COVID-19aren aurkako txertoaren bigarren dosia ematen hasi dira Nafarroako adinekoen egoitzetan
El Vergelen hasitako zentro soziosanitarioetako txertaketa-prozesua otsailaren 12an amaituko da
Astelehena, 2021ko Urtarrilaren 18a

Gaur hasi da COVID-19aren aurkako txertoaren bigarren dosia ematen Nafarroako adinekoen zentroetan, aurreikusitako egutegia betez. Bigarren fase hau Nafarroako Gobernuaren El Vergel zentroan hasi da, eta lehena izan zen abenduaren 27 an lehen dosia ematen.

Eskubide Sozialetako kontseilaria den Carmen Maeztu pozik agertu da ezarritako epeak betetzen ari direlako. “Pasa den ostiralera bitarte, 9.852 pertsonari jarri zaie txertoa (6.316 egoiliar 3.536 profesional). Urtarrilaren 21ean lehen fasea amaituko da, eta otsailaren 12an txertaketari amaiera emango zaio bigarren dosiarekin”.

“Oso garrantzitsua da plangintza zorrotz bete izana, birusaren aurrean zaurgarriena den sektoreetako bat babesten ari baikara, pandemian zehar egiaztatu denaren arabera”, adierazi du Maeztuk. Era berean, hamabost egunez behin baheketak egiten jarraitzen dugu, besteak beste, pasa den astean aurkitutakoak bezalako agerraldiak detektatzeko.

Kontseilariak nabarmendu du egoiliar eta langile askok beren borondatez hartu dutela txertoa, aurreikusitakoak baino gehiagok, eta, beraz, “erantzukizun handia erakutsi dute”. Txertoaren aurreko erantzun positiboa %94koa izan da. Soilik %2ak baztertu du; gainerako txertaketak, berriz, hitzorduaren zain daude ezarritako egunean joaterik ez izateagatik.

Halaber, esan du “aurreratu egin dela eta jada hasi direla mendekotasun handiko pertsonei eta haien zaintzaileei txertoa jartzen (6.000 lagun baino gehiago). Garrantzitsua da talde hori immunizatzea zaurgarritasun handiarengatik, etxeetan bizi diren mendekotasun handieneko pertsonen taldea izateagatik”.

COVID-19aren 60 kasu aktibo adinekoen zentroetan eta 10 desgaitasuna duten pertsonen zentroetan

Ia kasurik gabeko aste batzuen ondoren, azken hamabost egunetan agerraldiak detektatu dira hainbat zentrotan, eta, beraz, kasu aktiboak igo egin dira adinekoen zentroetan nahiz desgaitasun-zentroetan.

Modu horretan, 60 kasu aktibo daude adinekoen zentroetan; horietako 3 ospitaleratuta daude, eta 15 tarteko baliabideetara eraman dira. 42 kasu egoitzetan daude, horietako 18 sintomekin eta 24 sintomarik gabe.

Alta epidemiologikoak 453 izan dira uztailean bigarren olatua hasi zenetik.

Halaber, gehitu egin dira bajan dauden profesionalak. Une honetan, 22 profesional daude bajan, 15 sintomekin eta 7 sintomarik gabe.

Desgaitasun-zentroei dagokienean, duela hamabost egun Iruñeko zentro batean hautemandako agerraldiaren ondoren, kasu aktiboak jaitsi egin dira. 10 kasu daude, horietatik 7 zentroan bertan sintomekin eta 3 tarteko baliabide batean.

Langileen artean, 24 bajan daude, 2 sintomekin eta gainerakoak sintomarik gabe.

Azkenik, 95 pertsonak hartu dute alta uztailaz geroztik.

Kontseilariak beste behin azpimarratu du garrantzitsua dela neurriak behar bezala betetzea. “Azken txanpan gaude bigarren dosiarekin txertaketa-prozesua amaitzeko. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institututik adierazten duten moduan, bigarren dosia eman eta soilik astebetera lortuko da %95 inguruko babes-portzentajea”.

Familiak eta egoiliarrak modu positiboan eta arduratsuan erantzuten ari dira bisitak eta irteerak ahalik eta gutxien egiteko Eskubide Sozialetako Departamentuak egiten duen deialdiari, txertaketa-prozesuan agerraldiak saihesteko neurri moduan, horrek immunizazioa atzeratzea ekar baitezake kaltetutako zentroan.

Horrela, indarrean jarraitzen dute 2020. urtearen amaieran onartutako neurriek; hots, bisitak eta irteerak egiteko baldintzak ezartzen dituztenek, eta, ondorioz, oraingoz ez dira zentroak itxi, pandemiaren lehen olatuan gertatu zen moduan.

Txertoa.
Dosia prestatzen.
Dosia prestatzen.
Txertoaren lehen dosia jaso zuen gaixoa bigarrena txertatzen dioten unean.