Descárgate la app
"Etorkizuna gaur hasten da " da Hezkuntzak aurten aukeratu duen leloa ikasleak Nafarroako hezkuntza-sare publikoan izen ematera animatzeko
2021ko apirilaren 30a
"Etorkizuna gaur hasten da ", Hezkuntzak aurten aukeratu duen leloa ikasleak Nafarroako hezkuntza-sare publikoan izen ematera animatzeko
“Etorkizuna gaur hasten da!" da Hezkuntzak aurten aukeratu duen leloa, ikasleak Foru Komunitatekohezkuntza-sare publikoan lehen aukera gisa izen ematera animatzeko.
Datorren ikasturteko aurreinskripzio-prozedura apirilaren 28ko 33/2021 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera erregulatuko den lehena izango da; dekretu horretan lantzen da, halaber, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritako funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetan hezkuntza-laguntza espezifikoa behar duten ikasleen banaketa orekatua. Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilari Carlos Gimenok gaur prentsaurrekoan nabarmendu du arau berrian jasotzen direla ikastetxe guztietan ikasle horientzat plazak nahitaez gordetzea bezalako neurriak, hezkuntza-plangintzako jardueretan edo arrazoi sozioekonomiko edo bestelako arrazoi batzuk medio egoera ahulean dauden ikasleak eskolaratzeko eskola-bereizketa saihestuaz.
Kontseilariarekin batera, Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano, agertu da. Gimenok nabarmendu du garrantzitsua izan dela foru-dekretua egiteko kudeaketa-prozesu parte-hartzailea eta kolektiboa, ikasturte honetan hezkuntza-komunitateko eragile nagusiekin burutu dena; izan ere, dekretu horrek erregulatuko baitu hemendik aurrera ikasleen onarpena.
Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzea erregulatzen duen araudi berria indarrean sartuta, kanpaina honetan berrikuntza garrantzitsuak egongo dira eskaerak aurkezteko prozedurari, plazak esleitzeko irizpideak barematzeari eta ikastetxeetan plazak gordetzeari dagokienean.
Eskaerak batez ere telematikoki aurkeztea
Lehen aldiz, eskaerak batez ere telematikoki aurkeztuko dira Hezkuntza Departamentuak horretarako garatu duen web aplikazioaren bitartez. Aplikazioa Educa Atarian eskuratu ahal izango da.
Aplikaziora sartzeko, baliozkotu egin behar da, eta, horretarako EDUCAren erabiltzaile-kontua eduki behar da edota GAKOA, NAN digitala, ziurtagiri elektronikoa edo sinadura digitala bezalako edozein sistema ofizial.
Era berean, hautatutako aukeretan adierazitako edozein ikastetxetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak, eskatzaileek baliozkotzeko arazoak izanez gero, ikastetxeak haren izenean izapidea egin dezan, dagokion baimena eta guzti.
Eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu beharko du ezarritako epeen barruan. Ikasle berarentzat eskaera bat baino gehiago aurkezten badira, onartzeko prozesu arruntetik kanpo geratu ahal izango da.
Onartzeko prozesuan berdinketa gertatutako kasuetan, zozketa publikoa Hezkuntza Departamentuan egingo da maiatzaren 14an, 13:00ean.
Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko epe arrunta
Nafarroan 2018an jaiotako 5.677 haur bizi dira.
Onartzeko eskaerak eta baremoan eragina duen dokumentazioa telematikoki maiatzaren 17tik 21era bitartean aurkeztu beharko dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan.
Onartutakoen behin-behineko zerrenda ekainaren 10ean argitaratuko da Hezkuntza Departamentuaren web orrialdean eta ikastetxe bakoitzean, eta behin-behineko zerrendaren aurrean erreklamazioak jartzeko epea ekainaren 11tik 15era bitartekoa izango da.
Onartutako ikasleen behin betiko zerrenda ekainaren 18an argitaratuko da. Ikasle horientzat matrikula egiteko epea ekainaren 21etik 25era bitartekoa izango da (14:00ak arte). Matrikula horretan aukera hobetzea adierazi ahal izango dute lehenik hautatutako aukeran onartuak izan ez direnek.
Ekainaren 29an bigarren zerrenda bat argitaratuko da egon daitezkeen aukera-hobekuntzak aplikatuta. Kasu horretan, matrikula ekainaren 29tik uztailaren 2ra egingo da (14:00ak arte).
Departamentuak plazak esleituko dizkie onartu gabeko ikasleei, uztailaren 15ean hasiko den prozesuaren bidez.
Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen mailarako onartzeko prozesuan, hautatutako 6 aukeretako bakar batean ere plaza lortu ez den kasuetan nahiz prozesutik kanpo geratu diren pertsonen kasuan, ekainaren 21etik 23ra eskaera berria aurkeztu ahal izango dute, Hezkuntza Departamentuak ekainaren 21ean argitaratuko dituen plaza hutsen artetik 3 aukera berri adierazita. Eskaera berri horientzat, onarpenaren behin-behineko zerrenda berria ekainaren 29an argitaratuko da, uztailaren 2ra bitarte erreklamazioak jartzeko epearekin; behin betiko zerrenda, berriz, uztailaren 5ean argitaratuko da. Kasu horretan, matrikula uztailaren 5ean eta 6an egingo da, 14:00ak arte.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta LH
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, eskaerak telematikoki aurkezteko epea maiatzaren 24tik 28ra bitartekoa izango da.
Onartutakoen behin-behineko zerrenda Hezkuntza Departamentuaren web gunean eta ikastetxe bakoitzean argitaratuko da ekainaren 25ean; behin-behineko zerrendaren aurreko erreklamazioak ekainaren 28tik 30era bitarte jarri ahal izango dira.
Onartutako ikasleen behin betiko zerrenda uztailaren 2an argitaratuko da. Ikasle horiek matrikula uztailaren 5ean eta 6an egin beharko dute, 14:00ak bitartean. Matrikula horretan aukera hobetzea adierazi ahal izango dute lehenik hautatutako aukeran onartuak izan ez direnek.
Uztailaren 12an bigarren zerrenda argitaratuko da, egon daitezkeen aukera-hobekuntzak aplikatuta. Kasu horretan, matrikula uztailaren 13tik 14ra bitartean egingo da (14:00ak arte).
Departamentuak plazak esleituko dizkie onartu gabeko ikasleei uztailaren 15ean abian jarriko den prozesuaren bidez.
Bestalde, Lanbide Heziketako aurrematrikulazioa maiatzaren 17tik 26ra bitartean egingo da, Hezkuntza Departamentuak laster emango dituen xehetasunen arabera.
Eskaeren baremazioa
Lehen aukerako ikastetxeen ardura izango da aurrez izena emandako ikasleen datuak EDUCAn sartzea, datuak egiaztatzea eta dagozkion baremazio-irizpideak aplikatzea.
Hauek dira irizpideak:
- Ikastetxean anai-arrebak matrikulatuta izatea (3 puntu).
- Gurasoen edo legezko tutoreen etxetik edo lantokitik gertu egotea (4, 3, 1, 0 puntu).
- Familia-unitatearen per capita errenta (3, 2, 1, 0 puntu).
- Ikasleak, gurasoetako batek, legezko tutoreek edo anai-arrebek desgaitasuna izatea (2.5, 2, 0.5 puntu).
- Genero-indarkeriaren edo terrorismoaren biktima izatea (puntu 1).
- Ikastetxean lan egiten duten gurasoak edo legezko tutoreak (0.8 puntu).
- Familia ugaria izatea (0.8 puntu).
- Ikaslearen familia-harrera egoera (0.8 puntu).
- Guraso bakarreko familiakoa izatea (0.8 puntu).
- Erditze anizkoitzaren ondorioz jaiotako ikasleak izatea (0.8 puntu).
Berdinketak ebazteko, aurrez aipaturiko irizpideak aplikatuko dira hurrenez hurren, harik eta berdinketa hautsi arte. Berdinketa izaten jarraituz gero, “Hurbiltasun lineala” irizpide osagarria erabiliko da (0,5 puntu, EDUCAn sartutako geolokalizazio-erremintaren bidez zehaztutako distantzia lineala, hautatutako aukeraren arabera, familiaren etxetik edo lantokitik ikastetxeraino 1.500 metrokoa edo txikiagoa bada). Hala ere, berdinketa hautsi ez bada, ekitaldi publikoan zozketa egingo da 2021eko maiatzaren 14an, Hezkuntza Departamentuan (Santo Domingo z/g), eskumeneko organoaren aurrean.
Laguntza-premiak dituzten ikasleentzat plazak gordetzea
Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen mailan bi plaza gordeko dira eskola-unitate bakoitzeko, aurrez izena emateko epea amaitu bitarte, hezkuntza-laguntza espezifikoa behar duten ikasleak artatzeko. Erreserba hori Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxe pribatu guztietan gauzatuko da. Behin plazak erreserbatzeko epea amaituta, bete gabeko plaza erreserbatuak liberatuak geratuko dira ondorio guztietarako, eta hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleak izateagatik lehiatu ez diren ikasleei eskaini ahal izango zaizkie.
Gainerako mailetan, ikasle horien eskolatze-indizea hartuko da kontuan, eta horrek zehaztuko du Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe bakoitzean eskaini beharreko plaza hutsen izaera. Horretarako, hezkuntza-laguntza espezifikoa behar duten ikasleen eskolatze-indizea dagokien eragin-eremuko batez bestekoaren gainetik duten ikastetxe guztietan plazak ezaugarri horiek dituzten ikasleentzat bakarrik gordeko dira. Aitzitik, hezkuntza-laguntza espezifikoa behar duten ikasleen eskolatze-indizeari erreparatuta, hezkuntza-laguntza espezifikoa behar duten ikasleen eskolatze-indizea dagokien eragin-eremuko batez bestekoaren azpitik duten ikastetxeetan, plaza hutsak izaera hori betetzen ez duten ikasleentzat bakarrik izango dira.
