Nafarroak hamabostean behin baheketak egingo dizkie komunitateko egoitza guztietako profesional soziosanitarioei

Neurria berria da Estatuan, lau zentro publikoekin hasiko da, eta horrek COVID-19aren transmisio-bektoreak detektatzeko lehentasunezko estrategia dakar.
2020ko abenduaren 14a
collections Irudi galeria

Osasun Departamentua, Eskubide Sozialetako Departamentuarekin batera, aste honetatik aurrera hasiko da baheketa soziosanitarioak egiten Komunitateko  egoitza guztietako 5.100 profesional soziosanitarioei. Neurri hori aitzindaria da Estatuan, eta Foru Gobernuaren lehentasunezko estrategia da  eremu soziosanitarioa babestea, zentro horietan transmisio-bektoreak detektatuz.

Neurriak 1,34 milioi euroko inbertsioa eskatzen du; horren bitartez, 15 egunez behin eta bi hilabetetan, proba diagnostikoak egingo zaizkie profesional soziosanitarioei, eta, ondoren, ebaluatu egingo dira. Guztira, 112 zentro hartuko dira; hots, adinekoen egoitzak, kongregazio erlijiosoak, desgaitasunekoak eta Osasun Mentaleko zentroak. Baheketak modu mistoan egingo dira laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuen eta egoitza-zentroetako eta kongregazio erlijiosoetako profesionalen artean. 

Ekimena lau zentro publikotan jarriko da martxan; horrela, El Vergel Egoitzako, CAIDIS San Joseko eta Lizarrako Santo Domingo Egoitzako 500 bat langilerengana iritsiko dira. Era berean, San Francisco Javier Zentroko 160 soziosanitariorengana ere iritsiko dira; izan ere, orain agerraldiarekin daude eta, ezarritako protokoloaren arabera, planaren barruko baheketa ez da egingo hori konpondu eta bi aste igaro arte. Gune horretan, derrigorrezkoa denez, Osasun Departamentua astero testak egiten ari da langile guztiei. 

1,64 milioi euroko aparteko inbertsio-ahalegina

Azken 8 hilabeteetan, pandemia hasi zenetik, Osasun eta Eskubide Sozialetako Departamentuak egiten ari diren lanaren bidez sortu da estrategia. Apustu horrek arlo soziosanitarioan 1,64 milioi euroko aparteko inbertsio-ahalegina egitea eskatu du. Aurrekontuaren bultzadaz gain, egoitzak babesteko politikan, lan garrantzitsua izan da zentroekin etengabe koordinatzea, Unitate Soziosanitarioaren bitartez, eta sinergia hori funtsezkoa da prebentziorako eta erantzuteko estrategian.

Profesional horiei hamabost egunetik behin baheketa egitea beste urrats bat da kutsatzeak saihesteko helburu nagusian. Hor sartzen dira Osasun Departamentuak jada burututako programak: SEPRORESI, zentro soziosanitarioetako 5.636 egoiliar eta 10 erabiltzailetik gorako kongregazioak hartu zituena, eta SEPROSANA 1 eta 2, 6.400 Elisa test eginda Osasuneko eta kontratakoetako langileei eta 20 egoiliar baino gehiago dituzten zentro eta kongregazioetako soziosanitarioei. Halaber, beste 2.802 PCR egin zaizkie egoiliarrei eta 2.140 proba langileei.

Egindako Jarduera Planean, baita ere, Nafarroako Ospitale Guneko (NOG) geriatria-unitatearen eta Etxeko Ospitaleratzearen (EEO) laguntza sartzen dira –74.429 euroko inbertsioarekin- eta Unitate Soziosanitarioaren prestakuntza -105.893 euro-; bertan, Osasun eta Eskubide Sozialetako Departamentuek parte hartu dute, hots, 2 medikuk, Erizaintzako 5ek, Administrazioko 2k eta gizarte-langile batek.  Aldi berean, asteburuetan bisita egiteko nahiz gaixotasunaren gorabehera handia detektatutako zentroei aparteko laguntza eskaintzeko talde mediko bat antolatu da.

