2021ko urtarrilaren 10a

Landa Garapenaren eta Ingurumenaren 2021eko aurrekontu-ahalegina ekonomia zirkularrean eta aldaketa klimatikoan eta tokiko produktuen sustapenean oinarrituko da

Departamentuak aurreikusitako gastu osoa 99,5 milioi eurokoa da
collections Irudi galeria

Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamentuak 2021erako aurrekontuari eutsi dio krisi-garaian funtsezkoa den sektorearentzat, 99,5 milioi euroko gastua aurreikusita. Aurrekontuaren banaketa zehazten duten ildo estrategikoetan, nabarmendu behar da gastua igo dela ekonomia zirkularrean eta aldaketa klimatikoan (%12,4) nahiz Nafarroako tokiko produktuen sustapenean, partida bikoiztu egin baita. Modu horretan, Departamentuak 2021erako duen aurrekontuan 2020ko zenbateko bera (105,5 milioi euro) izango da ia, %5,7ko jaitsierarekin. 

Departamentuaren aurrekontuaren 2021eko banaketa Foru Exekutiboak bultzatzen duen Nafarroa Green estrategian kokatzen da, Europako Itun Berdearekin bat egiten duen estrategian, eta trantsizio ekologikoa politika guztien erdian kokatzen du. Ildo horretan, Departamentuaren gastuaren lehentasunak nahiz legeria-arloko jarduerak ekoizpen- eta kontsumo-eredu berri batera bideratzen dira; hori izango da Nafarroak datorren hamarkadan izango duen ibilbide-orria, eta, bertan, aldaketa klimatikoaren aurkako borroka eta ingurumenaren babesa funtsezko ardatzak izango dira.

Ingurumenarentzako aurrekontua %12,4 gehitu da, eta 23,1 milioi eurokoa izango da

Ingurumenaren Zuzendaritza Nagusiarentzat aurreikusitako gastua %12,4 gehitu da aurten, Departamentuaren konpromisoari erantzuteko isurpen baxuko ekonomia aldera joaz, ekonomia zirkularra aktibatu, kutsadura murriztu eta basoko ekosistemak eta biodibertsitatea zaintzeko eta berrezartzeko.

2021erako zuzkidura ekonomiko handiena duen zerbitzua Ekonomia Zirkular eta Aldaketa Klimatikoarena da, gutxi gorabehera 9 milioi eurorekin, aurreikusi baita beharrezkoa dela ingurumen-eragina duten jarduerak ikuskatzea, kutsadura prebenitzea, aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzea eta hondakinen kudeaketa planifikatzea, iraunkortasunerako jotzeko ereduaren aldaketan funtsezko ingurumen-erronketako bat izanik. Zehazki, 4,3 milioi euro (Hondakinen Funtsekoak) honako hauetarako erabiliko dira: prebentzioarekin loturiko ekintzak; hondakinak berrerabiltzeko, birziklatzeko eta gaika jasotzeko prestaketa; eta jarduera orokor eta ingurumen-larrialdiko jarduerak.

Baso Kudeaketaren eta Kudeaketa Zinegetikoaren Zerbitzuak 8 milioi euro inguru izango ditu ingurune naturala artatzeko, baso-kudeaketa eta -plangintzaren eta kudeaketa zinegetikoaren arloetan aprobetxamendu iraunkorra egitearen ikuspegitik; era berean, langile-kopurua indartuko da GAN-NIK enpresa publikoaren bitartez (Nafarroako Ingurumen Kudeaketa), Nafarroako Baso Agenda garatzeko. Nabarmentzekoa da, halaber, 2,68 milioi euro bideratuko direla basoko diru-laguntzetarako, tokiko erakunde eta agente pribatuentzat.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak 5,5 milioi euro inguruko aurrekontua izango du espazio naturalak kontserbatzeko, espezieak babesteko, ibai-ingurunea kudeatzeko, arrain-hazkuntzaren jarduera barne, eta planen, programen eta proiektuen inpaktuak ebaluatzeko eta horien segimendua egiteko. Horretarako, GAN-NIK enpresari enkarguak egingo zaizkio guztira 1,8 milioi euroren truke.

Nabarmentzekoa da, baita ere, Zaintza eta Ingurumen Kalitateko Zerbitzuaren mugape ezberdinetan instalazioak egokitzeko gastua igo egin dela, 80.000 eurotik 260.000 eurora.

Aldaketa klimatikoarekin loturiko lana areagotzeko, egokitze eta arintze osagaietan, Zuzendaritza Nagusiak bost plaza berri izango ditu 2021ean: bi biologorenak, 2 kimikarirenak eta 1 administrazio-profilarena.

Nekazaritza eta Abeltzaintza: 48,4 milioi funtsezkoa den sektorea finkatzeko

Nekazaritza eta Abeltzaintzaren Zuzendaritza Nagusiak murrizketarik gabe izango du gastua sektorearentzako ildo estrategiko guztietan, krisi honetan funtsezko izaera berretsi egin du eta beste behin.

