Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak COVID-19aren eraginari erantzuna emateko neurri fiskal berrien Foru Lege Dekretua onartu du
2021ko urtarrilaren 13a
Nafarroako Gobernuak COVID-19aren eraginari erantzuna emateko neurri fiskal berrien Foru Lege Dekretua onartu du
Se ha aprobado otro Decreto Foral de armonización del IVA en el precio de mascarillas, vacunas y bebidas azucaradas
Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, foru dekretu bat onetsi du, COVID-19ak jarduera ekonomikoen eremuan duen eraginari erantzuteko zerga arloko neurri batzuk jasotzen dituena, enpresa txiki eta ertainen zein autonomoen finantza-arazoak hein batean arintzeko.
Besteak beste, autolikidazioetatik eratorritako zerga-zorren salbuespenezko atzerapena ezartzen da, horiek aurkezteko eta borondatez ordaintzeko epea 2021eko urtarrilaren 1etik apirilaren 30ekoa bada.
Atzerapena gehienez 7 hilabetekoa izango da, eta horietatik lehen hiru hilabeteak interesik gabekoak izango dira.
Era berean, Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergaren (PFEZ) zergadunek, jarduera ekonomikoak egiten dituztenek, ez dute egin beharrik izango 2020ko laugarren hiruhilekoari dagokion ordainketa zatikatua.
Horrez gain, Sozietateen gaineko Zergan eta PFEZan ezarritako epeak 6 hilabetetik 3ra murriztea jasotzen da dekretuan, balizko kaudimengabezien bidezko galera jakin batzuk kentzeko. Modu berean, hiru hilabetera murrizten da errentariek zor dituzten zenbatekoak zalantzazko kobrantzako saldotzat hartzeko epea.
Azkenik, pizgarri fiskal bat egongo da turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren sektorearekin loturiko jarduera ekonomiko jakin batzuk garatzeko lokalak alokatzen dituzten eta 2021eko urtarrileko, otsaileko eta martxoko alokairua jaistea borondatez adostu duten pertsona fisikoentzat. Kasu horretan, beherapen hori gastu kengarri gisa zenbatu ahal izango da, kapital higiezinaren errendimendua kalkulatzeko.
BEZaren zerga-harmonizazioa
Halaber, Nafarroako Gobernuak Legegintzako Foru Dekretua onartu du gaurko bileran, eta, horren bitartez, Balio Erantsiaren gaineko Zergari (BEZ) buruzko 19/1992 Foru Legea, abenduaren 30ekoa, aldatuko da.
LFD horren helburua da Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 32. artikuluan xedatutakoa betetzea; horren arabera, Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokionean, Estatuko lurraldean une bakoitzean indarrean diren oinarrizko printzipio, arau substantibo eta formal berak aplikatuko ditu Nafarroako Foru Komunitateak.
Dekretu honetako alderdi esanguratsuenetako bat da %10eko zerga-tasa aplikatzetik kanpo geratzen direla eta %21ekoa izango dutela azukre edo edulkoratzaile erantsiak dituzten edari freskagarri, zuku eta gaseosoen entregek, erosketek edota inportazioek (Europar Batasunaren barruan).
Gainera, 2021eko apirilaren 30era arte luzatzen da %0ko zerga-tasa aplikatzea COVID-19ari aurre egiteko osasun-materialaren Europar Batasuneko barruko entregei, inportazioei edo erosketei, baldin eta horien hartzaileak irabazi asmorik gabeko erakunde publikoak eta ospitaleak badira. 2020ko urriaren 31ra arte, gai hori apirilaren 29ko 4/2020 Foru Lege Dekretuak arautzen zuen, koronabirusaren osasun-krisiak sortutako inpaktuari erantzuteko premiazko neurriak onartzen zituenak, eta abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19aren bidezko kasu positiboak gehitzetik eratorritako arrisku bereziaren egoeraren aurrean erantzuteko aparteko neurriak ezartzea onartzen zuenak.
Bestalde, 2020ko azaroaren 19tik hasi eta 2021eko abenduaren 31ra arte, %21etik %4ra jaitsi da erabili eta botatzeko maskara kirurgikoei aplikatu beharreko BEZaren zerga-tasa, horien hartzaileak lehen aipatutakoak ez badira.
Azkenik, 2020ko abenduaren 24tik 2022ko abenduaren 31ra arteko indarraldiarekin, %0ko BEZa aplikatuko zaie COVID-19aren in vitro diagnostikorako osasun-produktuen eta txertoen entregei, inportazioei eta erosketei (Europar Batasunaren barrukoak) nahiz produktu horiek garraiatzeko, biltegiratzeko eta banatzeko zerbitzuei.