2020-2023 aldirako Gazteriaren Foru Estrategiak berretsi egiten du gazteentzako politikei modu "transbertsalean, parte-hartzailean eta koordinatuan" ekitearen garrantzia

Nafarroako Gobernuak dokumentua onartu du gaur, III. Gazteria Planaren edukiak, programak eta jarduerak garatzeko abiapuntua

2020ko azaroaren 11a
camera_alt Deskargatu irudia collections Irudi galeria

 

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, Gazteen Foru Estrategia 2020 - 2023 onartu du. Estrategia hori da Gazteen III. Planaren edukiak, programak eta jarduerak garatzeko abiapuntua, eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak gazteriaren arloko eragileekin koordinatuta eta lankidetzan landuko du.

Gazteen 2020 - 2023 Estrategiak berretsi egiten du gazteentzako politikak "zeharkako moduan, modu parte-hartzailean eta koordinatuan" jorratzeak duen garrantzia, eta, COVID-19aren pandemia dela-eta, gazteek egun bizi duten egoeraren ikuspegi errealista eta operatiboa ematen ahalegintzen da. Ildo horretan, “garrantzitsua da gazteen politika eraldatzailea garatzea, gazteek bizitutako eta garatutako aldaketa sozialei eta gizarte- eta lurralde-kohesioaren prozesuei lotua”.

Dokumentua bat dator Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planarekin eta 2030eko Agendako Garapen Iraunkorreko Helburuekin.

Berdintasuna, lurralde-kohesioa eta aniztasuna, Estrategiaren ardatzak

Dokumentua egiturazko hiru ardatzaren inguruan antolatzen da. Horietako lehenak, “auzolan” izenekoak, lan kolektiboa, elkartasuna, aniztasunaren errekonozimendua eta bizikidetza sustatu nahi ditu eraldaketa sozialaren ikuspegitik. Zehazki, ekintzak garatzen ditu honako eremu hauetan: asoziazionismoa, gizarte-inklusioa, bizikidetza eta generoa, boluntariotza, lurralde-garapena, hizkuntza-politika eta aisia eta denbora libre osasungarria.

Bigarrena emantzipazioari buruzkoa da, gizartean hezkuntzaren, enpleguaren eta independentzia sozioekonomikoaren bitartez erabat integratzeko. Besteak beste, hezkuntza formala eta ez formala, etxebizitza, enplegua eta lan-munduan sartzea jorratzen ditu, bizimodu heldurako trantsizio-prozesuan gazteen autonomia sustatu nahi izatearekin batera.

Hirugarren ardatzak, ‘Horizontea’ deiturikoak, norberaren testuinguruaren inguruko alderdiak jasotzen ditu; hots, osasuna, kultura, mugikortasuna, kontsumoa, kirola eta bizitzaren iraunkortasuna, ibilbide pertsonalaren bilakaera neurri handi batean baldintzatzen baitute.

Era berean, Estrategiak zeharkako elementuak ere baditu; hala nola, parte-hartzea, gizarteratzea eta aniztasuna, berdintasuna eta lurralde-kohesioa.

Prozesu parte-hartzailea

2020-2023 Estrategia egiteko prozesua parte-hartzailea izan da, gazteen premiak, arazoak, eskaerak eta proposamenak ezagutze aldera. Zehazki, honako hauen ekarpenak jaso dira: Nafarroako Gazteria Kontseilua, Nafarroako Berdintasunerako Institutua (dokumentuan genero-ikuspegia sartze aldera) eta Gazteriaren Departamentuarteko Batzordeko kideak.

Halaber, aintzat hartu dira gazteei honako eremu hauen inguruan egindako inkestak: emantzipazioa, osasuna, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, gizarteratzea, ingurumena, balioak eta sinesmenak, kultura, aisia eta denbora librea edo kirola, besteak beste. Horrekin batera, pandemiak dekretatutako alarma-egoeran zehar bizitutako ekarpenak, lekukotzak eta esperientziak bildu dira, martxoa eta apirilari dagozkienak.

Gazteriaren Foru Estrategia garatu aurreko urrats moduan, NGIk Nafarroako Gazteriaren 2020ko Diagnostikoa egin du.

Gazteriaren III. Plana garatzea

Gazteriaren III. Planaren helburua da Gazteriaren Foru Estrategia aplikatzea eta garatzea, eta gazteriaren erronka eta aukerei aurre egiteko lehentasunak eta ekintza zehatzak ezarriko dira bertan. Modu horretan, Nafarroako Gobernuak, departamentuen bitartez, Nafarroako gazteen eskura 2021 eta 2023 urte artean jarriko dituen baliabide ekonomikoen, sozialen, politikoen eta materialen mapa jasoko du.

NGI pasa den uztailean hasi zen plana lantzen, gazteek, teknikariek, gazteriarekin lan egiten duten erakundeek eta gazteen elkarte-sareak parte hartuta. Aldi berean, lankidetza- eta elkarrizketa-prozesu egituratua burutu da Nafarroako Gobernuko departamentu ezberdinekin, bilera eta mahai teknikoen bitartez, planaren helburuak zehaztu eta garatu beharreko ekintza zehatzak abian jartzeko. Irailean eta urrian, parte hartu nahi zuten gazte, erakunde eta instituzioentzat ireki zen plana. COVID-19ak eragindako egoera dela-eta, aurrez aurreko topaketen ordez, topaketa telematikoak egin dira.

Elementu horiek guztiak aurrean izanda, Gazteriaren III. Planaren zirriborro-agiria lantzen ari da jada, eta herritarrek parte hartzeko eztabaida-prozesua egingo da Gobernu Irekiaren bidez, eta, amaitzeko, 2021. urtearen hasiera aldera onartuko da.