Foru Gobernuak eta Nafarroako Parlamentuak datozen hilabeteetarako lan bateratua koordinatu dute
Chivite eta Hualdek Urteko Plan Arauemailea, COVID-19ari aurre egiteko foru dekretuak eta Jokoaren, Foru Berriaren eta Ehiza eta Arrantzaren arauak jorratu dituzte
Astelehena, 2021ko Urtarrilaren 4a
María Chivite eta Unai Hualde

Foru Gobernuak eta Nafarroako Parlamentuak datozen hilabeteetarako lan bateratua koordinatzen hasi dira. Horregatik, María Chivite eta Unai Hualdek bilera izan dute gaur goizean Nafarroako Jauregian. Bertan Urteko Plan Arauemailea, COVID-19ari aurre egiteko foru dekretuak, zein Jokoaren, Foru Berriaren, eta Ehiza eta Arrantzaren arau berriak landu dituzte, bestelako gaien artean.

Zehazki, bi lehendakariek 2021erako Urteko Araugintza Planaren edukia aztertu dute. Plan hori abenduaren 30ean onartu zuen Gobernuak  eta lege eta arau ekimenak jasotzen ditu. Helburua segurtasun juridikoa bermatzea da, herritarrek ordenamendu juridikoari buruzko aurreikuspenak aldez aurretik ezagutu ahal izan ditzaten.

Gainera, Chivitek eta Hualdek "positibotzat" jo dituzte COVID-19ari aurre egiteko iaz onartutako foru dekretuak eta 2021 estreinatu berri den honetan horrelako arauak onartzen jarraitu beharko dela uste dute.

Halaber, Foru Berriaren, Ehiza, Arrantzaren eta Jokoaren etorkizuneko foru legeen azterketa txostenak bultzatzeko beharrari heldu diote. Azken horri dagokionez, gogorarazi behar da 2020ko martxoan Gobernuak taberna eta kafetegietan jokorako eta apustuetarako makinak instalatzeko eskaera berriak ez onartzea erabaki zuela, Jokoari buruzko Foru Legearen aldaketa indarrean jarri arte.

Azkenik, Chivitek eta Hualdek Nafarroako Parlamentuak urtero bezala agindutako azken "Navarrometroaren" edukia aztertu dute eta bat etorri dira klase politikoa pandemiari aurre egiteko inguruabarren mailan egoteko beharrarekin, herritarrek eskatzen duten bezala.

María Chivite eta Unai Hualde