Osasun Departamentuak datozen egunetarako kontuz ibiltzeko gomendatu du, tenperatura altuak direla eta

Ostegunean 40 ºC-ko maximoak eta 23 eta 18 ºC-ko minimoak espero dira Tuteran eta Iruñean, hurrenez hurren

2021ko uztailaren 20a

Nafarroako Osasun Publikoaren  eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) gogorarazi du arreta handiz ibili behar dela bihar, asteazkena, Ebroko Erriberan tenperatura altuengatik (37,9 ºC-ra iritsiko da maximoa eta 21,9 ºC-ra minimoa) alerta horia ezarriko baitute. Alerta ostegunean zabalduko da Nafarroan.

Egun horretarako gaurko iragarpenen arabera, maximoak 40 ºC-ra iritsi daitezke; minimoak, aldiz, 23 ºC ingurukoak izango dira Tuteran eta 18 ºC-tik gorakoak Iruñean. Datozen egunetako bilakaeraren arabera, alerta-maila alda daiteke.

Hori dela-eta, NOPLOIk gomendatzen du ur gehiago edatea, egarri-punturik gabe ere, ahalegin fisiko handiegirik ez egitea batez ere bero handieneko orduetan (12:00etatik 17:00etara bitartean) eta eguzkitan ez egotea bereziki 65 urtetik gorako pertsonak, 4 urtetik beherako haurrak, haurdun edo edoskitze naturaleko egoeran dauden emakumeak, langileak eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak.

Gehiegizko beroak giza gorputzaren bizi-funtzioak alda ditzake, gorputza tenperatura-aldaketak konpentsatzeko gai izan gabe. Ondorioz, ura eta elektrolitoak galtzen dira, eta horrekin kalanbreak, deshidratazioa, intsolazioa edo bero-kolpea izan ditzake pertsonak, osasun-arazo larria eraginaz edo, baita heriotza bera ere.

Esfortzurik ez egin bero handieneko orduetan

Osasun Publikoak eguzkitik babestea gomendatzen du, kalera soilik beharrezkoa denean irtetea, eta, bereziki, gehiegizko esfortzurik ez egitea bero handieneko orduetan. Halaber, alkoholdun edariak, kafeinadunak edo azukredunak ez kontsumitzea aholkatzen du; espazio freskoetan egotea edo ur epelarekin edo hotzarekin dutxatzea; bisera edo gorputzaren zatirik handiena estaltzen duten arropa lasaiak erabiltzea, kotoi edo lihoa bezalako ehun arinak eta transpiragarriak; eta aparkatutako ibilgailuen barruan zenbat denbora igarotzen den kontuan izatea, leihatilak irekita izan arren, batez ere adingabeak, adinekoak edo animaliak direnean.

Lantokietan, funtsezkoa da arreta handiz ibiltzea, beroa medio estres termikoaren arriskua murrizteko. Sinkopeak, edemak, kalanbreak edo beroak eta/edo bero-kolpeak eragindako nekea izateko aukera handiagoa da tenperatura eta hezetasun erlatibo altuekin, esfortzu fisiko handiagoa eskatzen duten lanpostuetan lan egitean edo beroa uxatzea eragozten duten arropa edo norbera babesteko ekipamendu jakin batzuk erabili behar direnean.

Hori dela-eta, oinarrizko gomendioa da ordutegiak baldintza klimatologikoetara egokitzea; eguzkitan egoteko denborak murrizten ahalegintzea, arrisku-maila okerragotu daitekeelako; lanak antolatzea, karga fisiko handienekoak ordu freskoenetan egiteko; lan pisutsuak lan arinekin txandakatzea; langileari lanerako erritmoa egokitzeko aukera ematea, beroarekiko duen tolerantziaren arabera; eta atsedenaldiak gehitzea edo, hobeto, atsedenaldi laburrak eta ohikoak egitea, atsedenaldi luzea baino.

Halaber, osasun-zerbitzuekin harremanetan jartzea gomendatzen da sukar handia agertuz gero, konortea aldatzen bada, zorabioa gertatzen den kasuan edo portaera-aldaketa izanez gero.

Hiru alerta-maila

Beroaren gaineko alerta-mota horiek Nafarroan gehiegizko tenperaturek osasunean duten eragina Prebenitzeko 2021eko Planean sartzen dira; plana pasa den ekainaren 1ean aktibatu zen, eta, oro har, irailaren 15era arte luzatuko da. Plana Osasun Ministerioarekin elkarlanean egin zen, gehiegizko tenperaturekin lotutako arriskuak murrizteko helburuarekin.

Modu horretan, erreferentzia gisa 36 ºC-ko maximoak eta 18 ºC-ko minimoak ezartzen dira Nafarroan, Erribera kenduta, erreferentziazko minimoa altuxeagoa izanik; hots, 21 ºC. Maximoaren eta minimoaren atalaseak batera gainditzen direnean, hiru alerta-maila aktibatzen dira: 1 (alerta horia, arrisku txikia), atalase horiek egun batean edo bitan gaindituko direla aurreikusten bada; 2 (alerta laranja, tarteko arriskua) hiru edo lau egun izanez gero; eta 3 (alerta gorria, arrisku handia), 5 egunetik aurrera.