Nafarroak 1.500 milioi euro arteko inbertsioak proposatu ditu Foru Komunitatearen lurralde eta gizarte kohesioa sustatzeko

49 proiektu aurkeztu ditu Europako Next Generation berreskuratze programako funtsak lortzeko

2021ko urtarrilaren 25a

Nafarroako Gobernuak datozen sei urtetan 1.534 milioi euro inbertietzeko asmoa du, Foru Komunitatearen lurralde eta gizarte kohesioa lortzeko 49 proiektu abian jartzeko. Zehazki, hori da Foru exekutiboak zehaztutako hiru lerro estrategikoetako bat, estrategia berdea eta digitalarekin batera; guztiak, Europako Next Generation funtsen bultzadarekin COVID-19aren krisiak Nafarroan utzitako egoerari aurre egiteko.

Ildo horretan, Nafarroako Estrategia Digitala 2030 eta Trantsizio Ekologikoaren Estrategia/Navarra Green aurkeztu ondoren (biak Europako Batzordeak Next Generation EU programan markatutako ardatz nagusiekin bat datozenak), Nafarroako Foru Komunitateak, lurralde- eta gizarte-kohesioaren sorta honekin, proposamen hirukoitza osatuko du orain, Europako berreskuratze- eta erresilientzia-funtsen kontura proiektuak finantzatzeko.

Hirugarren atal honetan, Foru Gobernuak, helburuen artean, 49 proiektu estrategiko abian jarri nahi ditu, eta horietan departamentu ezberdinek hartuko dute parte. Horietan guztietan gizarte- eta lurralde-kohesioa ageri da funtsezko elementu gisa; izan ere, horren baitan daude eskualdeen garapen sozio-ekonomikoa eta bizi-kalitatearen hobekuntza.

Aurreikusitako ekimenen artean nabarmentzekoa da Nafarroako Eraldaketa eta Erresilientzia Plana. Bertan, 846 milioi euroko aurrekontuarekin, garraio-azpiegiturak modernizatu nahi dira, Nafarroako Kanalaren bigarren fasea amaitu eta NAVanza Plana abian jarri, herri eta hiri iraunkorrak eraikitze aldera.

NAVanza Planak hartzen du aurreikusitako aurrekontuaren zatirik handiena, 308 milioi euro, eta 2026. urtera arte banatuko lirateke. Nafarroak espero du baterako finantzaketa publikoa zenbateko horren %42koa izatea, mota ezberdinetako jarduerak egin ahal izatearren; hau da, azpiegitura hidraulikoak berritzea, hondakinen kudeaketan ekonomia zirkularra bultzatzea, zuzkidura-eraikinak deskarbonizatzea eta hiriko eta hiriarteko mugikortasun-eredu berria abian jartzea, oinezkoentzako sareek eta bizikletentzako bideek indarra izanik.

Nafarroako Kanalari dagokionean, Lurralde eta Gizarte Kohesioaren estrategiak bigarren fasea abian jartzea aurreikusten du, ura Erriberako hegoalderaino eramateko. 2026. urteari begira, Exekutiboak 221 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, Foru Komunitateko zona horretan uraren eskaerari erantzuteko eta aldaketa klimatikoaren efektuak arintzeko.

Belateko eta Almandozeko tunelen banaketa, Volkswagen barruan trenbideko begizta kentzea eta Noaingo eta Tuterako nodo intermodalak hobetzea dira aurreikusitako beste ekimenetako batzuk, eta horietarako 271 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua egin da.

331 milioi Osasun eta Eskubide Sozialetarako

Dena den, Exekutiboak jarduerak aurreikusi ditu Foru Komunitaterako funtsezkoak diren beste arlo batzuetan ere; hala nola, Osasuna eta Eskubide Sozialak.

Lehenengoan, osasun-sistema berreskuratzeko eta eraldatzeko plana garatu nahi da; besteak beste, azpiegiturak hobetu eta Lehen Arretako sarearen estaldura handiagotuko lirateke.

