2021ko maiatzaren 10a

“PIRIBUS, Pirinioetako bihotzera bidaia” erakusketa ibiltaria Iruñean izango da datorren maiatzaren 23a bitartean

Publiko guztiari zuzendutako aldaketa klimatikoaren eta bioaniztasunaren inguruko ekintzak izango dira
camera_alt Deskargatu irudia collections Irudi galeria

“PIRIBUS, Pirinioetako bihotzera bidaia” erakusketa ibiltaria Iruñean izango da gaurtik, maiatzak 10, maiatzaren 23a bitartean. Bertan, publiko guztiari zuzendutako ekintzak egingo dira aldaketa klimatikoaren eta bioaniztasunaren inguruan.

Interesatuek Sarasate pasealekuan jarrita dagoen erakusketa bisita dezakete astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta igandeetan, 11:00etatik 14:00etara. Gainera, ordutegi horretan bisita gidatuak eskainiko dituzte ingurumen-arloko hezitzaileek. PIRIBUS erakusketaren edukiak bost hizkuntzatan eskaintzen dira: gaztelaniaz, euskaraz, okzitaniera-araneraz, katalanez eta frantsesez.

Ekimen honetan, Nafarroako Gobernuak parte hartzen du Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN-NIK) sozietate publikoaren bitartez, Pirinioetako mendigunearen bi aldeetako beste bost bazkiderekin batera: LPO Frantzia, Kataluniako Generalitatea, Fundació Catalunya la Pedrera, l’Institut d’Estudis Andorrans CENMA eta SEO/Birdlife. PIRIBUS mugaz haraindiko POCTEFA ADN Pyrénées lankidetza-proiektuan sartuta dago.

Erakusketa Foru Exekutiboaren Ingurumeneko zuzendari nagusia den Pablo Muñozek aurkeztu du, eta honela nabarmendu du: “mugaz gaindiko kontsortzio honetan modu aktiboan parte hartu eta hemen gaur, ia bi astez, PIRIBUS erakusketa jaso ahal izatea aukera bat da Nafarroarentzat, proiektua ez ezik, Gobernua eta NIK bezalako sozietate publikoa ingurumenaren eta Pirinioen inguruan egiten ari diren lana ere nabarmendu eta ezagutzera emateko”. Halaber, Muñozek nabarmendu du “bidaia birtual honen asmoa dela, bizilagunekin, bisitariekin, gazteekin eta helduekin batera, mendigune honen DNA ezagutzea, partekatzea, erakustea eta berrosatzea”.

Era berean, ekitaldian parte hartu dute Iruñeko Udaleko Proiektu Estrategiko, Mugikortasun eta Iraunkortasuneko zinegotzia den Fermin Alonsok eta ADN Pyrénées proiektuaren arduradunak, Philippe Serrek.

Erakusketa ireki ondoren, bisita gidatua egin dute; bertan gaikako lau espazio ageri dira: geologia, paisaia, biodibertsitatea eta gizakiaren historia, Pirinioetako ondare naturala eta kulturala sakontzeko.

Gainera, Iruñean, programazioan nahiz jardueretan esku hartzen dute Iruñeko Udalak nahiz Iruñerriko Mankomunitateak, bisita-programarekin. Erakusketa ibiltariaren bidez, erakundeek lurralde erkide horretako natura eta kultura ondareari balioa eman nahi diote, mendigunearen mutur batetik bestera biztanleen artean loturak sortzearekin batera.

Iruñeara iritsita, erakusketak bere jarduerari ekingo dio, pandemiak eragin duen geldialdiaren ondoren. Jarraian, Huescan izango da maiatzaren 25etik ekainaren 6ra, eta, ondoren, Bordelen, ekainaren 8tik abuztuaren 8ra bitarte. Handik, Pirinioetako beste herri batzuetara mugituko da, harik eta guztira 31 etapa osatu arte.

Pirinioetako ondare naturala eta kulturala

Erakusketa 72 m2-ko museo-espazioan kokatzen da. 2019tik 2021era, ibilbideak 31 geltoki ditu: 3 Nafarroan, 3 Aragoin, 1 Andorran, 10 Katalunian eta 14 Frantzian. Iruñeaz gain, Foru Komunitateko beste leku batzuetan ere ikus ahal izan da erakusketa; hala nola, Tuteran eta Bertizen.

Natur zientzien eta giza zientzien bidez, bisitatzen duten pertsonek mugako mendi horien aniztasuna eta berezitasuna ikus dezakete apaindutako lau gunetan: Pirinioetako geologia, paisaia, biodibertsitatea eta etnografia. Gainera, gailu interaktiboak egongo dira, bisitariek edukiak elikatu ahal izateko erakusketa ikusten duten bitartean. Jasotako elementuekin, hainbat formatuko argitalpenak egingo dira, eta Pirinioetako Lan Komunitateari (PLK) emandako espazio-denboraren kapsulan utziko dira; kapsula 2070. urtean irekiko da.

Horrez gain, ingurumenarekin zerikusia duten hainbat erakundek eta kolektibok hartuko dute parte bi aste hauetan. Modu horretan, animaziorako programa espezifikoa garatu da, eta hitzaldiak, aurkezpenak, ibilbide gidatuak, mahai-inguruak, e.a. egingo dira, ingurumen-arloko ekimen eta proiektu ezberdinak ezagutzera ematearren.

Proiektu honen %65 Eskualdeko Garapeneko Europako Funtsak (FEDER) finantzatzen du. Parte hartzen duten erakundeekin batera, hauek dira beste finantzatzaileak: Frantziako Estatua (CGET-DREAL), Nafarroako Gobernua, Occitanie Eskualdea, Nouvelle Aquitaine Eskualdea, Jacetania Eskualdea eta Gállego Garaia Eskualdea.