Departamentuen beste lanerako ildo bat izan da bitarteko baliabideak hornitzea; hots, Amavir Argaray uztailean eta San Adrián irailean, pandemiaren lehen olatuan irekitakoez gain (Félix Garrido eta Fiteroko Bainuetxea, martxoan eta apirilean, hurrenez hurren). Egoitzentzat laguntza izan ziren COVID-19a horien barnean ez transmititzeko eta behar bereziak dituzten pertsonen arreta integrala hobetzeko, besteak beste. Horrez gain, koronabirusa zuten mendeko pertsonak, etxetik zetozenak, artatzeko aukera eskaini du, horietan isolatzeko neurri egokiak mantentzea ezinezkoa zenean.

Beste jarduera-eremu bat Unitate Soziosanitarioaren babesa izan da, Zerbitzu Zentraletatik egindakoa. Prebentzio-bisitak eta aholkularitza emateko bisitak egin dira kontingentzia-planak ezartzeko eta dagozkion protokoloak aplikatzeko, baheketak eginda egoiliarrei eta langileei kasuren bat detektatutakoan.

Baliabide horiei Eskubide Sozialetako Departamentuko profesionalak gehitu zaizkie, behar izan duten zentroetara joan baitira agerraldiaren kasuan kudeatzen laguntzeko.

Bestalde, inbertsio-ahalegina nabarmena izan da baita ere oxigenoa -448.042 euro- eta babesa (NBEak) -450.000 euro- bezalako materialetan.

Eskubide Sozialen aparteko gastua

COVID-19a dela-eta, Eskubide Sozialetako Departamentuaren jarduera ezberdinek aparteko gastua eskatu dute pandemia hasi zenetik; hau da, 14,2 milioi euroko gastua egin da. Horietatik 7,2 milioi Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari (ANADP) dagozkio adinekoekin, desgaitasuna duten pertsonekin eta adingabeekin jarduerak egiteko. Tartean aipatu behar dira bitarteko baliabideak, ekipamenduak, espazioak egokitzea, material klinikoa, garbitegi-, garbiketa- eta desinfekzio-zerbitzuak, jantzi eta oinetako egokiak.

Funts horiekin aurre egingo zaie, halaber, pandemiak Nafarroako egoitza-zentroetan eragindako aparteko gastuei. Modu horretan, 3,6 milioi euro jasoko dituzte. Horietatik 1,1 Estatuko aparteko funtsetatik datoz.

Azaroaren hasiera aldera, 2,5 milioi euroko lehen ordainketa egin zen, eta Nafarroa COVID-19a dela-eta adinekoen egoitzei kalte-ordaina ematen dien lehen komunitatea izatera iritsi da.

%41,53a erabiliko da pandemiaren lehen fasean (diru-sarrera berriak eten zirenean) plazak hutsik egoteagatik jaso ez ziren diru-sarrerak konpentsatzeko; %40.38, berriz, bajek eta langileen errefortzuek eragindako gastuak konpentsatzeko, eta, gainerakoa, %17,19 askotariko materialetarako.

Bestalde, baheketak egingo diren egoitza-zentroetan egoerak aldeko joera izaten jarraitzen du, egoiliarren artean kasuak murriztuta eta langileen bajak ere gutxituta.

Adinekoen zentroetan, 179 kasu aktibo zeuden azaroaren 17an, eta 12 dira orain azken txostenean; alegia, %93 jaitsi dira. Soilik pertsona bat dago bere egoitzan, gainerakoak ospitaletara edo bitarteko baliabideetara eraman baitira.

Kasu gehienak eta bajan egondako langileen kopuru handiena bat datoz azaroaren 17an; hots, 88 pertsona; azken txostenean, aldiz, 27 dira, %69 gutxiago.

Desgaitasuneko zentroei dagokienean, kopuru handienak urriaren amaiera aldera izan ziren. Kasu aktiboen kopuru handiena 35era iritsi zen, eta egun 2 daude. Bajak, berriz, lehengo 43tik egungo 5era igaro dira.