Descárgate la app
Autonomoentzako eta enpresentzako 67 '6 milioiko laguntza zuzenak eskatzeko epea bihar, asteartea irekiko da
2021ko uztailaren 19a
Autonomoentzako eta enpresentzako 67 '6 milioiko laguntza zuzenak eskatzeko epea bihar, asteartea irekiko da
COVID-19aren pandemiak eragindako mila jarduera ekonomiko ezberdinetako enpresek eta profesionalek 67,7 milioi euroko laguntza funtsa jaso ahal izango dute bihartik (uztailak 20) aurrera, kaudimena hobetzeko. Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eta Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Enpresa Garapeneko hilaren hasieran iragarri zituzten laguntzak jasotzeko baldintzak, Nafarroako Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu duenez.
Lehen balioespenen arabera, estatu-funts hau Foru Komunitateko 12.500 enpresa eta profesional baino gehiagok eskuratu ahal izango dute. Laguntzak eskatu ahal izateko epea abuztuaren 20ra bitarte luzatuko da, eta soilik telematikoki egin beharko da eskaera, Nafarroako Gobernuaren Atariko Izapideen Katalogoan dagokien fitxaren bitartez, Cl@ve identifikazio-sistema edo Ziurtagiri Digitala erabilita. Epe horretan 67,7 milioi agortuko balira, Nafarroako Gobernuak aparteko partida bat jarriko luke, beste 72,3 milioi euroko mugarekin, aurkeztutako eskaerei aurre egiteko.
COVID-19aren pandemiak bereziki kaltetutako negozioentzat dira laguntzak. Beraz, zenbateko gehiena, 2019arekin alderatuta, 2020an %30etik gora jaitsi zaien jarduera-bolumena izan duten enpresentzat izango da. Horretarako, kontuan hartuko da 2020an BEZan aitortutako eragiketa-kopurua edo Administrazioak egiaztatutakoa. Dena den, aurreikusitako sektoreen edo jardueren barruan, PFEZan zenbatespen objektiboaren araubidea aplikatzen duten enpresaburuek edo profesionalek ere eskuratu ahal izango dituzte laguntzak.
Laguntzak erabili beharko dira zorra ordaintzeko eta hornitzaileei eta beste hartzekodun batzuei ordaintzeko dauden ordainketak egiteko (finantzarioak nahiz ez finantzarioak). Beste batzuen artean, zerbitzuak edo hornidurak, soldatak eta errentamenduak ordainduko dira edo zorra murriztuko da, betiere gastu horiek jarduera ekonomikoaren beraren ondorio badira eta 2020ko martxoaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitarte sortu badira, 2021eko martxoak 13 baino lehen egindako kontratuen ondorioz.
Laguntzen zenbatekoa 3.000 euro ingurukoa izango da PFEZan zenbatespen objektiboaren araubidea aplikatzen dutenentzat, eta 4.000 eta 200.000 euro artekoa diru-sarrerak %30 baino gehiago jaitsi zaizkiela aitortzen dutenentzat. Modalitate honetako urkila justifikatzeko, kontuan hartuko dira izandako murrizketa eta norberak dituen establezimendu- eta langile-kopurua.
Deialdian sartzen dira, halaber, 2019ko urtarrilaren 1etik 2020ko martxoaren 31ra bitartean alta emandako enpresak edo profesionalak, edo bi ekitaldietakoren batean urtebete baino gutxiagoz altan egon direnak, nahiz 2019ko urtarrila eta 2020ko abenduaren 31 artean merkataritza-sozietatearen egiturazko aldaketak egin dituzten enpresak. Kasu horietan, laguntza gehienez 3.000 eurokoa izango da PFEZren zenbatespen objektiboa aplikatzen zaienentzat eta 4.000 eta 30.000 euro artekoa zenbatespen hori aplikatzen ez zaienentzat, enplegatutako pertsona-kopuruaren arabera.
Sektore gehiago
Ahalik eta enpresa-kopuru handienera iritsi ahal izateko, Nafarroako Gobernuak jardueren sektore eta azpisektore gehiagori eskaini die laguntzak eskuratzeko aukera deialdi honetan. Horrela, Exekutibo nagusiak aurreikusitako hartzaileei beste hainbeste gehitu dizkie Foru Gobernuak, eta, beraz, laguntza mila jarduera ekonomiko baino gehiagok eskura dezakete.
Modu horretan, bi zerrenda prestatu dira deialdian, jarduerei dagokien EJSNrekin. Horien artean, esate baterako, honako hauek nabarmentzen dira, besteak beste: jarduera komertzialak eta turistikoak, makinarien eta lokalen alokairua, eta eraikuntza, irakaskuntza, komunikazioa, osasuna eta nekazaritzarekin loturiko lanbideak.
Laguntzak eskuratu ahal izateko, eskaera egiten duten enpresek edo pertsonek helbide fiskala Nafarroan izan beharko dute eta deialdian jasotako EJSNren batean sartuta egon. Horrez gain, zenbait konpromiso beren gain hartu beharko dituzte; hala nola, jarduerarekin jarraitzea 2022ko ekainaren 30era bitarte, 2021ean eta 2022an dibidendurik ez banatzea eta goi zuzendaritzaren ordainsarietan igoerarik ez onartzea laguntza jaso eta gutxienez hurrengo bi urteetan zehar.
Nafarroako Gobernuak kontsultak egiteko telefono bat jarri du (848 43 33 00), galdera eta erantzunen dokumentu bat egitearekin batera, eskatzaileen artean sor daitezkeen zalantzak argitzearren.