Bederatzi hautagai 2021eko Kulturaren Vianako Printzearen Sarirako

Atena Fundazioa, David Beriain Amátrian, Teresa Catalán Sánchez, Jesús Hernández Aristu, Miguel Ibáñez Artica, Patxi Mangado Beloqui, Fernando Mikelarena Peña, Obanosko Misterioa Fundazioa eta César Oroz Martija dira hautagaiak
2021ko maiatzaren 4a

Atena Fundazioa dantza eta antzerki taldea, berriki hildako David Beriáin Amátrian kazetaria, Teresa Catalán Sánchez musikari eta sortzailea, Jesús Hernández Aristu filosofo, teologo eta pedagogoa, Miguel Ibáñez Artica numismatikan aditua eta itsasoko biologoa, Patxi Mangado Beloqui arkitektoa, Fernando Mikelarena Peña Memoriaren historialaria, Obanosko Misterioa Fundazioa eta César Oroz Martija komikigilea eta ilustratzailea dira aurtengo Kulturaren Vianako Printzea Saria jasotzeko hautagaiak.

Egungo edizioan 20.000 euroko zuzkidura ekonomikoa izango da beste behin, eta oso-osorik emango zaio saria lortzen duenari.

Vianako Printzea sariak Nafarroako Gobernuak deitzen ditu “kulturaren munduan garrantzitsuak izan diren pertsonen edo erakundeen ibilbidea nabarmentzeko eta saritzeko helburuarekin. Horren barruan sartzen dira arte plastikoetan, musikan, literaturan eta abarretan egindako sormena nahiz zientziaren, teknikaren eta ikerketaren arloko lana”, deialdiaren oinarrietan jasotzen den moduan.

Epaimahaia Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluko kideek osatzen dute; proposamenaz gain, merituak eta Nafarroarekin duten lotura berezia aztertzearekin batera, zein hautagai den irabazlea erabakiko du epaimahaiak.

Bederatzi hautagai

Txiribuelta S Mikrokooperatibak proposaturiko Atena Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakunde bezala sortu zen eta desgaitasun intelektuala duten pertsonak prestatzera bideratutako arte-eskola bihurtu zen. 2001ean hasi zen lanean, eta 2005ean fundazio legez bilakatzeko beharrezko urratsak eman zituen.

Fundazioaren helburu nagusia da “eskolan artistek egindako lana kanpora ateratzea, biztanleria desgaitasunaren inguruan sentsibilizatzea eta gizarteari ‘Aniztasunaren Artea’ erakustea beste ikuspegi batetik, ikuspegi ezberdina eta ederra aldi berean”, proposatu duen erakundeak azaldu duenez. Hainbat sari jaso ditu, eta Vianako Printzearen Mendekotasun sarietako finalista izan da 2010ean eta 2011n.

David Beriáin (1977-2021) Artaxoan jaio zen, eta eraila hil da duela egun gutxi Pamako Erreserban, Afrikako Erdialdeko Burkina Faso herrialdean. Informazioaren Zientzietan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean (1999), Komunikazio eta Gatazka Armatuen Masterra egin zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta gatazka armatuetan, indarkerian eta murgiltze-kazetaritzan espezializatu zen.

Denbora honetan, ‘Clandestino’, ‘El Ejército Perdido de la CIA’, ‘La Vida en Llamas’, ‘Amazonas Clandestino’ edo ‘Yasuní, Genocidio en la Selva’ dokumentalak zuzendu ditu, besteak beste, eta ‘Estrecho’ eta ‘El Palmar de Troya’ bezalako serieak ekoitzi ditu. Nafarroako Gobernuak iragarri du Carlos III.a Noblearen Gurutzea emango zaiola, hil ondoren. Itziar Garciak, Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluko kideak, proposatu du hautagaitza.

Teresa Catalán musikari eta konpositoreak Pablo Sarasate Kontserbatorioan eskuratu zuen titulua eta Sienan prestakuntza jaso zuen (Italia). Ibilbide zabala du. Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluko kidea den Tomás Marco Aragonek egin du proposamena. Hautagaitzan musika-prestakuntza zabala nabarmentzen da.

Hainbat disko, liburu, artikulu eta txosten eta lan argitaratu ditu (Espainian, Alemanian eta Hungarian), eta “Estatuko kontserbatorio ezberdinetako ikasketa-programan sartzen dira”. Haren obretako batzuk “jaialdi garrantzitsuenetan eta Alemania, Italia, Argentina, Errusia, AEB, Frantzia, Holanda, Kuba edo Errumania” bezalako herrialdeetan programatu dira.

