Loiti Gaineko Memoriala eta Elizondoko erbestealdi nafarraren inguruko memoria-espazioa, Nafarroako Memoria Historikoaren Leku berri gisa proposatuak

Memoria Historikoaren Arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak oroimenerako bi leku berri proposatu ditu
2021ko ekainaren 29a
Memoria Historikoaren Arloko Koordinazio Batzorde Teknikoaren bileraren une bat.
camera_alt Memoria Historikoaren Arloko Koordinazio Batzorde Teknikoaren bileraren une bat.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria buru den Memoria Historikoaren Arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak, beste bilera bat egin du gaur goizean, eta, bertan, aldeko txostena egitea onartu da, Nafarroako Gobernuak hala erabakita, Loiti Gaineko Memoriala eta Nafar Erbestealdiari buruzko Oroimenerako Gunea Nafarroako Memoria Historikoko leku berri izendatu eta izena eman dezaten.

Espedienteen entzunaldi- eta jendaurreko informazio-izapideak amaitu ondoren, Batzorde Teknikoak egiaztatu du bete egin dela Nafarroako Memoria Historikoaren Lekuei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean eskatutako deklarazio- eta inskripzio-prozedura. Horrela, nahitaezko txosten loteslea egin du dagokion deklaraziorako eta erregistro-inskripziorako.

2017. urtean, Memoriaren Lekuen Behin-behineko Errolda onartu zuen Batzordeak; bertan, guztira, 23 leku jasotzen ziren, 1936ko kolpe militarraren ondoren egindako giza eskubideen urraketekin edo biktimen memoriarekin eta erreparazioarekin duten erlazio ezberdinarengatik: Sartagudako Memoriaren Parkea, Eloko Tejeriako Hilobia edo Otsoportilloko amildegia, Urbasako Mendilerroan, besteak beste.

Leku horiek Memoriaren Leku aitortzearen helburua da horiek babesteko, kontserbatzeko, seinaleztatzeko eta hedatzeko lan egitea, memoriaren eta bake eta bizikidetza bezalako balioak transmititzearen espazio bilakatze aldera, gertatutakoa oroitu eta gertaera haiek berriro gerta ez daitezen.

Memoria Historikoaren arloan egindako jardueren balantzea

Aipatu bileran, azken hilabeteetan memoria historikoaren arloan garatutako jardueren balantzea ere aurkeztu da, eta, Hobitik ateratzeko Planaren barruan, honako hauek nabarmendu behar dira: Altsasu, Ripa, Lerin I eta II, Ziaurritz, Orgi eta Azotzeko prospekzioak eta Leteko deshobiratzeak.

Honako hauen berri eman da: DNA Bankuan irekitako 268 espediente eta hiru pertsonaren gorpuzkien identifikazio berriak, haien senideei emandakoak; Club Atletico Osasunarekin lotutako eta 1936ko kolpe militarraren ondorioz errepresaliatuak izandako langile, zuzendari eta jokalariei egindako omenaldi-ekitaldia; Jose Alfaro edo Gerardo Lizarraga erbesteko artistei eskainitakoak bezalako erakusketak, Ormigoizko Mugak, behartutako lanei buruzkoak; Lur Azpian bezalako deshobiratzeei buruzko erakusketa birtualak, Gerardo Lizarraga beraren inguruan edo kontzientzia-eragozpenaren edo intsumisioaren mugimenduen inguruan.

Halaber, Erbestearekin zerikusia duten beste jarduera batzuen berri eman da; hala nola, Gerardo Lizarragari eskainitako liburuaren argitalpena; Memoriadun Irudien Ikus-entzunezko III. Topaketa, dokumentalen zuzendarien presentzia eta guzti; edo on line egindako Nazioarteko Jardunaldiak, Nafarroako erbestealdiari buruzko aditu ezagunekin.

Horrez gain, jakinarazi dute Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Memoriadun Eskolen Sarea sortu dela, Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean; Dokumentazio Zentroan ere aurrerapen berriak egin dira funts berrien digitalizazioarekin, Nafarroako intsumisioari buruzko argazkiekin, Boomerang proiektuarekin loturiko elkarrizketekin edo frankismoaren errepresioaren senitartekoei egindako elkarrizketen indexazioarekin.