Vianako Printzea eta Talentu Artistikoa Sustatzeko sarietarako hautagaiak aurkezteko epea maiatzaren 3an amaituko da

30 urtetik beherakoen kultur ekimenak goraipatzeko Talentu Artistikoa Sariak bigarren edizioa du
2021ko apirilaren 15a

Vianako Printzea eta Talentu Artistikoa Sustatzekosarietarako hautagaiak aurkezteko epea datorren maiatzaren 3an amaituko da, gaur NAOn argitaratu diren oinarrietan zehaztu moduan.

Martxoaren 24ko bileran onartu zuen Nafarroako Gobernuak Vianako Printzea Sariaren pertsona edo erakunde irabazlearentzako zuzkidura ekonomikoa berreskuratzea; hots, 20.000 eurokoa.

Proposamenak Kultura eta Kirol Departamentuko Idazkaritza Orokor Teknikora zuzendu behar dira (Navarreria kalea 39 1, 31001 Iruña) posta ziurtatuaren bidez, gutun-azalean “Kulturaren Vianako Printzea Saria 2021” jarrita.

Proposamenak bidaltzeko mezularitza-zerbitzua hautatzen bada, posta elektronikoa bidali behar da premioprincipedeviana@navarra.es helbidera, bidalketaren berri proposamenak aurkezteko epearen barruan emanda. Era berean, hautagaitzak posta elektronikoaren helbide horren beraren bitartez aurkez daitezke. 

Talentu Artistikoa Sustatzeko Saria

Vianako Printzea Erakundea-Kulturaren Zuzendaritza Nagusiak Talentu Artistikoa Sustatzeko Sariaren bigarren edizioa deitu du, Nafarroako kultur-arloan ekintzaile gazteen ekimena babestu eta bultzatzeko, gazteentzat erreferente izateko eta gure Komunitatean sortzen den talentua ezagutzera emateko eta profesionalizatzeko bidean laguntzeko helburuarekin. Iaz, Iván Carmona musikariak jaso zuen saria.

Sari moduan, Kultura eta Kirol Departamentuak saritutako pertsonaren proiektu artistikoa edo kulturala programatu eta/edo erakutsiko du gehienez 10.000 euroren  truke, bere proiektu eta programa propioetakoren batean edo kultur eragile ezberdinekin elkarlanean 2022an garatuko dituen beste batzuetan. Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 3an amaituko da.

Hautagaitzak aurkeztu ahal izango dituzte Nafarroan legezko bizilekua duten 18 eta 30 urte arteko gazteek eta baldintza horiek betetzen dituzten pertsonez legez eratutako erakundeek. Nafarroan legezko bizilekurik ez bada, hautagaiak Nafarroarekin lotutako proiektuetan edo jardueretan parte hartu duela egiaztatu beharko da.

Hautagaitzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturaren Zuzendaritza Nagusian aurkez daitezke (Navarreria kalea 39 1, 31001 Iruña) posta ziurtatuaren bidez, gutun-azalean “Talentu Artistikoa Sustatzeko Saria 2021” jarrita.

Hautagaitzak bidaltzeko mezularitza-zerbitzua hautatzen bada, posta elektronikoa bidali behar da dg.cultura.ipv@navarra.es helbidera, bidalketaren berri aurkezteko epearen barruan emanda. Era berean proposamenak zuzenean aurkeztu ahal izango dira aipatu posta elektronikoan.

Hautagaitzekin batera, proposamena egiten duen erakundearen edo pertsonaren datu egiaztatzaileez gain, azalpen-memoria bat erantsi beharko da, aurkezpena bermatzen duten merezimenduekin eta, gutxienez, hautagaitza babesteko gutun bat. Nafarroako Gobernuak ekitaldi publiko batean emango du saria, eta ekitaldiaren eguna laster emango da jakitera.