Nafarroako Gobernuak 50 milioi euro baino gehiago bideratu ditu Iruñerria berrikuntzaren eta prestakuntzaren gune bihurtzeko

Bide-konexioen hobekuntzak 30 milioi euroko inbertsioa ekarriko du aurten

2021ko apirilaren 13a
videocam Nafarroako Gobernuak 50 milioi euro baino gehiago bideratu ditu Iruñerria berrikuntzaren eta prestakuntzaren gune bihurtzeko collections Irudi galeria

Berrikuntza eta prestakuntza dira Nafarroako Gobernuak Iruñean eta Iruñerrian egin nahi dituen inbertsioen zati handi bat. 50 milioi euro baino gehiago bideratuko dira horretarako, Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak  gaur Baluarten hogeita hamar bat alkaterekin egindako bileran adierazi duenez. Eskualdeko udal ordezkari guztiak eta bailaretako ordezkari gehienak bertaratu dira topaketara.

Berrikuntza eta prestakuntza dira Nafarroako Gobernuak Iruñean eta Iruñerrian egin nahi dituen inbertsioen zati handi bat. 50 milioi euro baino gehiago bideratuko dira horretarako, Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak  gaur Baluarten hogeita hamar bat alkaterekin egindako bileran adierazi duenez. Eskualdeko udal ordezkari guztiak eta bailaretako ordezkari gehienak bertaratu dira topaketara.

Nafarroa Suspertu Planean eta Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jasotako inbertsioak aurkeztu ditu Lehendakariak, eta harekin batera izan dira Javier Remirez eta Jose Mª Aierdi lehendakariordeak eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria den Elma Saiz, Iruñeko Enrique Maya alkateak irekiera emandako ekitaldian. Horiez gain, bertan hartu dute parte Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioko kideek eta Iruñerriko Mankomunitatekoek.

Iruña berrikuntzaren hiriburu bilakatzeko helburuarekin, Foru Gobernuak 23 milioi inguruko inbertsioa egingo du 2022. urtera bitarte, Nafarroako Berrikuntza Sistemaren (SINAI) jarduera eta lankidetzako proiektuak finantzatzearren. Era horretan, hainbat laguntza-lerro erabiliko ditu proiektuak garatu eta bikaintasuna eta talentua bultzatzeko. Gehienak Iruña eta Iruñerrirako izango dira, SINAI osatzen duten 23 zentrotatik 15 baitaude bertan, batez ere, automozioarekin, berriztagarriekin, nekazaritzako elikagaiekin eta osasunarekin loturikoak.

Hain zuzen ere, azken arlo horretan egingo du Nafarroak urte hauetako apusturik nagusiena; hau da, Osasun Zientzien fakultate berria eraikitzea, bertan Medikuntza, Erizaintza eta Psikologiako graduak eskaintzeko. Guztira, 34,9 milioi aurreikusi dituzte, eta “osasun berrikuntzaren nodoa” indartzeko balioko dute, Chivite Lehendakariak zehaztu duenez. Dagoeneko bi ikerketa-zentro eta erreferentziazko bi ospitale daude bertan, eta orain bi fakultate berri izango dira. 2024. urteari begira, oraingoz, aurten, 2,7 milioi erabiliko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko osasun-prestakuntzako erreferentzia-puntu hori abian jartzeko. Horri beste 2,1 milioi gehitu behar zaizkio, Naserticen kokatutako eta jada inauguratutako Sekuentziazio Masiboko Zentrorako eta superkonputazioko azpiegituretarako.

Nafarroako prestakuntza- eta berrikuntza-sistema osoa indartzeko apustuaren barnean, azpiegiturak ez ezik, talentua ere sartzen da, eta, era horretan, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak, Europako Batzordearekin batera, talentu ikertzailea erakartzeko WIT Programarako 2,6 milioi euro jarriko ditu datozen bost urteetan. Ekimena Departamentuak eta Nafarroako bi unibertsitatek jarri dute abian, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren (S3) barruko arloetako 16 ikertzaile erakartzeko asmoarekin. Gainera, beste 800.000 euro emango dira doktoretza aurreko beketan.

