Gobernuak 540.000 euro bideratu ditu Nafarroako nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan energia-eraginkortasuneko jarduerak egiteko

Laguntzak 2021eko abenduaren 31ra arte eska daitezk

2021ko ekainaren 11a

Nafarroako Gobernuak, Industria, Energia eta S3 Proiektu Estrategikoetako Zuzendaritza Nagusiaren bidez, laguntza-programaren deialdia egin du, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan energia-eraginkortasuneko jarduerak egiteko 2021. urtean. Diru-laguntza hasieran 540.000 eurokoa izango da, eta bat dator Nafarroako 2030 Energia Planaren helburuekin. Modu horretan, energiaren kontsumoa arrazionalizatzeko eta energia berriztagarrien bidez energia-ekoizpena handitzeko ekintzak sustatuko dira. 

Eskaerak gaurtik hasi eta 2021eko abenduaren 31ra bitarte egin daitezke Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Izapideen Katalogoko laguntzen fitxan

Laguntza hauen onuradun honako hauek izan daitezke: pertsona fisiko edo juridikoak, izaera pribatu edo publikokoak, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategi baten titularrak; ureztatzaileen komunitateak eta ureztatzeko uraren kudeaketa komunerako beste erakunde batzuk edo nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzeko beste erregai eta energia-iturrien erakundeak; energia elektrikoa behar duten ureztatze-sareak dituzten nekazaritza ustiategietako titularrak; nekazaritzako ekoizleen edozein erakunde edo elkarte; energia berriztagarrien komunitateak eta energiaren herritar komunitateak eta zerbitzu energetikoen enpresak edo zerbitzu horien hornitzaileak.

Zuzkidura ekonomikoa bi jarduera-motatan banatuko da: 300.000 euro ureztatze-instalazioetako energia-eraginkortasuna hobetzeko, eta 240.000 euro nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan energia-eraginkortasuna optimizatzeko eta energia berriztagarriak erabiltzeko.

Ekintza bakoitzeko laguntza gehienez 80.000 eurokoa izango da, lehen ekintza motarako, ponpaketa-ekipamenduak berritzeagatik, energiaren azken kontsumoa eta CO2 isurtzeak murrizteko, nahiz bigarrenerako, energia termikoa, elektrikoa eta nekazaritzako eta abeltzaintzako berezko prozesuak kontsumitzen dituzten ustiategiak eta instalazioak berritzeko jarduerak egiteko, energiaren azken kontsumoa eta CO2 isurtzeak murriztearren.

Laguntzek izaera pizgarria dutenez, soilik onartuko dira laguntza-eskaera erregistratutako egunaren ondoren hasitako jarduerak, eskaera aurkezteko edo dagozkion inbertsioak burutzeko beharrezkoak diren prestaketei dagozkien kostuak alde batera utzi gabe; hala nola, proiektuak, memoria teknikoak edo ziurtagiriak, diru-laguntza izan dezaketenak, aurretik fakturatuak izan arren.

Ekainaren 16an, asteazkena, 12:00etan, informazio-saioa egingo da online. Parte hartu nahi izanez gero, posta elektronikoa bidali behar da energia@navarra.es helbidera, eta, ondoren, saioan sartu ahal izateko inprimakia jasoko da.