituen 22 udalekuetan. Kanpaldiak ekainaren 27tik abuztuaren 7ra ospatu dira, Erronkari baialaran, Baztanen eta Zangoza zein Lizarrako merindadeetan. 

2020an, COVID-19aren aurkako neurriak medio, udako kanpaldiak bertan  behera geratu ziren, eta aurten, 2021ean, berriro abian jarri dira osasun-arloko zenbait akordiorekin; horrela, ez da kutsatze-kasu bakar bat ere izan, ez eta aipatzeko moduko gorabeherarik ere.

Beste neurri batzuen artean, Osasun Departamentuak, Osasun Kontseilariak emandako 19/21 Foru Aginduaren bidez, gehienez 60 gaztek parte hartzea eta monitore/parte-hartzaile ratioa 1etik 8rakoa edo baxuagoa izatea ezarri zuen. Era berean, aurtengo udan, etenda jarraitu dute ibilbideak egiteko administrazio-baimenek.

NGIko zuzendari kudeatzailea den Carlos Amatriain hainbat kanpamentutan izan da gazteriako teknikariekin batera, jardueren funtzionamendu zuzena egiaztatzeko eta parte-hartzaileen iritziak ezagutzeko, naturan aire libreko espazio horiek berreskuratzean. 12 eta 17 urte arteko gazteak Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Madrilgo Erkidegokoak dira.

2019an baimendu ziren azken aldik kanpaldiak pandemia aurretik, eta 4.000 lagunek parte hartu zuten Nafarroako Gazteria Institutuak sustatutako jarduera horietan.

Esker on orokorra

Ivan Asenjo Belaguako haraneko kanpaldietako batean parte hartu duen zuzendarietako bat da, Tolosako 31 urteko gaztea, eta adierazi du dena normaltasunez joan dela, nahiz eta edukiera murriztua izan eta maskara etengabe erabili behar izan. Itaka-Eskolapioak elkartearekin egiten du lan, eta bost eguneko bost txanda antolatu dituzte, eta bakoitzean 30 gaztek hartu dute parte. Nabarmendu du gazteek izugarri eskertu dutela: “Hainbat aldiz eman dizkigute eskerrak, sinestezina izan da; era horretako jardueraren bat behar zutela ikusi dugu, eta kanpaldiarekin izugarri gozatu dute”.

Asenjo zuzendari-lanetan hasi zen duela 10 urte, eta, lehen, denbora libreko begiralea izan zen. Gazteak adierazi du parte-hartzaileekin ohiko jarduerak egin dituztela kanpaldian: mendi-ibiliak, ludikoak eta gehiago hausnartzeko jolasak, harreman fisiko handiagoa eskatzen dutenak saihestuta. Halaber, higienea bereziki kontuan izan dute: eskuak garbitzea, garbiketa-sistema indartua eta aireztatu gabeko espazioak saihestea.

Horrez gain, burbuila-taldeak ezarri dira, gazteen bizikidetzarako nahiz garatutako jardueretarako, eta kanpin-dendako pertsona-kopurua murriztu da: lehen, zortzi lagun egoten ziren, eta uda honetan soilik bi.

Begirale gazteak esan du ahalegin hori familiek eskertu dutela, oso pozik geratu baitira beren seme-alabek parte hartzeko aukera izan dutelako; “gazteek asko sufritu dute, eta era honetako ekitaldiak behar zituzten”, amaitu du.

Nafarroako Gobernuaren dispositiboa segurtasuna bermatzeko

NGIko ordezkariez gain, Foruzaingoko eta Sepronako kideak izan dira kapaldian zehar bisitan, jarduera horiek behar bezala funtzionatzen zutela eta dagokion araudia betetzen zutela egiaztatzeko, batez ere osasun eta segurtasun arlokoak; hala nola, COVID-19aren aurkako neurriak, uraren tratamendu zuzena, elikagaiak biltegiratzea, komunak, suaren erabilera, ebakuazio-plana, ingurumena zaintzea, e.a.

NGIk guardiako langileak izan ditu eguneko 24 ordutan, SOS Nafarroarekin harremanetan, haizete, ekaitz edo tenperatura altuen aurrean deklara zitezkeen alerta meteorologikoen berri emateko helburuarekin. Gazteen elkarteek ere kontuan izan dituzte eguneko ibilbideak egiteko garaian.

Modu berean, baso-suteekin loturiko alertak kontuan hartu dituzte bereziki. Kanpaldien segurtasuna, horiek saihestera bideratua batik bat, udako baso-kanpainarekin koordinatzen da.