Sentsibilizazio kanpaina batekin eta familientzako antzerki ziklo batekin ospatuko du Euskararen Nazioarteko Eguna Nafarroako Gobernuak

Haur eta gazteei zuzendutako hainbat ekimen ezberdinetan ari da lanean Euskarabidea

2020ko azaroaren 27a
collections Irudi galeria

Sentsibilizazio kanpaina batekin eta familientzako antzerki ziklo batekin ospatuko du Euskararen Nazioarteko Eguna Nafarroako Gobernuak

Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, beste urte batez bat egin du Euskararen Nazioarteko Egunarekin, 1949tik abenduaren 3an ospatzen dena. Aurten, "Ahogozatu euskara / Saborea el euskera" sentsibilizazio-kanpaina jarri da abian, eta horrez gain, haurrei zuzendutako antzerki-ziklo bat antolatu da ere, Nafarroako bederatzi herri zeharkatuko dituena.


"Ahogozatu euskara/Saborea el euskera" kanpaina irrati, markesina, kartel eta sare sozialen bidez zabalduko da, eta hizkuntzek hauen hiztunak disfrutatzera eramateko duten gaitasuna erakutsi nahi du. Kasu honetan, kanpainak euskara hizkuntza atsegin eta sozial gisa aurkezten du, gozamenerako eta gizartea batzeko elementu gisa. Kanpaina euskarri desberdinetan egongo da, azaroaren 30etik abenduaren 11ra bitartean.

Bestalde, Euskarabideak aurten ere programatu du azken urteotan Nafarroako hainbat herritan zehar ibili den antzerki zikloa, kultur eskaintza mugatuagoa duten udalerri txikietan haurrentzako euskarazko aisialdi jarduerak eskainiz. Aurten, azaroaren 29tik abenduaren 13ra bitartean izango da, eta jarduerak Auritz / Burguete, Ansoáin / Antsoain, Estella - Lizarra, Villatuerta, Lodosa, Aoiz / Agoitz, Aribe, Irurtzun eta Orkoien bisitatuko ditu bi antzerki konpainien eta magiazko baten eskutik.

Yarleku Teatroa eta Zirika Zirkus talde nafarrak zein Itzal magoak Numenak, Berrerabizi eta Magiazko Lotura 2.0 lanak eskainiko dituzte. Sarrera doakoa da eta programazio osoa esteka honetan kontsulta daiteke.

Aurten, berrikuntza gisa, Kutsidazu bidea Ixabel musikala eskainiko die Euskarabideak, Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean, kanpoan dauden Nafarroako etxeei. Iruñeako Udalak antolatuta, abenduaren 10ean Gayarre antzokian egingo den musikala streaming bidez jarraitu ahal izango da Euskarabidearen webgunean. Umorearen eta musikaren bidez, Juan Martin gazteak baserrian bizi dituen bizipenak kontatzen ditu lan ezagun honek.

Hiztun berriak, funtsezko ardatza

Azken hilabeteotan hiztun berriei zuzendutako jarduera ezberdinetan lan egiten ari da Euskarabidea. Euskararen Nazioarteko Eguneko egitaraua aurkeztu duten prentsaurrekoan, erakunde autonomoaren arduradunek azpimarratu dute garrantzitsua dela hiztun berriei zuzendutako ekintza zehatzak lantzea.

Ildo horretan, Nafarroan publiko mota horri zuzendutako ekimenen arrakasta azpimarratu dute Euskarabideko kudeatzaileek. Sarean Euskaraz programaren laugarren edizioan bederatzi ikastetxetako mila ikaslek baino gehiagok parte hartu dute, baita ehunka nafarrek ere, Nafarroako 21 herritan egin diren tailerretan. Era berean, Era Eskolaren hiru saioetan ia 1.600 lagunek parte hartu dutela nabarmendu da, euskara ereduen ikasleen gurasoei baliabide didaktikoak eskaintzera bideratutako online jardueran.

Euskara eta kultura digitala

Prentsaurrekoan, Paula Kasares euskararen plangintzaren eta sustapenaren arduradunak Euskarabideak azken hilabeteetan zehar haur eta gazteei zuzendutako ekimenak errepasatu ditu, aisialdiarekin, teknologiarekin eta euskararekin lotutakoak. Erakundeak honako ekimen hauek programatu ditu urteko azken zati honetan: Mattin eta Kattalin haurrentzako online programak, At Web online seriea, gazteei zuzendua, edo Mintzoak gelara derrigorrezko bigarren hezkuntzan lantzeko proposamen didaktikoa. Proposamen horien bidez, COVID-19k ezarritako errealitate berrian sortutako eskaera berriei erantzun nahi zaie.

"Mattin eta Kattalin" saioek 6 urte arteko haurrentzako jolas-material digitala eskaintzen dute, euskarazko haurren ahozko folklorean oinarritzen diren abestiak, jolasak eta ipuinak txertatzen dituztenak 55 bideo-pieza ezberdinetan.

Bestalde, At Web programak gazte eta nerabeei zuzenduta daude eta, 4 bideotan zehar, euskarazko kulturari buruzko ikus-entzunezko materialak eskainiko dituzte. 14 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzenduta, dantza, musika, antzerkia eta bertsolaritza lantzen dituzten sortzaile nafarrek hartuko dute parte. Bi ekimenak abenduan zehar aurkeztuko dira.

Azkenik, Euskarabideak Mintzoak Gelara ere kaleratu du, DBHko ikasleentzako proposamen didaktikoa. Webgune baten bidez, euskarazko ahozko itzulpena lantzeko proposamen didaktiko digitalak jasotzen ditu, Nafarroako Euskararen Mediatekaren funtsetan oinarrituta. 30 fitxa didaktikorekin, proposamenek ikus-entzunezko material bat eta horiek lantzeko ariketa praktiko batzuk dituzte.