Nafarroako Gobernuak Hiruko Ituna hitzarmena onartu du 2021-2025 denboraldirako

Dokumentuan, Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskararen Erakunde Publikoa-Office Public de la Langue Basque erakundearekin hizkuntza-politikaren arloan lankidetzan aritzeko oinarri berriak finkatzen dira, eta 2017an hasitako lankidetzari jarraipena ematen dio

2021ko uztailaren 28a

Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran onartu du Hiruko Ituna hitzarmena; hau da, hizkuntza-politikaren arloan, Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskararen Erakunde Publikoa-Office Public de la Langue Basque erakundearekin lankidetzan aritzeko oinarriak finkatzen dituen akordioa, eta legegintzaldi honetarako Programa Akordioa betetzen duena; bertan, konpromisoa hartu zen erakundeekiko lankidetza-hitzarmenei jarraipena emateko eta hizkuntza propioak dituzten autonomia-erkidegoekin eta Europako erkidegoekin koordinazio-lanak egiten jarraitzeko. Arlo horretan, hiru erakundeen arteko lotura lehen aldiz instituzionalki gauzatu zen 2017. urtean; beraz, modu horretan, lanerako partekaturiko bide hori berretsi da.

Akordioa urtero gauzatzen da elkarren arteko segidako planetan, eta ez dakar inolako betebehar ekonomikorik hiru administrazioentzat. Akordioaren helburu nagusia da arlo horretan mugaz gaindiko lankidetza garatzeko borondatea berrestea nahiz erakunde-mailako harreman iraunkorrak sendotzea, kontuan izanik hiru erakundeen arteko lankidetza gomendagarria dela, bikoiztasunak eta alferrikako gastuak saihesteko, eta, era berean, kudeaketan ahalik eta eraginkortasun handiena lortzeko.

Akordioa datorren asteetan sinatuko dute Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta beste bi eskualdeetako hizkuntza-politiketako arduradunek.