Chivite Lehendakariak PERTE energetikoa proposatu du, eta osasun-arloko profesional gehiago eskatu ditu lehen arreta indartzeko

Autonomia Erkidegoetako Presidenteen Konferentzia egin dute gaur Salamancan, eta nabarmendu du Nafarroa komunitate liderretako bat dela COVID-19aren kontrako pauta osoko txertaketan 
2021ko uztailaren 30a
collections Irudi galeria

Nafarroako Lehendakari Maria Chivitek gaur, ostirala, Presidente Autonomikoen XXIV. Konferentzian parte hartu du, Salamancako San Esteban Komentuan. Topaketan adierazi du Ekonomia Suspertu eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoa (ESEPE) bultzatu beharra dagoela, energia eolikoa barne hartuz, hidrogenoa eta biltegiratzea bezalako beste gai batzuez gain.

Lehendakariarekin batera izan dira Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza, eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz. Maria Chivitek osasun-arloko profesionalentzako plaza gehiago eskatu ditu, lehen arreta indartze aldera; aldi berean, nabarmendu nahi izan du Nafarroa egiten ari den ibilbidea COVID-19aren aurkako txertaketan, txertoa har dezakeen biztanleriaren %67 pauta osoarekin baitago, eta, beraz, lehen komunitateen artean aurkitzen da eta estatuko batez bestekoaren gainetik.

“PERTE bat eskatzen dugu, energia eolikoa eta hidrogenoarekin eta biltegiratzearekin loturiko proiektuak ere barne hartzen dituena. Gure ustez, garrantzitsua da, are gehiago egungo eta etorkizuneko egoera energetikoan, energia berriztagarrien aldeko apustuan berresten baikaitu” adierazi du Nafarroako Lehendakariak, eta Foru Komunitateak parte hartuko duen beste proiektu batzuk ere aipatu ditu.

Horrez gain, Maria Chivitek nabarmendu du “Nafarroa proiektu asko lantzen ari dela lankidetza publiko-pribatutik, baina, ezbairik gabe, baditugu ardatz estrategiko batzuk, eta horietan indartsuenetako batzuk kokatzen ditugu”.

Ildo horretan, automozioaren sektorea azpimarratu du, garrantzitsua izango baita ibilgailu elektrikoaren etorrera PERTEren esparruan, balio-kate osorako. “Gure komunitatea oso ondo kokatuta dago, eta baikorrak gara sektorearen etorkizunari eta dugun gaitasunari dagokienean, ederki egiaztatuta baitago, ekosistema berritzaile, lehiakor eta ausartarekin”, esan du.

Beste ardatz bat nekazaritzako elikagaien sektorearen ingurukoa da. Horren gainean esan du “baita ere PERTE espezifikoa izango duela, eta Ebro Food Valley bezalako asmo handiko proiektu bat dutela, hazten doana. Hemen ere baikorrak gara sektoreak izango dituen aukerak kontuan hartuta, Europako funtsen etorrerarekin, eta guk dugun kokapen onari dagokionean, jada egiten ari garen lanari eta konpromisoari esker”.

Txertaketa eta osasun-sistema indartzea

Txertaketari dagokionean, Lehendakariak honela gogoratu du: “Nafarroan, erritmo oso onean ari gara. Abuztua hasi nahi genuen txertoa har dezakeen biztanleriaren %70ak gutxienez dosi bat hartuta izanda, eta hori gainditu dugu, %76tik gora goaz eta. Eta estatuko batez bestekoa ere gainditu dugu pauta osoari dagokionean, %67tik gora baitira, eta ospitaletako batez besteko okupazioa, berriz, baxuagoa da”.

"Datozen egunetan", esan du, "12 urtetik 15 urtera bitartekoei txanda ematen hasiko gara, eta, aurreko kanpainan bezala, modu espezifikoan lantzen ari gara Nafarroara lanera etortzen diren sasoikako langileen txertaketa".

"Lurralde arteko kontseiluaren esparruari balioa ematen diogu, eta, gure ustez, baterako gobernantza eta hausnarketa partekatu horren adibide da”, adierazi du Lehendakariak. 

Erronka demografikoa

Erronka demografikoari dagokionean, Lehendakariak babesa eman dio Biltzar honetarako proposatutako akordioari. Gainera, gai horri zeharkako ikuspegia ematearen garrantzia azaldu du; garrantzitsua da, baita ere, administrazioen artean eta haien barruan koordinazio eta arintasun ona lortzea.

Maria Chivitek Nafarroako Gobernuak erronka demografikoaren inguruan landutako “ekimen mordoa” nabarmendu du; hala nola, zerbitzuak eta azpiegiturak hobetzea, inbertsioak, tokiko finantzaketa-sistema berria diseinatzea, mugikortasuna, ekintzailetza eta berrikuntza soziala, besteak beste, Herri programarekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin (NUP) egindako Landa Erasmusekin.

Halaber, adierazi du "osasun-profesional gehiago behar izateak lotura handia duela erronka demografikoarekin, landa-eremuetan osasun-zerbitzu onena eman behar delako; izan ere, zerbitzu publiko onak edukitzea eta horiek eskuragarri egotea, eremu horietan biztanleria finkatzeko eta horietara erakartzeko gakoa da”.

Baterako gobernantzaren aldeko apustua Espainia anitzean

Nafarroako Lehendakaria pozik agertu da Espainiako Gobernuaren eta Autonomia Erkidegoetako Exekutiboen artean ezarritako kogobernantza ereduarekin. “Parte-hartzea, elkarrekin elkarlanean gobernatzeko eredua, errespetutik eta leialtasunetik, eta autogobernuan aurrera egitea, herrialde bezala ditugun indarrak dira. Eta inoiz baino gehiago behar dira pandemia-garaian eta orain aurrean dugun garaian, ereduaren eraldaketan eta suspertze sozial eta ekonomikoan”, adierazi du. Amaitzeko, honela esan du: “Nafarroa dagoen tokian egongo da, ekarpenak egiten, elkartasunetik eta herritarrekiko konpromisotik. Eta komunitateok elkarlana egin behar dugula sinetsi behar dugu, guztiok ongi ibili gaitezen. Ez dugu ulertzen aurrera nola egin daitekeen baztertzeko terminoetan edo arrakala sozial edo lurralde-arrakalan, lankidetzaren eta kohesioaren aldetik aurrera egin behar dugulako”.

Azkenik, Lehendakariak gaineratu du “ezer ez dela adimen kolektiboa baino inteligenteagoa” eta Nafarroa beti prest dagoela oparotasunaren eta guztion ongiaren alde lan egiteko.