Pirinioetako Planak inguru hori biziberritzeko 4 milioi euro inguruko jarduerak biltzen ditu

Chivite lehendakaria Erronkariko bailaran izan da gaur, 2021ean Nafarroako Gobernuak egingo dituen proiektuak eta ekintzak aurkezteko

2021ko otsailaren 23a
videocam Pirinioetako Planak inguru hori biziberritzeko 4 milioi euro inguruko jarduerak biltzen ditu collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak Pirinioetako Planaren barruan,  4 milioi euro inguru inbertituko ditu aurten Erronkaribarrean, ingurua biziberritzeko. Maria Chivite Nafarroako Lehendakaria Pirinioetako alkateekin bildu da gaur; izan ere, ia 5.500 biztanle ordezkatzen dituzte 32 udalerritan.

Nafarroako Gobernuak Pirinioetako Planaren barruan,  4 milioi euro inguru inbertituko ditu Pirinioetako bailaretan, ingurua biziberritzeko. Maria Chivite Nafarroako Lehendakaria Pirinioetako alkateekin bildu da gaur; izan ere, ia 5.500 biztanle ordezkatzen dituzte 32 udalerritan.

Erronkariko bailarako Biltzarraren egoitzan egindako bileran, gainera, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eta Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak hartu dute parte, baita Juan Cruz Cigudosa Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak ere. Horiek guztiek inbertsioen berritasun nagusiak azaldu dizkiete Udaleko hogeita hamar ordezkariri, Eska Salazar eta Bidausi Hondakinen Mankomunitateetako kideei, Cederna Garalurri, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari eta Erronkariko bailarako Batzarrari berari.

Ildo horretan, Chivite Lehendakariak Pirinioetako Plana gobernantza-tresna gisa egin dela eta jarduera dinamizatzeko eta sustatzeko politikak garatzea duela helburu gogorarazi du, eremu hori bizilagun berrientzat erakargarriagoa eta egungoentzat erosoagoa izan dadin. "Pirinioak gure lurraren altxorretako bat dira eta Nafarroako Gobernua Pirinioekin Pirinioen alde lan egiten ari da", adierazi du.

Baterako lan horretan sartzen dira, besteak beste, toki-erakundeen proiektuak eta azpiegiturak finantzatzeko laguntzen deialdiak. Guztira, 600.000 euro, eta 500.000 euro gehiago Pirinioetako Planaren barruko ekintzetarako. Ekintza horien artean daude, esaterako, inguruko proiektu ekintzaileentzako laguntzak (65.000 euro), Cederna-Garalurrekin egindako hitzarmena (100.000 euro) udalerrietan jarduketak egiteko edo Eurovelo3 ibilbidearen bidez bizikleta bidezko turismoa bultzatzeko proiektua, Bizimugi proiektuaren baitan (117.000 eurotik gora).

Banda zabaleko Internet

Hala ere, eremu horri esleitutako aurrekontuaren zati handi bat Pirinioetan banda zabala ezartzeari dagokio eta horretarako, gutxi gorabehera, 2 milioi euro bideratuko dira. Cigudosa kontseilariak azaldu duenez, "operadore pribatuen bidez ahalmen handiko zuntza zabaltzeko ezintasunaren aurrean, Nafarroako Gobernuak berea zabalduko du Izalzutik Garderaino". Horretarako, "ezinbestekoa da Haraneko Batzarrak hitzarmena lehenbailehen sinatzea", azpimarratu du.

Banda zabala pertsonen eta erakunde publiko eta pribatuen arteko konexioa errazteko eta despopulazioaren arazoari aurre egiteko funtsezko elementua da. Izan ere, inguru horretako biztanleria-dentsitatea 3,8 biztanlekoa da kilometro karratuko eta Nafarroako batez bestekoa 68,1 da. "Aspalditik arazo demografikoak pairatzen dituen eremua da, biztanleria zahartuta eta atzera egiten ari dena; eta, hain zuzen ere, joera hori iraultzeko, jarduera dinamizatzeko eta sustatzeko politikak garatzen ari gara", adierazi du Lehendakariak Erronkarira egindako bisitan, konponbideak bilatzeko martxan jarri diren "partaidetzara irekitako taldeak" azpimarratuz.

Inbertsio handi hauetaz gain, 2021 honetan, 718.000 euroko jarduketak egitea aurreikusten da hainbat eremutan. Adibidez, 263.000 euro bideratuko dira Erronkariko ikastetxe berrirako eskola-ibilbidea egiteko, NA-2131 errepidean barrena, bide bat jarriz hirigunetik hezkuntza-esparruraino. Horrez gain, 50.000 euro inbertituko dituzte udaletxea birgaitzeko eta 40.000 euro gehiago Erremendian egingo diren jarduketetarako.

Plan bat, lau jarduera-ildo

Pirinioetako Planak, iaz ezarri zenak, funtsezko lau jarduera-ardatz ezarri ditu: turismoa, merkataritza jasangarria eta zerbitzuak. Landutako ardatz hauek, Pirinio Marka turismo-helmuga jasangarri gisa ezartzea dute helburutzat; abeltzaintza, nekazaritza eta baso-zerbitzuak, non guda-bide nagusia belaunaldien arteko erreleboa bultzatzea den; etxebizitza, garraioa eta azpiegiturak. Horretarako, erabiltzen ez diren etxebizitza eta ekipamendu publikoei buruzko memoria bat egiten ari dira hauei erabilera berri bat bilatzeko; eta industria, enplegua eta garapen jasangarria; esparru horretan, ekimen-gune bat sortu nahi da, Ariben coworking-zentro batekin hornituz eta Pirinioetarako berariazko enplegu-poltsa zehatz bat.