242 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da, eta, era horretan, Osasun Departamentuak gizarte-kohesioa bultzatu nahi du bide ezberdinak erabilita. Aurrekontuaren zatirik handiena, 132 milioira bitarte, ospitaleko osasun-laguntzako zerbitzuak handitzeko erabiliko da edota osasun mental eta osasun publikorako. Azpiegiturak, ekipamenduak eta zerbitzuak modernizatuko dira zerbitzuen kalitatea eta oinarrizko osasun-eremu guztietarako irisgarritasuna hobetzeko.

Beste 47 milioi euro osasun-zentroak eraikitzeko eta lehengoak modernizatzeko erabiliko dira, eta beste 36 milioi azken teknologiako ekipamendu berriak erosteko.

Jarduera horiekin Eskubide Sozialen arloan aurreikusitako beste batzuk osatuko dira; izan ere, besteak beste, berrikuntza-proiektu bat aktibatu nahi da iraupen luzeko zaintzetan. Horretarako, 53,8 milioi inguru jarriko dira Departamentuarentzat aurrekontuan sartutako 89 milioi eurotatik.

Proiektu berritzaile horrekin, batetik, jarduerak egingo dira egoitza-zentroetan eta eguneko zentroetan, eskuragarriagoak izan daitezen eta bizikidetzako zirkulu murritzagoak ezartzearren. Bestetik, profesional berriak prestatzeko ahalegin handia egitea aurreikusten da, laguntza-eredu berri horri erreparatuta. Iraupen luzeko zainketa-proiektu horren azken blokea teknologia berrien gaineko inbertsioan oinarritzen da, arreta pertsonalizatuagoa eta zuzenagoa izan dadin, telelaguntza aurreratuko zerbitzuen bitartez.

Horri guztiari beste ekimen batzuk gehituko zaizkio; hala nola, oinarrizko gizarte-zerbitzuak indartzea, zentro eta prestakuntza-programa berrietarako 18,8 milioi eurorekin, eta Historia Sozial Elektroniko Bakarra (HSUe) sortzea, pertsona edo familia-nukleo bakoitzaren arlo sozialeko informazio guztia biltzeko, gizarte-zerbitzuen kudeaketa integrala egitearren (horren kostua 8,4 milioi eurokoa izango da).

Hezkuntza eta enpresa, 283 milioi euro

Lurralde eta Gizarte Kohesiorako Estrategiaren barnean, Hezkuntzak funtsezko zeregina du. Modu horretan, Nafarroako Gobernuak 183 milioi eurotik gorako inbertsioa egin nahi du irakaskuntza publikoa eta ikasleen zerbitzuak bermatzeko. Azpiegitura berrietarako inbertsioa 158 milioi eurokoa litzateke 2026ra bitarte. Proiektuan, ikastetxe berriak aurreikusten dira, batik bat landa-eremuei begira, hezkuntzaren aldeko apustu argia eginaz lurraldearen elementu egituratzaile gisa. Garraioa, eskola-jangelak eta teknologiak bultzatzea ageri dira baita ere estrategia honetan, 24 milioi eurotik gorako zenbatekoarekin.

Bestalde, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak 102 milioi euroko inbertsioak aurreikusi ditu kohesioaren ildo estrategiko horretan; zenbateko horrek, neurri handi batean, Arraigo Funtsa elikatzeko balioko du, hots, lankidetza publiko-pribatukoa, landa-inguruneetan jarduera ekonomikoari eusteko eta hori indartzeko. Horretarako, 70 milioi jartzea aurreikusten da planean. Beste 20 milioi euro, berriz, industria-lurzorua garatzeko izango lirateke, Next Generation proiektuak abian jartze aldera.

Nahiz eta partida nagusiak horiek izan, Lurralde eta Gizarte Kohesiorako Estrategiak Nafarroako Gobernuko Departamentu guztien premiak sakontzen ditu, Foru Komunitatea orekatua, kohesionatua eta indartsua izan dadin, COVID-19aren pandemiak aurkeztutako erronka berriak bere gain hartzeko gai izango dena eta Nafarroa garapen sozial eta ekonomikoan estatuan nahiz nazioartean buru izateko aukera emango duena.