Bestalde, Gazteluberriko Jesús Hernández filologo, teologo eta pedagogoak Espainiako Iparraldeko Elkarte Hispaniar Alemaniarraren babesa du, eta “hedapen zientifiko eta kulturalaren alde” egindako lana nabarmentzen du. 35 liburu baino gehiago eta 60 artikulu baino gehiago argitaratu ditu Espainiako, Latinoamerikako eta Alemaniako hezkuntzan, esku-hartze sozialean, politikoan eta kulturalean espezializatutako aldizkarietan.

Kultur jarduerak antolatzeaz gain, lehendabizi lehendakariorde gisa eta gero lehendakari gisa, Nafarroan kulturan eta gizartean eragin handia duten bi erakunde zuzendu ditu; hala nola, Iruñeko Ganbera Abesbatza Elkartea eta Espainiako Iparraldeko Elkarte Hispaniar Alemaniarra, Iruñean egoitza duena.

Miguel Ibáñez itsas biologoa eta monetaren historialaria Nafarroako Azterketa Historikoen Elkarteak (SEHN) proposatu du. Proposamenean esaten dutenez, “pertsona batean biltzen dira zientzien gizona eta humanista”, eta “hori oso positibotzat jotzen dugu diziplinartekotasun handia, ezagutza integratua eta errealitatearen ikuspegi anitza eskatzen duen garaian”.

Numismatikan aditua da, eta oso estu lan egin du Nafarroako Museoarekin. Proposatu duen erakundeak gogoratu du “1988az geroztik ari dela lanean, eskuzabaltasunez argitaratzen eta hedatzen, Nafarroako Museoko bildumak nahiz numismatikaren munduarekin loturiko bestelako gaiak”.

Fernando Mikelarena historialaria, idazlea eta memoriaren hedatzailea sarirako hautagai bat izango da 1936 Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak bermatuta.

Lizentziatua da, eta Zaragozako eta Huescako Unibertsitatean lan egiten du. Hainbat liburu argitaratu ditu 1936ko kolpearen eta Frankismoaren inguruan; hala nola, “Osasuna 1936. Golpistas, represaliados y Franquismo” (2021), “Demografía y familia en la Navarra tradicional” (1995) edo “Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936” (2015).

Francisco Mangado Nafarroan jaio zen 1957. urtean, arkitekto-ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitateko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan, eta bertako aparteko irakaslea da 1982az geroztik. Haren hautagaitza Patxi Chocarro San Martinek bermatzen du, Nafarroako Kulturaren Kontseiluko kideak.

Irakaskuntzan, irakasle gonbidatua izan da honako hauek bezalako zentro ospetsuetan: Harvardeko Unibertsitateko Graduate School of Design (1996-97/1997-98/2000-01/2007-08), Yaleko Unibertsitateko Arkitektura Eskolako Eero Saarinen Visiting Professor of Architecture (2008-09), Lausanneko l’École Polytechnique Fédérale (2010- 11/2011-12), Cornelleko Unibertsitateko Baird/Gensler Visiting Professor (2013-14/2014-15) eta Milango Politeknikoa (2015-16).

Misterio de Obanos Fundazioaren hautagaitza Ildefonso de la Campak bermatzen du, Donejakue Bideko Lagunen Elkarteetako Administrazio eta Harremanetako zuzendariak.

Sustatzailearen hitzetan, “erreferentea da Done Jakue bidea sustatzerakoan, herri kulturaren eta ondarearen ardatz egituratzaile gisa, eta estatu-mailan ospe handiko erakundea ere bai”. Fundazioak urtero antolatzen du San Guillengo eta Santa Feliciako Misterioaren antzezpena, Obanosko Misterioa bezala ezagutzen dena.

Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluko Villar Lopez ordezkariak Cesar Oroz aurkeztu du saria eskuratzeko hautagai gisa. Proposamenean adierazten du Nafarroan “jada hainbat belaunaldi daudela, egunkaria irakurtzen atzeko orrialdetik hasten direnak. Horrela, hain sustraituta dagoen ohitura horren arduraduna César Oroz da, harena baita “Punto final” komiki-banda.

Ilustratzaileak 30 urte baino gehiago daramatza Diario de Navarra egunkarian lanean, eta hainbat bineta-liburu argitaratzeaz gain, hainbat erakusketa antolatu eta herritarren intereseko gaiak zabaltzen lagundu du. Horrela, Nafarroako Foru Komunitateko hainbat osasun-zentrorekin eta ikastetxerekin elkarlanean aritu da “Gatazkak konpontzen, osasunean hazten” erakusketa antolatzeko. Erakusketa horren helburua da eskola-bizikidetzako ohitura osasungarriak sustatzea, ekimenetako batzuk aipatzearren.