2021ko urtarrilaren 19a

Nafarroako XXXIV. Kirol Jokoak deitu dituzte, osasun segurtasuneko protokolo zorrotzekin

Modalitate eta kategoria bakoitzaren hasiera-data kirol-jarduera arautzen duten arauek eta pandemiaren bilakaerak baldintzatuko dute
Nafarroako Eskola Jokoen logotipoa.
camera_alt Nafarroako Eskola Jokoen logotipoa.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako 2020-2021 ikasturterako Nafarroako Kirol Jokoen arauketak edizio honetarako aurreikusi du federazioek beren modalitateetarako Nafarroako Kirolaren Institutuko  protokolo orokorra osatuko duen berariazko  osasun-protokolo bat egitea. 

Nafarroako Gobernuak, NKIren bitartez, Nafarroako XXXIV. Kirol Jokoen deialdia egin du, COVID-19aren pandemiaren ondorioek eragindako zailtasun handiko unean. Egoera dela-eta, osasun-protokolo batzuk ezarri behar dira, kirola segurtasun-baldintzen barruan berriro praktikatzea errazteko.

Edonola ere, “kirolarien osasun-segurtasuna zaindu behar da beti, baina baita gizartearena ere oro har, eta, bereziki, parte-hartzaileekin eta haien ingurukoekin bizi direnena”, azaldu du NKIk.

Osasun-arloko protokolo espezifikoaz gain, kirol-federazioek garatu beharreko kirol-proiektua aurkeztu beharko dute. Edozein modalitate eta kategoria abian jartzeko, NKIko Kirolaren Zuzendariordetzak oniritzia eman beharko du, eta hori indarrean den kirol-araudiaren eta pandemiaren bilakaeraren arabera emango da.

Egoera horiek baldintzatuko dute osasunerako arrisku handikotzat jotzen diren kirol-modalitate batzuk edo programa osoa ere hastea, aldatzea, etetea edota atzeratzea.

Oro har, adin handieneko kategoriekin hastea eta adin txikieneko kategorien hasiera atzeratzea gomendatzen da.

Aldaketak jokoen garapenean

Nafarroako Kirolaren Institutuak zenbait gomendio eman ditu lehiaketa antolatzeko. Horrela, jokoen aurreko edizioen gainean aldaketak egingo dira. 34. edizio hau 2003 eta 2009 urte artean jaiotako ikasleei zuzenduko zaie.

Beraz, kirol-instalazioetan eta ingurunean pertsonak aldi berean ez pilatzeko, jokoaren denbora eta atsedenaldiak murriztea eta ordutegiak aldatzea eskatzen da. Neurri horiekin eta beste batzuekin instalazioa hustea errazten da beste kirolari batzuek sartu aurretik.

Ahal den neurrian, lehiaketa estali gabeko kirol-instalazioetan egingo da, betiere ezarritako osasun-neurriak eta neurri teknikoak betetzen badira.

Liga formatuko kirol-proiektuak garatzeko aukera egonez gero, baldin eta egoerak baimentzen badu, taldeka antolatuko dira hurbiltasun geografikoaren arabera, joan-etorriak saihestearren, liga luzeagoekin eta talde gehiagorekin, kutsatzeen kasuek lehiaketaren garapenean eragin txikiagoa izan dezaten.

Ligako lehiaketen egutegiak egiteko, joan-etorriko partida zehaztuko da elkarren segidako asteburuetan, eta partidak eta jardunaldiak murrizteko aukera emango da, beharrezkoa izanez gero.

Kirol-jardueretan parte hartzen dutenak erregistratu beharko dira, miaketak egin ahal izateko, baldin eta osasun-agintariek hala eskatzen badute COVID-19aren kasu positiboren baten ondorioz.

Osasun-arloko prebentzioaren protokolo orokorra

Nafarroako Kirol Jokoen edizio honetako berrikuntza nagusietariko bat da osasun-segurtasuneko protokolo orokor bat egitea; bertan, adibidez, kluben, federazioen eta kirol-instalazioetako jabeen COVID-19 arduradunen irudi bat sortu da.

Instalazioen erabilerari dagokionean, jende-pilaketak saihestu beharko dira, sarrera mailakatua izango da, eta ezingo da sartu aurreko taldeak atera arte. Gainera, maskara derrigorrez erabili beharko da, baita berotzerakoan ere.

