113 udalerritako 700 emakumek baino gehiagok parte hartu dute Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren partaidetza sozial eta politikorako programetan
Halaber, 57 emakume-elkartek eta 100 enpresak parte hartu dute NABIk 2018tik 2020ra garatutako zazpi programetan
Ostirala, 2021ko Otsailaren 12a
Eva Istúriz y Marian García, durante la presentación.

Nafarroako 113 udalerritako 717 emakumek parte hartu dute Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (NABI) sustatutako emakumeen partaidetza sozial eta politikorako estrategiaren zazpi programetan ETA  2018tik 2020ra garatu diren programa horietan 57 emakume-elkartek eta 100 enpresak parte hartu dute.

Estrategia prozesu parte-hartzaile baten bidez diseinatu da. Prozesu horretan 140 pertsonak hartu zuten parte eta helburu hauek ditu: emakumeek politika publikoan duten parte-hartze sozial eta politikoa sendotzea, Nafarroako Berdintasun Kontseiluaren eragin politikoa bultzatzea eta ahalduntze-prozesuak sustatzea, emakumeek erabakiak hartzeko guneetan duten parte-hartzea areagotzeko, aniztasunari eta intersekzionalitateari erreparatuta.

Estrategia bi ardatz nagusitan banatu da. Lehenengoaren esparruan, emakumeen eragin politikoa ardatz hartuta, prestakuntza bat garatu da Nafarroako Berdintasun Kontseiluko emakumeentzat eta Nafarroako Toki Erakundeetako Emakume Politikoen Foroa programarako. Bigarren ardatzak emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa jorratu du eta bost programa gauzatu dira: 'Nosotras EmakumeON', 'Impulso - Taupada', 'Iguala', 'Edad Hermosa - ADIN Ederra' eta emakume enpresaburu eta zuzendariei zuzendutako programa bat. Joan den urtean zehar, COVID – 19aren ondorioz, programa horiek beren formatua egokitu zuten, osasun-araudia betez.

Eva Isturiz INAI/NABIko zuzendariak eta Marian Garcia Herritartasun, Jabekuntza eta Emakumeen Partaidetzako zuzendariordeak eman dute programa horien xehetasunen berri prentsaurreko batean.

Nafarroako Berdintasun Kontseiluko emakumeei prestakuntza ematea

INAI/NABIk, Nafarroako Berdintasun Kontseiluko kide diren emakumeen ahalduntze pertsonal eta kolektiborako prestakuntzaren sustapena bultzatu du, ordezkaritza eta parte-hartze politikorako espazio gisa. Horretarako, lidergo pertsonal eta kolektiboko tresna praktikoak eta gaitasunak eskaini ditu. Programak hamar lan-saio izan ditu eta guztira, 28 emakumek hartu dute parte.

Nafarroako Tokiko Erakundeetako Emakume Politikoen Foroa

Nafarroako Emakume Politikoen Foroa toki-erakundeetan politika gauzatzen duten emakumeei zuzendutako ikaskuntza- eta hausnarketa-gune gisa garatu da. Programa hau Iruñean, Tuteran, Garesen eta Pirinioetan garatu da eta 83 emakumezko alkatek eta zinegotzik hartu dute parte.

Guk EmakumeON

Guk EmakumeON ahalduntze feministako programa bat da eta emakumeen parte-hartzea areagotzea du helburu, prestakuntza, ahalduntze eta sare sormenaren bidez. Guztira, 186 emakumek hartu dute parte programa horretan, 57 emakume-elkarteren izenean. Programa Iruñean, Lizarran, Pirinioetan eta Erriberan garatu da.

Gazteentzako programak: 'Iguala' eta 'Impulso - Taupada'

Estrategia horren lana, berezik, gazteei ere zuzendu zaie eta bi programa zehatz diseinatu dira. Alde batetik, 'Impulso-Taupada' emakume gazteen ahalduntze feministarako programa, 14 eta 25 urte bitarteko 59 emakumek parte hartu dutena, Iruñean, Tuteran eta Elizondon. Bestalde, balioen aldaketa soziala sustatzen duen 'Iguala', indarkeria matxista prebenitzeko programa. Azken hau, Tafallan ospatu da eta 19 gaztek hartu dute parte.

Edad Hermosa - ADIN Ederra

'Edad Hermosa - ADIN Ederra' programarekin, adineko pertsonek lehentasunezko lekua izan dute estrategia hau ezartzeko orduan, Programa horrek adineko emakumeen ahalduntzeari, berdintasunezko maskulinitateei eta kolektibo horrekin lan egiten duten profesionalen berdintasunaren arloko prestakuntzari buruzko alderdiak landu ditu. Programa pilotu honetan 34 pertsonak hartu dute parte.

Emakume enpresaburu eta zuzendarientzako prestakuntza

Estrategiak emakume enpresaburuekin eta zuzendariekin egindako lidergo-lana ere jaso du, enpresetako zuzendaritza-postuetan emakumeek duten posizioa aztertzeko, enpresa-munduan sentsibilizazio-tresnak sortzeko, oztopoak ezabatzeko eta dauden desberdintasunak zuzentzeko. Enpresa arloko ehun pertsona baino gehiagok parte hartu dute programa honetan, Iruñean, Tuteran, Azkoienen, Lizarran eta Sakanan.

Programen jarraipena

Estrategiaren amaiera gisa, jardunaldi bat egitea aurreikusi zen, programa horietan parte hartuko zuten emakumeek beren testigantzak eta bizipenak eman eta partekatu ahal izateko. COVID-19aren ondorioz, ekitaldiak bere formatua egokitu behar izan zuen eta lekukotza horiek biltzen dituen bideo bat egitearen aldeko apustua egin zen. Bideo horretan, emakume prestatzaileen ikuspegia eta Marina Subirats soziologoaren hitzaldia ere jaso ziren. Marina Subirats, 1993tik 1996ra Emakumearen Institutuko zuzendaria eta Beijingeko Konferentziako espainiar ordezkaritzaren koordinatzailea da eta emakumeen partaidetza sozial eta politikoak aurrera egiteko duen garrantzian sakontzen du.

Programa hauetan izandako parte-hartzea dela eta, argi geratu da  norabide horretan lan egiten jarraitzearen garrantzia. Ondorioz, INAI/NABIk programa horiek zabaldu eta Nafarroako herri berrietara zabalduko ditu.