Beste 22 milioi ikastetxeentzat

Unibertsitate aurreko mailetan, hainbat inbertsio egingo dira herri ezberdinetako hezkuntza-azpiegiturak hobetzeko. Aurreikusitako zenbatekoa 22 milioi eurotik gorakoa izango da datozen urteetan. Zenbateko horren zati handi bat, 10,69 milioi, Lezkairuko auzoko ikastetxe publiko berria eraikitzeko erabiliko da, hirigintza-garapen horrek egun ez baitu hezkuntza-azpiegiturarik. Obrak egiten aurten hasiko dira, eta helburua da 2022/2023 ikasturtean funtzionatzen hastea.

Halaber, aurtengo ikasturtean, Sarriguren BHIren handitze-lanak funtzionamenduan sartzea aurreikusten da; horretarako beste 6,39 milioi jarriko dira. Zehazki, 16 ikasgela berri eraikiko dira eraikuntza independentean. Aurten, exekuzio-proiektua lizitatu eta erredaktatuko da. Bestalde, Iruñeko Andres Muñoz Garde hezkuntza bereziko ikastetxearen handitze- eta egokitze-lanetarako 3,89 milioi euroko inbertsioa egingo da. Aurten bertan hasiko dira lanak, eta, ziur aski, 2022an amaituko dira.

Era berean, Iruñeko Iturrama BHIn eta Barañaingo Alaitz BHIn handitze-lanak egingo dira, 452.636 eta 754.043 euroren truke, hurrenez hurren. Bi kasuetan, obrak ikasturte honetan egiten ari dira.

Nafarroako Lehendakari Maria Chivitek udal-ordezkariekin egindako bilera aprobetxatu du Nafarroako Gobernua 0-3 urte arteko zikloa doakoa izateko lanean ari dela jakinarazteko; “hori Legealdiko akordio programatikoan jada hitzartuta zegoen”.

30 milioi bide-konexioak hobetzeko

Bide-azpiegiturei dagokienez, Nafarroako Gobernuak 30 milioi eurotik gorako obrak egingo ditu aurten, errepideak hobetu eta Iruñean eta eskualdean bide-segurtasuna hobetzeko konexio berriak sortzeko.

Iruñerriko obra nagusia N-121-A errepidea 2+1 bide bilakatzea izango da; horretarako, oraingoz, 18,9 milioiko inbertsioa egingo da lehen bi zatitan, eta horren zati handiena Estatuko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da. Esate baterako, Ezkaba eta Olabe arteko lanak jada hasita daude, eta 8,1 milioiko kostua izango dute. Olabe eta Lantz arteko obrak, berriz, laster hasiko dituzte, eta 10,8 milioiko inbertsioa eskatuko dute. Obra horri esker, kontrako noranzkoan egiten diren aurreratze guztiak kendu ahal izango dira eta tarte erregularretan aurreratzeko eremuak prestatu, hirugarren erreiaren bidez. Modu horretan, arinagoa izateaz gain, bide-segurtasuna areagotuko da, eta, aldi berean, inguruko bideekiko elkarguneak berrantolatu eta hobetuko dira.

Iruñerriko gainerako proiektu handien artean aipatu behar dira PA-30 ingurabidea osorik berritzea Uharteko zatian, Zizurren A-12 eta A-15 errepideen arteko lotunea berrantolatzea edota Mugarteko bizitegi-eremurako sarrera berria egitea. Azken kasu horretan, 2,5 milioi euroko inbertsioa egingo da.

Bestalde, PA-30 ingurabidea aldatzeko, zebrabide berriak jarriko dira semaforo eta guzti, oinezkoen segurtasuna hobetze aldera, eta Olatzetik Itaroaraino oinez eta bizikletaz egiteko ibilbidea sortuko da. Obra osatzeko, bi biribilgune birmoldatuko dira Ollokiko poligonoaren aurrean eta pasabide bat eraikiko da Itaroan, bizitegi-eremua merkataritza-eremuarekin konektatzeko. Hori guztia egiteko, 2,2 milioi eurotik gorako inbertsioa beharko da.

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak ere lan egingo du Zizur Nagusian A-12 eta A-15 errepideen arteko lotunean dagoen zirkulazio-arazoa konpontzeko, auto-ilara handiak sortzen baitira puntako orduetan. Bide hori 750.000 ibilgailu baino gehiagok zeharkatzen dute egunero. Horrela, Departamentuaren helburua da trafikoa berrantolatzea, Zizur Nagusitik sartzeko lau errei sortuta. Gainera, semaforoak aldatuko dira bi bideen elkargunean edukiera handitzeko. Guztira, 660.000 euro inguruko kostua izango du obrak.

