2021ko martxoaren 3a

Hezkuntza Departamentuak eskualdeko jantoki osasungarrien esleipena lizitatu du datorren ikasturterako

Menuetan nahitaez zerbitzatu behar dituzte barazki freskoak, lekale ekologikoak eta hurbilekoak, osoko zerealak eta plater prozesatu bakarra hilean

Hezkuntza  Departamentuak lizitaziora atera du 2021/2022 ikasturterako eskualdeko eskola-jantokien kontratazioa. Bertan, osasungarriagoa eta jasangarriagoa den elikadura-eredu berri bat eskatzen da, produktu freskoa, tokikoa, osasungarria eta azukrerik gabea azpimarratuz. Neurriak Nafarroako Gobernuak kudeatzen dituen 42 jantokiei eragingo die.

Nobedadeen artean aipatzea lizitazio honetan derrigorrezkoa izango dela astero barazki eta ortuari freskoak zerbitzatzea. Gainera, zerbitzatzen diren letxuga, eskarola eta patata guztiak freskoak eta prozesatu gabeak izango dira. Menuetan zereal integralak erantsiko dira, ogia, pasta eta arroza direla medio. Era berean, esnekiak beti naturalak eta azukre gabeak izan beharko dira. Elikadura osasuntsuago bat bermatzeko helburu berdinarekin, lizitazioaren oinarriek xedatzen dute eskola menuan hileko plater prozesatu bakarra eta asteko frijituen plater bakarra barne hartzea. Halaber urrunetik datozen arrainak debekatzen dira. Tokiko produktuaren kontsumoa sustatzeko, gutxienez hilean bi aldiz hurbileko lekale ekologikoak zerbitzatu beharko dira.

Eskualdeko jangeletako ikasturte honetako mahaikide kopurua 7.577 da; zifra hau aurreko urteekin alderatuta pixka bat baxuagoa da COVID-19ak eragindako murrizketen ondorioz ikastetxeak jardunaldi iraunkorrarekin egokitu behar izan direlako.

Lizitazioa “Diario Europeo” izendatuan eta Nafarroako Gobernuaren Kontratazio Atarian argitaratu da joan den otsailaren 25ean. Interesa duten enpresek martxoaren 29ra bitarteko epearekin kontatzen dute proposamenak aurkezteko. Esleipen kontratua ikasturte baterako izango da, lau ikasturte gehiagotarako luzagarria izanik.

Lizitazio berri honetan elikadura ereduaren aldaketa bat sustatzen da ikastetxetako jangeletan, urtarrilaren 16ko 3/2019 Foru Dekretuan adierazitako oinarrizko printzipioen arabera. Dekretu honek haurren ikastetxetan eta unibertsitateak ez diren ikastetxe nafarretan elikadura estilo osasuntsurako eta ariketa fisikorako neurriak ezartzen ditu, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Eskola menuen planifikaziorako Elikadura Gida izendatuan ere garatzen direnak.

Honek aurrerapauso garrantzitsua suposatzen du elikadura osasuntsuago eta jasangarriago baterantz, garaiko eta hurbileko elikagai ekologiko eta freskoen pixkanakako ezarpenaren hala nola janariak in situ prestatzeko zerbitzuaren eta jangelako monitoreen kopuru handiago baten ezarpenaren bitartez.

Aurretiazko azterketa

Hezkuntza Departamentuak 2019an aurretiazko azterketa bat enkargatu zuen Departamentuak kudeatzen dituen eskualdeko 42 eskola jangelen egoerari buruzkoa.

Azterketa horretan oinarrituz, horietako zenbaitetan sukaldeen birmoldaketa sustatu da janariak in situ prestatu ahal izateko, sukalde zentraletatik garraiatutako janaria zerbitzatu beharrean. 2020. urtean zehar, bost sukalde birmoldatu ziren Puente la Reina / Gares, Los Arcos, Viana, Sangüesa / Zangoza eta San Pedro de Mutilvako zentroetan eta 2021 honetan Tuterako Torre Monreal, Antsoaingo Ezcaba eta Beriáingo ikastetxetako in situ sukaldeak birmoldatuko dira. Hurrengo ikasturtetan zehar asmoa da jangeletako sukaldetan eraldaketa hau gauzatzea oraindik eraldatu gabeko tokietan, horrela eskualdeko jangela guztietan in situ elaboratutako menuak zerbitza daitezen.

Elikaduraren preskripzio tekniko berriek aurrerapen bat suposatzen dute elikadura osasuntsuago baterantz. Erabilitako menuaren egitura eta elikagaien barietatea eta sukaldaritzako teknologiak arautu egingo dira menua orekatua eta askotarikoa izan dadin.

Monitore gehiago

Janariak in situ prestatzeko eta menuaren egiturarako aldaketa hauekin batera, etapa guztietako ikasle kopuruaren arabera beharrezkoak izango diren jangela monitoreen ratioak hobetu dira. Haur Hezkuntzako etapetan ratio hau are handiagoa izango da, ikasle gazteenen babesa eta ikaskuntza errazteko.

Zehazki, lizitazio berri honekin ratioak monitore bakoitzeko 20tik 15 ikaslekoak izatera pasako dira. Eta Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailetako  eta DBH-ko ratioa 40tik 30era murrizten da. Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetan monitore bakoitzeko 20 ikasleren ratioa mantenduko da.

Era berean, lizitazio honetan eskainitako menuen eta produktuen ezaugarrien gaineko konplimendu ezagatik zigorren erregimena ezartzen da, baita kalitate eta exekuzioaren osteko kontrol baldintzak ere. Horrela urteko balizko luzapen bakoitzean kontratatutako zerbitzuen konplimendua eta ikasle-mahaikideen onarpen maila baloratu ahal dira. Beraz, egokitzat jotzen bada, aldaketak ezarri ahal izango zaizkio hasierako kontratuari, aurrera egiteko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko eskola menuak planifikatzeko Elikadura Gidan xedatutako frekuentzien eta ereduaren norabidean.