Indizearen inguruko ohar horietatik salbuetsita egongo dira etapa edo hizkuntza-eredu bakoitzeko ikastetxe bakarra duten udalerrietan kokatutako ikastetxeak; izan ere, horietan, plaza hutsen eskaintzatik eratorritako ikasleen onarpena berdina izango baita hezkuntza-laguntza espezifikoa behar duten ikasleak izan ala ez. Erreserba mantenduko da ebaluazio arruntaren denboraldiaren amaierara arte edo ohiz kanpoko ebaluazioaren amaierara arte, eta erreserba hori ondorio guztietarako liberatuta geratuko da behin betiko zerrendak argitaratu aurreko unean.
Halaber, tratamendu horretatik salbuetsiko dira hezkuntza-etapara sartzeko kasu guztiak, baldin eta, indarrean den araudian ezarritakoaren arabera, ikasle-ratioa aldatzen bada utzitako etaparen ratioarekin alderatuta. Kasu horietan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailan sartzeko nahiz Batxilergoko irakaskuntzetako lehen mailan sartzeko, bi plaza erreserbatuko dira eskola-unitate bakoitzeko, ohiz kanpoko ebaluazioaren denboraldia amaitu arte, hezkuntza-laguntza espezifikoa behar duten ikasleak artatzeko. Erreserba hori Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztietan gauzatuko da. Behin plazak erreserbatzeko epea amaituta, bete gabeko plaza erreserbatuak liberatuta geratuko dira ondorio guztietarako, eta hezkuntza-laguntza espezifikoa behar duten ikasleak izateagatik lehiatu ez diren ikasleei eskaini ahal izango zaizkie.
Eskolatze-indizea
Araudi berriaren arabera, hezkuntza-laguntza espezifikoa behar duten ikasleen banaketa orekatua bermatzeko, hezkuntza-laguntza espezifikoa behar duten ikasleen eskolatze-indizea egingo du Hezkuntza Departamentuak urtero, ikastetxez ikastetxe.
Indize horretan, gainera, gutxienez ondorengo alderdiak hartu beharko dira kontuan: hezkuntza-laguntza espezifikoaren baldintza pertsonalak, curriculumaren desfasea eta hartutako hezkuntza-neurriak.
Indizea ikastetxearen arabera eraikitzea
Hezkuntza Departamentuak 2021eko apirilaren 27an Educa aplikazioan zeuden datuekin kalkulatu ditu indizeak.
Ikasleak hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituen ikasle gisa erroldatzeko kategoria eta arrazoiren bati pisu batzuk esleitu zaizkio, eta horiek ez dira elkarren baztertzaileak.
Ikastetxean hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasle gisa erroldatutako ikasle guztiak batzen dira, dagozkien kategorien edo arrazoien arabera pisu ezberdinak esleituta.
Lortutako zenbakia ikastetxeko ikasle-kopuruaren artean zatitzen da eta bider (-1) egiten da.
Hezkuntza-sistemei buruzko nazioarteko azterketa guztietan, ikasleen egoera sozioekonomikoa jasotzen duten indize ezberdinak zero batez bestekoarekin aurkezten dira; era horretan, balio negatiboek eta batez bestekoaren azpikoek ikasleentzat egoera kaltegarriak adierazten dituzte eta balio positiboek eta batez bestekoaren gainetik daudenek ikasleentzat onuragarriak diren egoerak.
Hori dela-eta, indizea eraikitzeko, kontuan hartu da indize negatiboa edo batez bestekoaren azpitik duten ikastetxeek ikastetxean eskolatutako hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleengan pisu handiagoa izatea, indize positiboa, hots, batez bestekoaren gainetik, duten ikastetxeekin alderatuta.
Aurkeztutako taula bakoitzean, batez bestekoa 0 da eta desbideratze tipikoa 1. Horretarako, ikastetxe bakoitzean kalkulatutako indizeari taulako datuen batez bestekoa kentzen zaio eta taula horretako datuen desbideratze tipikoaren artean zatitzen da. Bi datuak taula bakoitzaren goiburuan agertzen dira.
Taula bakoitzean, ezaugarri horiek dituzten ikasleen eskolatze-egoera islatzen da ikastetxe bakoitzean, eskolatze-arlo jakin bati dagokionean.
Azken batean, onartzeko prozesu berritzaile baten aurrean gaude; bertan, zenbait jarduera eta neurri jasotzen dira, Hezkuntza Laguntzako Premia Espezifikoak dituzten ikasleen banaketaren egungo desoreka epe ertainean zuzentze aldera.