2021ko maiatzaren 5a

Nafarroako Gobernuak Aurrekontuen Legea aldatzea proposatuko du Europako funtsen kudeaketa arintzeko

REACT-UE funtsen erabilera aurreratzea ahalbidetuko da

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, Foru Lege proiektua onartu du 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Legea aldatzeko, Europako Next Generation UE funtsak modu arin eta errazean kudeatu ahal izateko.

Foru Lege proiektuarekin, zeina Parlamentura bidaliko den eztabaidarako, aurrekontuen arloan tresna zehatzak garatu nahi dira Europako Berreskuratze Tresnatik datozen funtsen kudeaketarako, neurriak malguak izan daitezen funts horietan aurreikusitako helburuak betetzeko.

Alde horretatik, gogora ekarri behar da Next Generation EB funtsen helburuetako bat dela krisialditik indarberritzeko eta indartuta ateratzeko ahaleginak bultzatzea, inbertsio pribatua bultzatzea eta zailtasunak dituzten enpresei laguntzea, Europar Batasuneko funtsezko programak indartzea, merkatu bakarra indartsuagoa eta erresilienteagoa izan dadin lortzea eta trantsizio ekologiko eta digital bikoitza bizkortzea.

Ekitaldi honetarako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legearen aldaketa horrekin, alde batetik, salbuespen gisa, zorpetze-maila handitzea baimenduko litzateke, zeina REACT-UE funtsen erabilera aurreratzeko erabiliko den. Hala, REACT-UE programaren bidez finantzatu beharreko proiektuak funtsak iritsi baino lehen hasi ahal izango dira gauzatzen, eta, hala, ongizate-estatua, zerbitzu publikoen blindajea eta pandemiaren ondoren ekonomia suspertzea, funts horien helburu nagusiak, ahalik eta azkarren abian jartzea ahalbidetuko da. Helburu horretara bideratutako zorpetzea amortizatuko da, REACT-EB funtsak egituratzen dituen eskualdeko programa eragilearen bidez ondoren gastuak ziurtatzetik lortutako baliabideekin.

Bestalde, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren proiektu jakin bat finantzatzeko kontusailen artean funtsak mugitu ahal izango dira. Kontu-sail horien saileko titularrak baimendu ahalko ditu mugimendu horiek. Kontusailak departamentu desberdinetakoak badira, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrak baimenduko ditu, parte hartzen duten departamentuek ados jarri ondoren. Gainera, mugimendu horiek Next Generation Bulegoaren titularraren adostasuna beharko dute.