Proiektu horiei beste batzuk gehituko zaizkie; hala nola, NA-700 errepidea zabaltzea Orkoiengo saihesbidearen azken biribilgunearen (PA-30) eta Mendebaldeko Ingurabideko Arazuriko lotunearen artean, 2,5 milioiko kostu aurreikusiarekin; eta pantaila akustikoak jartzea Iruñeko Ekialdeko ingurabideko zati ezberdinetan, Ezkabatik, Mendilorritik eta Berriozarretik igarotzean (1,8 milioi euroko inbertsioa).

Horrez gain, Esparza de Galar eta Iruñeko Salinas konektatzen dituen NA-6008 errepidea handitu eta hobetuko da. Obrari esker, egungo bihurguneen erdia kenduko da ikuspena hobetu eta galtzadaren zabalera bikoizteko. 1,4 milioi euroko inbertsioa egin beharko da (500.000 Foru Gobernuak eta 900.000 Galarreko Udalak), eta, horrela, segurtasun-baldintza hobeetan zirkulatu ahal izango dute bertan pilatzen diren nekazaritzako ibilgailuek, oinezkoek eta txirrindulariek.

Beste jarduera batzuen artean, Exekutiboaren asmoa da 4,1 milioi euro jartzea bide-sarea mantentzeko Iruñeko errepideen kontserbazio-zentroaren bitartez.

Eskualdeko garraioa eta tokiko inbertsioak

Nafarroako biztanleriaren zati handi bat Iruñerrian biltzen da, eta horren berezitasunek eskualdeko garraio-sarea izatea eskatzen dute, herri ezberdinak konektatzeko, inguruan mugikortasun iraunkorra erraztuz. Hori dela-eta, Exekutiboak 15 milioi euro jarriko ditu Eskualdeko Hiri Garraioa finantzatzeko, Iruñeko metropoli-eremuko 18 udalerri konektatzen baititu; bertan, 350.000 biztanletik gora bizi dira.

Era berean, 400.000 euro inguru aurreikusi dira eskualdeko Udalek sustatutako inbertsioak finantzatzeko; hots, haurrentzako parkeak, oinezkoen pasabideak, bideak eta kaleak hobetzea, e.a.

Kultur gunea

Herritarren kontzentrazioa Iruñerriko kultur- eta –kirol-eskaintza zabalaren atzean dago. Ondorioz, arlo horretako diru-laguntza eta laguntza gehienak inguru horretara bideratzen dira. Zehazki, Kultura eta Kirol Departamentuak aurreikusi du 2,59 milioi euro bideratzea laguntza, inbertsio, jarduera eta erakunde eta udalerriekiko lankidetzetarako. Zenbateko horretatik, Oteiza Fundazioak milioi bat euro inguru jasoko ditu eta Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak beste 695.000 euro. Iruñeko Orfeoiak, berriz, beste 285.000 euro jasoko ditu eta Nafarroako Antzerki Eskolak 265.000 euro.

Zonako Udalek 360.000 euro inguru jasoko dituzte kultur ekintzetarako; hau da, laguntza guztien %29, gutxi gorabehera; museoei dagokienez, 53.000 euroko laguntza izango dute (%30). Kirol-instalazioak berritzeko, berriz, 87.000 euro inguru jarriko direla kalkulatu da (zenbateko osoaren %21).

Oro har, Iruñeak eta eskualdeak 580.000 euro jasoko dituzte artea, kultura eta kirola sustatzeko. Eta hori guztia Exekutiboak NICDOren bitartez (Navarra de Infraestructuras de Cultura, Deporte y Ocio) egiten duen ekarpena ahaztu gabe. Erakunde horrek Baluarte, Navarra Arena eta beste barruti batzuk kudeatzen ditu. Era horretan, Baluarteren eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren programaziorako, 5,4 milioi euro bideratuko dira, eta horiei beste 655.000 euro gehitu behar zaizkie NIDCOren zinema-arlorako eta beste 400.000 euro musika-industriarako.