"2021. urte honetarako – azaldu du Chivite Lehendakariak –, besteak beste, jantoki komunitario bat martxan jartzeko proiektu pilotu bat abian jartzea aurreikusten du planak. Jantoki horrek herritarren sektore ahulenei emango die arreta eta tokiko produktuen sustapenean oinarritutako eskaintza egingo du. Halaber, Aizpeako haitzuloa ezagutzera emateko lanean ari dira, Ariben, bertan aurkitu baitira Nafarroan orain arte aurkitu diren giza aztarna zaharrenak ".

Udalerri guztiek planean parte har dezaten, bi bulego sortu dira Burgin eta Ariben, herritarren proposamenak eta eskaerak biltzeko, zonaldean jarduerak bultzatzeko eta baliabide sozialak eta ekonomikoak indartzeko.

Azpiegiturak hobetzea

Planean bertan jasotako ekintzez gain, Erronkariko Harana Pirinioetako bide-azpiegituren arloan aurten egingo diren zenbait jarduketaren onuradun izango da zeharka. Ildo horretan, Agoizko Kontserbazio Zentroak, eskualdeko errepideen mantentzeaz eta hobekuntzaz arduratzen denak, Zaraitzu eta Erronkariko bailaretako zenbait eremu barne hartzen dituenak, 5,7 milioi euroko aurrekontua du, aurreko urtea baino milioi bat gehiago.

Bestalde, Hezkuntza Departamentuak bi lineako Bigarren Hezkuntzako institutu berri bat eraikitzea aurreikusi du Agoitzen. Institutuak 3,6 milioi euroko aurrekontua izango du eta datorren urtean egongo da martxan. Gainera, Ekialdeko Pirinioetan, Departamentuak 730.000 euro baino gehiago inbertitu ditu ikasturte honetan 335 ikasle garraiatzeko 18 ibilbidetan, beren udalerrietatik ikastetxeetara eramateko.

Kulturaren eta kirolaren arloan, Pirinioek 265.000 euroko inbertsio zuzenak jasoko dituzte 2021ean. Gehiena, 200.000 eurora artekoa, Nafarroako Gobernuak ikasle nafarrentzako eskola-eskiko kanpainaren kostuaren zati bat ordaintzeko ematen duen diru-laguntzari dagokio eta zenbateko horrek eragina du inguruko ekonomian. Julian Gayarre Museoak 45.000 euro jasoko ditu eta Luzaideko frontoia eraberritzeko 20.000 euroko inbertsioa egingo dute.

Zenbait jarduera Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jasota daude. Beste batzuk Nafarroa suspertzeko 2020-2023 Planaren barruan daude, "Foru Komunitateak COVID-19ren pandemiak eragindako krisiaren aurrean emandako erantzuna", Chivite Lehendakariak gogorarazi duenez. Eta, gainera, Europako Next Generation berreskuratze-funtsen onuradun izan daitezke guztiak, laster EBko kide diren herrialdeei emango baitzaizkie eskualdeen artean banatzeko, "ez lurraldeka, baizik eta lehentasunezko jarduera-arloen arabera", Lehendakariak argitu duenez. "Horregatik, Nafarroak ahalegina egin du ekonomia bidezko digitalizaziorantz eraldatzeko erronkei aurre egiteko proposamenak aurkezteko, trantsizio ekologikoa bizkortzeko eta lurraldea egituratzeko".

Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak nabarmendu du Nafarroak erronka handia duela Europako funtsen etorreraren harira. Ildo horretan, maila guztietan eta batasun politikoan batera lan egiteko beharra aldarrikatu du. Horrela, Saizek tokiko erakundeek lan horretan duten garrantzia azpimarratu dut.

Gainera, Saizek gogorarazi du Nafarroako Gobernua arlo ekonomikoan egiten ari den ahalegina, eta egindako lan hori, ostalaritzarako, jatetxeetarako eta turismorako laguntzeko deialdi berrietan islatuko dela, sektore horiek pandemiaren erruz geratu diren egoera arintzeko.

Muga aukera gisa

Pirinioetako Nafarroako herrien kokapen geografiko bereziak funtsezko eginkizuna ematen die Europako funtsekin lagundutako mugaz gaindiko proiektuen garapenean, hala nola Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa Euroeskualdea edo POCTEFA programa europarra. Haren eskutik, mugaz gaindiko lankidetza-proiektuak bultzatu dira, hala nola Bizimugi edo Belaguako Angel Oloron babeslekua birgaitzea.

Gainera, aurten, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak adierazi duenez, Nafarroako Mugaz Gaindiko Estrategia bat bultzatuko da, Foru Komunitateko zonaldeak modu orekatuan garatzeko. Horretarako, 40.000 euro aurreikusi ditu mugaz haraindiko zonaldeetako Merkataritza Antolatzeko Planerako eta beste 15.000 euro mugaz haraindiko behatoki digital bat martxan jartzeko azterketa teknikoetarako. Aurten, gainera, mugaz gaindiko lankidetza-jarduerak sustatzeko laguntza-lerro espezifiko bat sortuko da, 140.000 eurorekin. Gainera, Ollok gogora ekarri nahi izan ditu memoria sustatzeko proiektuak bultzatzeko laguntzen deialdiak, bai eta Nafarroako Memoriaren Institutuak inguru horretan sor daitekeen edozein ekimen babesteko egindako eskaintza ere, bereziki mugari lotutakoa.