Ez da publikorik baimenduko, eta, parte-hartzaileen kopuruari dagokionez, aurretik jakinarazi beharko da zenbat kirolari deituak izan daitezkeen. Halaber, mugikortasun-zirkuituak sortuko dira, dutxak ez dira erabiliko, eta aldagelak langileen materiala gordetzeko erabili ahal izango dira, instalazioaren titularrak baimena emanez gero. Banako kiroletan, gehienez, edukieraren %75 okupatuko da. 

Garraioari dagokionean, ahal den neurrian, joan-etorriak egitea saihestuko da. Kirol kolektiboen kasuan, salbuespenak salbu, ez dute hiru taldek baino gehiagok bidaia batera egingo.

Instalazioetan COVID-19 gela bat egongo da, sintomak dituzten kirolariak isolatzeko eta zaintzapean eduki ahal izateko.

Positiboren bat suertatuz gero, erakunde antolatzaileek, familiek eta klub parte-hartzaileek osasun-protokoloaren arabera jokatu beharko dute, COVID-19aren susmo eta kutsatze-sintomen aurrean. Gainera, kirolarien osasunarekin loturiko edozein gorabehera berehala jakinarazi beharko zaio COVID-klubaren arduradunari, eta, horrek, aldi berean, COVID-Federazioaren arduradunari jakinaraziko dio.

37 kirol eta 72 modalitate

2020-2021 edizioan 37 kirol-federaziok hartu ahal izango dute parte, eta 72 modalitate ezberdin garatuko dira.

Hauek dira federazioak eta modalitateak: ur azpiko jarduerak (igeriketa hegatsekin), xakea, atletismoa (kros eta pista), automobilismoa (karting), badmintona, saskibaloia, eskubaloia, beisbola (beisbol eta sofbol), txirrindularitza (BTT, errepidea), kirol egokituak, neguko kirolak (iraupen-eskia), mendiko kirolak eta eskalatzea (orientazioa, martxa erregulatuak eta eskalatzea), esgrima (floretea, ezpata), futbola (zelaiko futbola eta areto-futbola), gimnasia (GAF, GAM, GR), golfa (pich and putt eta zelaia), halterofilia, herri kirolak (proba konbinatua, sokatira eta trontza) eta hipika (doma klasikoa), judoa, karatea (kumite eta kata), kick-boxing (kick-light), borroka, igeriketa (igeriketa, waterpolo eta igeriketa sinkronizatua), padela, patinajea (abiadura, artistikoa eta hockey), pilota (esku-pilota, zesta punta, erremontea, laxoa, goma-paleta, larru-paleta, pala motza, trinketea, frontball eta frontenis); piraguismoa (kayak eta kanoa), arrauna (iolak eta arraun olinpikoa), errugbia, taekwondoa (borroka eta poomsae teknika), tenisa, mahai-tenisa, arku-tiraketa (aretoa, aire zabalekoa eta zelaikoa), triatloia (triatloia, duatloia eta akuatloia), bela (optimis eta laser) eta boleibola.

Programaren helburuak, besteak beste, hauek dira: kirol-arloko parte-hartzea ahalbidetzea, hezkuntza-izaera eta kirolaren balioen sustapena azpimarratuaz, eta kirol-jarduera inklusiboa bultzatzea, parte-hartzaileak diskriminatu gabe.

Era berean, hainbat jarduera fisiko eta kirol-jarduera eskaini nahi dira, emakumeen kirola, ezarpen gutxiko kirol-modalitateak edo adin horietan izaera ludikoa dutenak sustatzeko, eta joko garbia, errespetua, inklusioa, berdintasuna, gainditzea eta adiskidetasuna bultzatzeko jarduerak eta keinuak sustatzea eta aintzatestea.

Pandemia-egoera dela-eta, NKIk "eskertu eta aitortzen du kirol-federazioak, klubak eta tokiko erakundeak egiten ari diren ahalegina, kirola osasun-bermeekin praktikatzeko”. Gainera, “familiei eta kirolari parte-hartzaileei eskatzen die ezarritako osasun-neurriak eta -protokoloak betetzen lagun dezatela”.