2020ko urriaren 27a

Nafarroak eraldaketa ekologikorako estrategia bat bultzatu du, EBren Itun Berdearekin bat datozen 74 ekintza biltzen dituena

Plana Next Generation EU funtsaren finantzaketetara bideratuta dago, eta sei ardatz nagusitan ekoizpen-eredua aldatzea proposatzen du: energia berriztagarriak, eraikuntza jasangarria, mugikortasuna, landa-sustapena, ekonomia zirkularra eta biodibertsitatea
videocam Presentación de la Estrategia Navarra Green / Nafarroa Green Estrategiaren aurkezpena collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak Trantsizio Ekologikorako Estrategia aurkeztu du gaur, Nafarroa Green, eraldaketa-plan bat, ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-jasangarritasuneko 74 proiektu biltzen dituena, Europako Itun Berdearekin edo Green Deal izenekoarekin lerrokatuta eta Foru Erkidegoak Next Generation EU funtsaren finantzaketak eskura ditzan bideratuta. Funts hori Europar Batasunak aktibatu du, COVID-19aren krisi pandemikoaren aurreko berreskuratze- eta erresilientzia-palanka gisa.

Estrategiaren helburua da produkzio-ereduaren aurrean aukerak sortzen laguntzea eta aldaketa sozialak bultzatzea larrialdi klimatikoari eta egungo osasun-krisiari erantzuteko. Era horretan, jarduteko sei ardatz biltzen dira bertan honako hauen inguruan: energia berriztagarrien aldeko apustua, eraikuntza eraginkorra eta iraunkorra, landa-eremua sustatzea eta modernizatzea, ekonomia zirkularra sustatzea, mugikortasun iraunkorra eta berritzailea edota biodibertsitatea kontserbatzea eta kudeatzea.

Halaber, ardatz estrategiko bakoitzean, besteak beste, hauek nabarmentzen dira: Navarra Social Housing-en proiektuak edo zuraren sustapena eraikuntza eraginkorraren eta iraunkorraren eremuan; industria-olioen diseinu berria edo erabilera zirkularra edo hiri zirkularra sortzea hiri-ingurunean ekonomia zirkularraren arloan; nekazaritzako ureztatzeak modernizatzea edo tokiko produktu eta produktu iraunkorraren zentro logistikoa landa-eremua modernizatzeko ardatzean; Atlantikoko eskualdea baso-berritzea eta azpiegitura berdea egokitzea biodibertsitatearen kudeaketaren barnean; energia berriztagarrien bitartez energia sortzeko parkeak edo parke esperimentalak sortzea energia berriztagarrien alorrean; edota bioerregaien laborategiak, aztertzeko instalazioak edo bateriak muntatzeko lantegia mugikortasun iraunkorrarekin loturiko arloan.

Estrategiaren esparruan jorratzea aurreikusten diren 74 proiekturekin 770 milioi euroko aurrekontua duen proposamena osatu da, eta Next Generation EU funts europarrean aurreikusitako laguntzen bidez finantzatuko da –estatu kideentzako 750.000 milioi euro inguruko aurreikuspena-. Era berean, Espainiako Gobernuak koordinatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez kudeatuko da. Finantzaketa horrekin, Navarra Green-en asmoa da foru komunitateko ekonomian, datozen urteetan, 3.500 milioi eurotik gorako inbertsio induzitua mobilizatzea.

Ekintza-lerro bakoitzeko proiektu estrategikoak gaur eman dituzte ezagutzera COVID-19ak eragindako murrizketak direla-eta streaming bidez egindako ekitaldi batean. Bertan parte hartu dute Foru Gobernuko Lehendakari Maria Chivitek; lehendakariordea eta Foru Exekutiboaren Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako titularra den Jose Mª Aierdik; Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria den Manu Ayerdik; Ingurumen eta Landa Garapeneko kontseilari Itziar Gómezek; iraunkortasunaren arloan dagozkien eskumenetatik proiektuaren edukia koordinatu duten hiru departamentuek; Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria den Ana Ollok, Nafarroa eta Europaren arteko harremanen arduraduna denak; eta Tim Ash-ek, EBeko Climate Group Under2MOU Sareko ekimenaren zuzendariak.

