Descárgate la app
Gazteriak 33 proiektu hautatu ditu Arte Gaztearen 2021eko Topaketetarako
2021ko uztailaren 5a
Gazteriak 33 proiektu hautatu ditu Arte Gaztearen 2021eko Topaketetarako
Arte Gaztearen Topaketen XXXVII edizioan guztira 33 proiektu izango dira lau modalitate ezberdinetan: arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak eta musikak, diseinua eta literatura. Programa Nafarroako Gazteria Institutuak (NGI) bultzatzen du, eta, aurten, guztira 87 proposamen artistiko aurkeztu dituzte 14 eta 30 urte arteko gazteek.
Topaketei irailean emango zaie hasiera Uharte Zentroan diziplina arteko zenbait tailer artistiko eginez, eta urrian amaituko dira jaialdi batekin; bertan, programari amaiera emateko hautatutako 33 proiektu erakutsiko dira. Tailerrak parte hartzen duten artistentzat nahiz herritarrentzat oro har izango dira.
Arte Gaztearen Topaketetan artearen genero eta lengoaia ezberdinen arteko bizikidetzaren aldeko apustua egiten da, gazteen sormenerako beharrezko baliabide moduan hartuta, proiektu artistiko bat egiterakoan. Topaketen ibilbideak bere ikusmoldea aldatzen jarraitzen du, egungo artearen errealitatearen inguruko irizpide gehiagoetara eta testuingurura egokitzeko. Programaren helburua da lankidetza-lana eta artearen sormena sustatzea, proiektuak trukatuaz, eta modalitate artistiko ezberdinen erlaziotik etorritako kontaktuak sortzea.
Programaren aurrekontua, aurten, 108.000 eurokoa denez, 2020ko edizioan baino 15.000 euro gehiago ditu. Epaimahaiak hautatutako 33 proiektuk 600 euro jasoko dituzte. 33 proposamen horietatik, gainera, epaimahaiak 8 irabazle hautatuko ditu, aurkezpena, orijinaltasuna eta balio artistikoa aintzat hartuta. 8 finalistetako bakoitzak beste 1.050 euro jasoko ditu, eta NGIk Nafarroako geografiako 2021eko jaialdi eta ekitaldien programazioan sartzea erraztuko du, obra artistikoak erakutsi eta ekoiztu ahal izateko.
Epaimahaiaren laguntza hautatutako proiektuentzat
Hautatutako proiektuak egin dituzten pertsonek modalitate bakoitzeko epaimahaiko kideen laguntza eta segimendua izango dute. Lanak aurkeztu bitarte, bilera telematikoak egingo dituzte alderdi artistiko eta kontzeptuzko alderdiei buruzko kontsultak eta zalantzak argitzeko.
Uharte Zentroan tailer artistikoak egingo dira irailean
Aurreko edizioetan bezala, Arte Gaztearen Topaketen programan, zenbait tailer antolatuko dira irailaren 17tik urriaren 3ra bitartean, programan parte hartuko dutenentzat nahiz herritarrentzat oro har. Uharte Zentroan emango diren tailerrak doakoak izango dira, eta izen-ematea zentroan bertan egin behar da. Prestakuntza eskaintzeaz gain, tailerren helburuak dira beste lan-prozesu batzuk ezagutzera ematea, arte gaztea bistaratzea eta komunitate artistikoaren sorrera sustatzea.
Artearen inguruko jaialdia Topaketei amaiera emateko
Arte Gaztearen 2021eko Topaketen jaialdia urriaren 15etik 17ra bitarte egingo da, eta edizio honetan hautatutako proiektu guztiak batzeko eta erakusteko balioko du. Uharte Zentroak programan parte hartuko duten eta interesatuta dauden artista guztiak hartuko ditu, eta erakusketa, proiekzio, emanaldi eta kontzertuez gozatu ahal izango dute. Jaialdia amaitzeko, hautatutako proiektuen sariak banatuko dira.