2021ko ekainaren 4a

Chivite Lehendakariak Nafarroak zientziarekin duen konpromisoa jakinarazi dio Duque ministroari, aurten errealitate izango den plan baten bidez

Gaur goizean Zientzia eta Berrikuntza Ministerioan egindako bilera batean, Foru Komunitateak I+G+b arloan garatutako ekintzak aztertu dituzte
Chivite Lehendakaria eta Duque ministroa bildu dira gaur.
Chivite Lehendakaria eta Duque ministroa bildu dira gaur.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernua Nafarroako 2021-2024 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren xehetasunak prestatzen ari da. Plan hori izango da Foru Komunitatean I+G+b arloko politikak planifikatzeko eta koordinatzeko tresna nagusia datozen 4 urteetan, eta 2021eko irailaren amaierarako amaitzea aurreikusten da. Hala adierazi dio gaur Maria Chivite lehendakariak Pedro Duque Zientzia eta Berrikuntza ministroari, Nafarroak I+G+Brekin duen konpromisoa azpimarratuz.

Chivite Lehendakaria eta Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Juan Cruz Cigudosa bildu dira gaur Duquerekin Ministerioaren egoitzan, Nafarroan zientziaren eta berrikuntzaren arloan garatutako ekintza ezberdinei buruzko informazioa emateko. Bilerak balio izan du, Lehendakariak zehaztu duen moduan, “I+G+b planifikatzerakoan eta Europako eta aurrekontuetako funtsak horretarako jartzerakoan, Ministerioarekin eta ministroarekin duten erabateko sintonia” agerian uzteko.

Zientzia Planaren zirriborro aurreratua aurkezteaz gain, beste gai batzuen artean, ondorengoak jarri ditu mahai gainean Lehendakariak: I+G+b-ren plan osagarriak, Nafarroako Osasun Ikerketa Institutuarekin (IdiSNA) duten hitzarmena berritzea eta Nafarroako I+G+b arloko Aholkularitza Kontseilua sortzea. Azken hori aste honetan bertan aurkeztu du Cigudosa kontseilariak Berrikuntzako Idazkari Nagusia den Teresa Riesgorekin batera.

Bestalde, Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuaren (IdiSNA) garapen-maila aztertu du Lehendakariak Duque ministroarekin, eta lankidetza publiko-pribatuak oro har eta zentro horretan bereziki dakarrena partekatu dute. 

Era berean, Foru Komunitateak esku hartzen duen I+G+b arloko plan osagarrien heltze-egoera aztertu dute. Plan horiek Ministerioak emandako tresnak dira Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez, Autonomia Erkidegoekin batera gobernatzeko eta koordinazio-lanak egiteko, zientzia eta berrikuntza arloko politiketan.

Testuinguru horretan, bilerak balio izan du Nafarroak energiarekin lotutako proiektuetan duen paper garrantzitsua azpimarratzeko, hidrogeno berdearen aldeko apustua eginaz, eta nekazaritzako elikagaien industriaren balio-katearen berrikuntzaren bidez. Esparru horretan, funtsezkoa da berrikuntza-hub bat sortzea, Ebro Food Valley proiektuarekin Nafarroan sektore horretan dauden zentro teknologiko eta ikerketa-zentro ezberdinak integratzeko.