2020ko abenduaren 9a

Denok Bat eta CEDERNA Garalurrek bultzatutako eta Nafarroako Gobernuak finantzatutako “TopTopa” online salmentarako plataforma aurkeztu da, txikizkako merkataritza, ostalaritza eta tokiko zerbitzuetarako

Bera, Lesaka, Doneztebe, Baztan, Sakana, Leitza eta Iruñeko 46 saltokirekin jarriko da martxan

Gaur goizean, “TopTopa” online salmentarako plataforma aurkeztu da Iruñean. Plataforma hori Denok Bat Merkataritza eta Zerbitzuen Federazioak bultzatzen du, CEDERNA Garalur tokiko ekintza-taldearekin elkarlanean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren finantziazioarekin eta Nafarroako Gobernuaren Garapen EKonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren babesarekin. 

Online plataforma berriaren bitartez, erabiltzaileek eta bezeroek produktuak eta zerbitzuak zuzenean eros ahal izango dizkiete saltzaileei bitartekorik gabe. Plataforma Denok Batek kudeatuko du irabazi asmorik gabe, atxikitako establezimenduen ordezkari gisa.

Proiektuarekin bat egin dute orain arte 46 establezimenduk: Sakanako 11, Berako 9, Doneztebeko 8, Lesakako 7, Baztango 7, Leitzako 2 eta Iruñeko Errotxapea auzoko 2. TopTopa plataformara oraindik atxiki daitezke tokiko eta hurbileko txikizkako merkataritzako sektoreko establezimenduak, tokiko ekoizleak, Nafarroako tokiko eta hurbileko ostalaritza, hotel eta zerbitzuetako establezimenduak, Nafarroan establezimendu fisikoa edo tokiko lehen mailako ekoizpen-jarduera baldin badute eta negozio txiki, hurbileko, tokiko, kalitateko eta autonomoko eredua partekatzen badute.

Ekimena aurkezteko ekitaldian izan dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gomez eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Manu Ayerdi. Gomezek online merkatu honen formularen abantailak nabarmendu ditu; izan ere, saltoki txikiak hartzeaz gain, kostuak aurreztu eta tokiko garapena ikusarazi eta sustatzen du.

Kontseilariak COVID-19aren esparruko murrizketa-garai honetan TopTopa plataformaren aukera azpimarratu du, horren abantailak zehaztearekin batera; izan ere, “online merkatu-formula honetan saltoki txikiak kokatzen dira, eta kostuak aurrezten dituen espazio birtuala eskaintzen die”. Gainera, “tokiko garapena ikusarazten eta sustatzen du, eta lurraldeko bertako sustraiekin, landa-ekonomia aktibatu eta hurbileko produktuak bultzatzen ditu”.

Horrez gain, proiektuari emandako finantza-babesa azaldu du kontseilariak. Departamentuak eta CEDERNA Garalurrek 2020rako sinatutako hitzarmenaren bidez eratu da; horrekin egin zen, baita ere, Nafarroako mendialdeko merkataritza-sektoreko belaunaldi-erreleboari buruzko azterketa, hamar urtera begira. Txikizkako merkataritza-sektorerako online salmenta edo "market place" plataforma pilotu erakusle bat diseinatu eta egikaritzea hitzarmeneko ekintzetako bat da, eta bezeroari arreta emateko marketingaren eta teknologia berrien arloko prestakuntza-eskarian zehaztutako beharrei eta gogoetei erantzuten die, kudeaketa eta sustapenera bideratuta.

Bestalde, Manu Ayerdik esan du plataforma berriak erakusten duela eraldaketa digitalak eta txikizkako merkataritzak bat egin dezaketela, kontsumitzaileentzat balio erantsia sortzen duten elkarte-formuletan oinarrituta. “IKT erremintak erabilita komertzializatzeko kanal berriak ireki daitezke. Baina funtsezkoa da erreminta horiek behar bezala bat egitea negozioaren errealitatearekin, helburuekin eta interesatzen zaion eta lehia daitekeen erradio geografikoarekin. Funtsezkoa da estrategia bat definitzea eskualdeko produktu bati balioa emateko tresna egokienak hautatzeko.

Lan hori Denok-Batek burutu du barne-hausnarketaren ondorioz eta negozioak modernizatzeko eta bezeroen premietara egokitzeko eguneroko ahaleginaren ondorioz”.

Establezimendu bakoitzerako mikro espazio ezberdinak

Tresna berriak funtzio bikoitza izango du: saltoki komertzialek argitaratutako produktuak zuzenean saltzea eta produktu horiek ez ezik, saltoki komertzialak berak ere erakustea.

Plataformaren funtzionamendua Funtsak elkarteak zehaztu du; hots, erremintaren softwarea garatu duen enpresak. Mikro espazio ezberdinak ditu establezimendu bakoitzerako, eta, sare komun batean baldin badaude ere, erakunde bakoitzak kudeatzen ditu. Beraz, horrek autonomia bermatu eta aldi berean online salmenta-plataforma handietatik desbinkulatzeko aukera ematen du.

CEDERNA-Garalurreko Patxiku Irisarri lehendakariak gogoratu du esku hartu dutela proiektua garatzen eta abian jartzen. “Esperientzia pilotu honek CEDERNAren izpiritua, filosofia eta helburua betetzen ditu; alegia, lurraldeko garapen endogenoko proiektuak bultzatzea”, eta mendialdeko saltzaileen eskura garaiarekin bat datorren salmenta-kanal berria jartzeak duen garrantzia azpimarratu du.

Denok Bat Federazioko lehendakaria den Deñe Abuinek nabarmendu du proiektua “lankidetza-ahaleginaren eta tokiko eta hurbileko txikizkako merkataritzaren konpromisoaren emaitza dela. Gure auzoetako eta udalerrietako bizitasunari eta dinamismoari eusten dion zutabeetako bat da, horien gizarte-kohesioa bultzatuaz eta emanaz, erabat kontrakoak diren egoera eta eredu komertzial eta ekonomikoetan”.

Sektorearentzat, online salmenta-katera sartzeko aukera derrigorrezko urratsa da negozio eta zerbitzuen digitalizaziora egokitzeko lana eguneratzeko eta hasteko, bultzada eta aurrerapen itzelaren elementu gisa. “Sektoreak eskatutako proiektua da, saltokien oinarritik sortua, landua eta egina, eta establezimenduen autonomia eta kudeaketa bera bermatzen duen tresna, sektoreak berak Denok Baten bidez plataforma kudeatuko baitu”, amaitu du.