Descárgate la app
Adierazpen instituzionala, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela-eta
2020ko azaroaren 25a
Adierazpen instituzionala, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela-eta
El Gobierno de Navarra ha aprobado, en su sesión de hoy, la siguiente declaración institucional con motivo de la conmemoración hoy miércoles, 25 de noviembre, del Día Internacional para la eliminación de la violencia contra las mujeres.
Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, ondorengo adierazpen instituzionala onartu du, gaur, asteazkena, azaroak 25, emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela-eta:
“Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Egunean, Nafarroako Gobernuak nabarmendu nahi du emakumeek emakume izateagatik jasaten duten indarkeria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpen handiena dela munduko gizarte guztietan eta gurean. Nafarroako Gobernutik gure konpromisoa berresten dugu indarkeria matxisten edozein adierazpen amaitzeko, berdintasunerako politika publikoak garatuta.
Emakumeen aurkako indarkeria mundu-mailako egitura-arazo bat da, eta erantzun globalak ez ezik, estatukoak, autonomikoak eta tokikoak ere eskatzen ditu. Nazioarteko araudiak, Istanbulgo Hitzarmenarekin, autonomikoak, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako 14/2015 Foru Legearen bidez, edo tokikoak, Emakumeen aurkako Indarkeriaren aurrean Jarduteko Tokiko Koordinazio Protokoloekin, legeriak sustatzen dituzte, emakumeen aurkako indarkeria errotik kentzeko. Indarkeriatzat ulertzen da ‘emakumearentzat kalte edo sufrimendu fisiko, sexual edo psikologikoa duen edo izan dezakeen indarkeria-ekintza oro edo ekintza horien mehatxuak, derrigortzea edo askatasuna bidegabe kentzea gertatzen badira, bizitza publikoan nahiz bizitza pribatuan’.
Gaurko egun honetan, COVID-19aren pandemiak zaildutako urtean, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, desberdintasunak ezabatzeak duen garrantzia azpimarratu nahi du, indarkeria matxisten haztegia baitira. Hori dela-eta, gizon eta emakumeei gonbita hau luzatzen diegu:
Ireki begiak zaintza-lanak desberdin banatuta daudela ikusteko, lan hori emakumeek betetzen baitute nabarmen, eta, bereziki, etxe-langileak diren emakumeek, hain aintzatespen gutxi dutenek eta bizitzari eusteko hain ezinbestekoak direnek.
Ireki begiak emakume zientzialariek aurrean dituzten zailtasunak ikusteko, haien lankideek baino aukera gutxiago baitituzte.
Ireki begiak landa-eremuko emakumeek gainditzen dituzten eragozpenak ikusteko, baliabide eta zerbitzuak eskuratzeko aukera txikiagoa izanik eta indarkeria matxisten aurrean egoera zaurgarriagoan egonik.
Ireki begiak sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima diren emakumeek eta neskatoek eta prostituzio-testuinguruetan emakumeek jasaten dituzten indarkeriak ikusteko, haien sufrimenduak gizartean arbuiorik eragin gabe.
Ireki begiak desgaitasuna duten emakumeek jasaten dituzten indarkeriak ikusteko, gizarte kapazitistan.
Ireki begiak emakume migratzaileek jasaten dituzten indarkeriak ikusteko; emakume horiek ausartak dira, borrokalariak, haien herrialdeetatik urrun etorkizun bila dabiltzanak.
Ireki begiak pobreziak eragindako kezka eta etsipena ikusteko, nagusiki emakumeei eragiten die-eta.
Ireki begiak adineko emakumeek jasaten dituzten indarkeriak ikusteko; gure gizartean aintzatespen gutxien dutenak dira, dena eman digutenak.
Azken finean, ireki begiak inguruan ditugun eguneroko indarkeriak identifikatzeko eta errotik kentzen laguntzeko.
Azaroaren 25a dela-eta, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei eta bizirik irtendakoei omenaldia eta errekonozimendu publikoa egiteaz gain, aurten, 2020an, baita ere gogoan izan nahi ditugu pandemiaren aurka lehen lerroan lanean ari diren emakume guztiak, gehienak oinarrizko zerbitzuetan: osasunean, saltokietan, hezkuntzan, etxeko enpleguetan, eta beste hainbatetan.
Azaroaren 25a dela-eta antolatutako ekitaldi birtual edo presentzialetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituzte Nafarroako Gobernuak. Aurten, osasun-murrizketek oroitzapenezko proposamenak mugatu badituzte ere, espero dugu urrun ez egotea berdintasunaren aldeko Gobernuaren eta herritarren konpromisoa gertutasunetik berriro partekatu ahal izateko eguna.