Chivite Lehendakariak Nafarroako sektore ekonomiko eta sozialen inplikazioa azpimarratu du Enplegu Plan berriaren diseinuan
Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluan, Nafarroa Next Generation funts europarrak lortzeko lantzen ari den ardatz estrategikoen berri eman du Chivitek
Ostirala, 2021ko Martxoaren 26a
Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua Nafarroako Jauregian bildu da gaur.

Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak, Nafarroako eragile ekonomiko eta sozialek etorkizuneko Enplegu Planari egiten dizkioten ekarpenak eta inplikazioa azpimarratu ditu gaur Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren bileran. Bertan, alderdi guztien proposamenak zehaztu dituzte, eta Lehendakariak espero du behin betiko dokumentua udara begira prest egotea, urte amaieran aldeekin hartutako konpromisoaren arabera.

Dokumentua egiterakoan, Chivite Lehendakariak azpimarratu nahi izan du garrantzitsua dela “adimen kolektiboa eta baterako gobernantza” aprobetxatzea, COVID-19ak sortutako krisia jorratu ahal izateko neurriak bideratzeko eta pertsonei gehiago zuzendutako eredu ekonomikoaren aldaketa zehazteko funtsezko elementu gisa. “Bizi-kalitatea eta gizarte-kohesioa hobetzeko lan egin behar da. Enplegurako politika aktiboak diseinatu behar dira parte hartzea jorratuz, eragile ekonomiko eta sozialekin eta ahalik eta adostasun handienarekin. Horrek guztiak indar eta zentzu handiagoa du orain, inoiz baino gehiago”, azpimarratu du.

Gaurko bileran izan dira Nafarroako Enpresarien Konfederazioa (CEN) eta Foru Komunitateko bi sindikatu nagusiak, UGT eta CC OO. Lehendakariak Enplegu Plan berria izango denaren lehen zirriborro bat azaldu du, foro horretan bertan abenduan hartutako konpromisoa beteaz. Agiri honetan argi geratzen da enplegurako politika aktiboek duten garrantzia “birkualifikaziorako, enpleguari eusteko eta krisi hau gainditzeko Nafarroako gizartea trebatzeko, inor atzean utzi gabe”, nabarmendu du Chivitek. 

“Enpleguaren arloan, datozen urteetarako adostasun orokor bat lortzea, ezbairik gabe, garaipen handia litzateke herritarrentzat, inoiz baino baliagarriagoa egungoa bezalako egoeran”, gehitu du. Aldi berean, Elkarrizketa Sozialeko Kontseiluaren osoko bilkuretan ez ezik, lan-bileretan ere egindako ahalegina baloratu du; horietan, Gobernuko eta sindikatu eta empresa arloko teknikariek mahai gainean jarri dituzte egungo sistemaren gabezia nagusiak eta horiek konpontzeko beharrezko neurriak. “Lan nekeza da, bai denboraren, bai ahaleginaren aldetik, baina egitea merezi du benetan”.

Ildo horretan, Nafarroako Lehendakariak uste du koordinatutako lan horrek guztiak “komunitate sozial eta politiko kohesionatuagoa, erronka kolektiboen kontzienteagoa sortzen lagunduko duela, horiek hobetzeko”. “Gizarteak inoiz baino gehiago eskatzen digun zerbait da”, azpimarratu du.

Helburua da Enplegu Plan berria bat etortzea Nafarroa Suspertu Planarekin eta Espezializazio Adimentsuaren S3 Estrategiarekin, batez ere. Aldi berean bat etorri behar du Enplegua Aktibatzeko Estatuko Estrategiarekin eta Eraldaketa eta Erresilientzia Nazionaleko Planarekin, Europako 2020-2030 Agenda kontuan izateaz gain.

Bestalde, ekonomia berreskuratzeko Next Generation Europako funtsaren esparruan Nafarroa lantzen ari den proiektuen inguruko ardatz estrategikoen eta gobernantzaren berri eman du Lehendakariak, eta foro hau Foru Komunitatean gorbernantza hori eratzeko eta parte hartzeko tresna dela esan du. Testuinguru horretan, Chivite Lehendakariaren ustez, Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua eragile sozialek Europako konpromisoan parte hartzeko organoa da.

Chivite lehendakaria, bileraren une batean.
Elma Saiz kontseilaria, Mikel Irujo kontseilaria, Chivite presidentea eta Mª Carmen Maeztu kontseilaria joan dira Foru Gobernutik.