48,4 milioi izango dira sektorea finkatzeko eta COVID-19aren pandemiatik eratorritako zailtasunei aurre egiteko, 2020an laguntzetan (5,5 milioi) jada zehaztutako neurriei jarraipena emanaz eta horiek osatuaz, osasun-krisiaren inpaktu soziala, ekonomikoa eta ingurumen-arlokoa arintzeko. Modu horretan, laguntzak hauek izango dira: haragitarako behiak, 800.000 euro; ardi-hazienda, 1,3 milioi euro; abelburu biziak, 750.000 euro; destilazioa, 247.000 euro; eta eteentzako laguntza, 2 milioi euro; eta produktuen sustapena, 275.000 euro.

Nekazaritzan, aipatzekoa da nekazaritzako aseguruetarako gastuarekin jarraituko dela, 3,6 milioi eurorekin. Horrela, Nafarroako nekazariek Estatuan aseguru-sistema merkeena izaten jarraituko dute.

Nekazaritza eta ingurumen arloko konpromisoari eutsi zaionez, 3,1 milioi euro izango dira abeltzaintza iraunkorrarentzat, Mediterraneoko nekazaritza-sistementzat, Bardeetan ardien artzaintzarako, estepetarako, galtzeko arriskuan dauden arrazetarako. Muga naturalak dituzten zonek 5,1 milioi euroko laguntzak izango dituzte eta ekoizpen ekologikoa babesteko eremuek 2,1 milioi euro.

Abeltzaintzan, abeltzaintza estentsiboari laguntzeko, 80.000 euroko partida espezifikoa esleituko da Plan Estrategikoa egiteko

Animalien Ongizateari dagokionean, legearen erregelamendu-garapena aurreratzen ari da; horrela, lagun egiteko animalien babesa onartu da, eta Udalentzako eta erakunde kolaboratzaileentzako hainbat laguntza-lerro atera dira. Animalien osasunean, gastua txerrien, ardien eta behien txertoan eta saneamenduan banatu da.

Azpiegituren kapituluan nabarmentzekoa da abeltzainen tokiko azpiegituretarako partidari eutsi zaiola (1,1 milioi) eta eremu ureztagarriaren kanonari ere bai, 17,7 milioi euroko urteko konpromisoa.

28 milioi Landa Garapenerako: Sustapenerako partida bikoiztu da

Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren lan-ildo nagusiak hauek dira: lehen sektorearen lehiakortasuna indartzea nekazaritza-ustiategietan inbertsioak eginaz eta jardueran gazteak sartuaz; makinak elkarren artean erabiltzeko kooperatibak indartzea; biosegurtasuna; eta Nafarroako kalitatezko figurak eta tokiko ekoizpenen ziklo laburreko merkaturatze-zirkuituak sustatzea.

Horiekin batera, nabarmentzekoa da nekazaritza-ustiategien berrikuntza eta aholkularitza bultzatzea, NPEren (Nekazaritza Politika Erkidea)  ildo estrategiko handiekin loturiko gaietan; jardueren dibertsifikazioa; kooperatibismoari eustea; eta, bereziki, COVID-19ak eragindako egoera arintzea.

Nekazaritzako elikagaiak sustatzeko eta ziurtatzeko kapituluan, aurrekontu-ahalegina bikoiztu egin da, eta 4,3 milioi euro izango dira kalitatearen (DO, IGP), artisautzaren eta ekologiaren figuretarako, tokiko produktuarentzat eta zirkuitu labur eta aholkularitzarako. Gainera, 2021ean 2 milioi euroko aparteko COVID-19 laguntza ordainduko zaie bereziki kaltetutako nekazari eta enpresa txiki eta ertainei.

Jarraipena izango dute, halaber, sektorera profesional moduan sartutako gazteentzako laguntzek, guztira 3,1 milioi euro, eta instalaziorako deialdi berria egingo da, 3,5 milioi eurokoa.

Beste partida garrantzitsu bat 5,1 milioi eurokoa da nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko, eta zenbatekoaren zati bat ordainduko da osasun-krisia medio oraindik gauzatu ezin izan diren lanetarako. Era berean, jarraipena emango zaie nekazaritza-ustiategiak modernizatzeko deialdiei (12 milioi euro), elkarren artean erabiltzeko makinen kooperatibetan inbertsioak egitekoei (milioi 1) eta ustiategientzako aholkularitzarako (1,9 milioi).

Horrez gain, laguntza ematen jarraituko da nekazaritza-jarduera dibertsifikatzeko jardueretarako, sektoreko proiektu pilotu berritzaileetarako nahiz toki-garapeneko estrategia parte-hartzaileetarako (LEADER); guztira 6,3 milioi euro bideratuko dira.