Ingurumeneko Departamentuak 223.000 euroko diru-laguntzak emango ditu ehiztarien tokiko elkarteentzako

Deialdi honen xedea da ehizazainak kontratatzea, kalteak prebenitzea eta ehiza espezieen habitata hobetzea
2021ko uztailaren 23a

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak 223.000 euro erabiliko ditu tokiko ehiztari elkarteei laguntzak emateko, ehizazainak kontratatzeko, kalteak prebenitzeko eta espezie zinegetikoen habitata hobetzeko. Horrela jasotzen da Ingurumeneko zuzendaritza nagusiaren ebazpen batean, gaur ostirala, uztailak 23, Nafarroako Aldizkari Ofizialen argitaratuta. 

Zehazki, ehizazainak kontratatzeko laguntzaren helburua da barrutietan beren baliabide naturalak kudeatzeko eta mantentzeko beharrezko zaintza modu egonkorrean egon dadin laguntzea. Ehiza jarduera iraunkorra izateko tresna lagungarritzat hartzen da ehizazaina, bereziki Nafarroa bezalako kasuetan, non ehiza jarduera basa faunako populazioetan oinarritzen baita. Ehizazainei eskatzen zaien prestakuntzak, barnean direla ekosistemei eta basa faunari buruzko ezagupenak, bermatu behar du titularrek egiten duten ehizaren kudeaketak babes teknikoa duela.

Orobat, ehizazaina funtsezko elementua da kudeaketaren arloan, batzuetan ehizazaina baita landa-inguruneko eragileen arteko zubi lana ongien egiten duena, hala nola barrutiaren kudeatzaileen eta nekazari eta abeltzainen artean.

Kalteak prebenitzeko eta ehiza-espezieen habitatak hobetzeko laguntzen xedea da ehiza-espezie jakin batzuek nekazaritzako eta basogintzako habitatetan eragiten dituzten kalteak txikiagotzea edo murriztea eta habitatek espezie horiek hartzeko duten ahalmena hobetzea.

Eskaerak abuztuaren 21era arte aurkez daitezke.