Nafarroako Gobernuak Kirolaren Nazioarteko Egunaren karietara adierazpen instituzionala onartu du
Gizarte gisa hazteko kirolaren balioak hartzeko eskatzen du
Asteazkena, 2021ko Martxoaren 31a

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, Garapenerako eta Bakerako Kirolaren Nazioarteko Egunaren ospakizunaren karietara adierazpen instituzionala onartu du.

Nafarroako Gobernuak bat egin du Garapenerako eta Bakerako Kirolaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Nazio Batuen Erakundeko Batzar Orokorrak apirilaren 6a finkatu zuen 2013an egun hori ospatzeko eta, era berean, kirolak giza eskubideen sustapenean eta garapen ekonomikoan zein sozialean bete dezakeen eginkizunaz kontzientziatzeko.

NBEk oroitarazi digu kirolak mundua aldatzeko ahalmena duela eta, mendez mende, eginkizun garrantzitsua bete duela gizarte orotan, dela kirol lehiaketen bidez, dela jarduketa fisiko hutsaren bidez, dela jokoen bidez. Funtsezko eskubidea izateaz gain, tresna ahaltsua ere bada gizartean diren harremanak sendotzeko eta garapen jasangarria, bakea, ongizatea, elkartasuna eta errespetua sustatzeko.

Pandemiak, konfinamenduaren garaian, batez ere, ederki erakutsi digu zer-nolako garrantzia duten kirolak eta jarduera fisikoak jendearen osasunerako eta ongizaterako.

Hori dela-eta egin du bat Nafarroako Gobernuak ospakizunarekin, kirolak gizarteari ematen dizkion balio guztiak nabarmendu nahi ditugulako, eta jarduera fisikoak dakartzan onura emozional eta osasungarriak aintzat hartzeko; bereziki, pandemiak erdi-erditik jo gaituen honetan. Herritarrak hain hilabete gogorrak gainditzeko erakusten ari diren erresilientziak kirola egitea izan du eta du oinarri.

Geure egin ditzagun kirolaren balioak gure gizartea sendotzeko eta egungo garaiari aurre egiteko: laguntasuna, berdintasuna, batasuna, ahalegina, elkartasuna, inklusioa, errespetua eta, bereziki, hobetzeko nahia. Azken buruan, kirolariek bidelagun duten talde espirituak emanen baitigu egungo eta etorkizuneko ziurgabetasunei eta zailtasunei aurre egiteko aukera.