Nafarroako Trantsizio Ekologikoaren Estrategia ez da mugatzen aldaketa klimatikoa arintzeko edo egokitzeko ingurumen-arloko neurriak ematera, baizik eta Nafarroako Gobernuko departamentu guztiak konprometitu nahi ditu iraunkortasunaren ikuspegi oso bat izatera, eta hor sartzen dira produkzio- eta industria-sarea, energia-sorkuntza, hiri- eta lurralde-mailako iraunkortasuna, eraikuntzaren munduaren eraldaketa eta ekonomia zirkularra sartzea.

Aldatzeko aukera

Aurkezpenean, Nafarroako Lehendakari Maria Chivitek nabarmendu du Foru Komunitateak “modu aktiboan parte hartu nahi duela EBk markatutako berreraikuntza ekonomiko sendo, inklusibo eta erresilientearen egitekoan, Europa adimentsu, iraunkor eta kohesionatua lortzearren”. Ildo horretan, honela azpimarratu du: “Nafarroako Green Deal (Trantsizio Ekologikoaren Estrategia) proiektu politikoa, ekonomikoa eta kulturala ere bada, nahi dugun Nafarroa aldatzeko, eta Europako agendekin behar bezala koordinaturiko printzipioak biltzen ditu”.

Lehendakariak, halaber, trantsizio ekologikora egokitzeko azken bosturtekoan Foru Exekutiboak burututako lana aipatu du: “prozesu honetan jauzi kualitatiboa egin nahi dugu sei ardatz estrategikotan markatutako 74 ekintzarekin”.

Estrategia osatzen duten proiektuen artean, mugikortasun elektrikoan ‘Battery Packs” muntatzeko lantegia sortzeko ekimena nabarmendu du Chivite Lehendakariak, automozioko trakzio-enpresen beharrak asetzeko, 80 milioi euroko aurrekontuarekin; baita ere, energia-eraginkortasuneko ekimenak bultzatzea toki-erakundeetan, Berotegi Efektuko Gasen (BEG) emisioa %20 murrizteko, 47 milioi euroko aurrekontuarekin; edota aerosorgailuetako teknologia berrietarako parke esperimentalak sortzea (5,6 milioi euro) nahiz biltegiratze termikoko sistemaren instalazio pilotua (20 milioi euro).

Bestalde, José Mª Aierdi lehendakariordeak ondorengoa nabarmendu du: “asmo handiko estrategia bat da iraunkortasuna honako hauetarako bidea izateko: gure ekoizpen-eredua eraldatzeko, gure kontsumitzeko modua izateko, hiriak eraikitzeko edo egiteko, industria ulertzeko, gure ingurune naturalean mugitzeko edota harremanak izateko”. Era berean, bigarren lehendakariorde Aierdik bere Departamentuak egindako zenbait ekarpen aipatu ditu, “etxebizitza publikoaren parkea kontsumo ia nuluko (nZEB) eraikinen parametroetan bikoizteko konpromisoaren barnean, eraikitako hiriko eraikinak birgaitzeko eta hiri-berroneratzeko politikak edo Nafarroan eraikuntza industrializatzeko institutua sortzeko proiektua, garapen teknologikoa eta prestakuntza ekarriko dituena sektorea birmoldatzeko zereginean, kalitate handiagoko etxebizitzak, etxebizitza eraginkorrak eta, batez ere, eskuragarriak eskaintzearren”. 

Ingurumen eta Landa Garapeneko kontseilaria den Itziar Gomezek “berdea politika guztien erdian kokatzeko estrategia berria behar dela” defendatu du, ekonomia zirkularraren inguruko zenbait proiektu ekarle nabarmentzearekin batera, “produkzio-modua eta kontsumo lineala beste iraunkorrago eta arduratsuago batekin aldatu ahal izateko”; landa-eremuan, “elikadura-sistema iraunkorretarako trantsizioa landa-munduarentzako aukera itzela moduan”; eta biodibertsitatea kudeatzeari eta kontserbatzeari dagokionean, “aldaketa klimatikoaren efektuei aurre egiteko bitartekorik onena da, eta baliabideen erabilera oso errentagarria bultzatzen du”.

Gomez kontseilariak, berriz, honela gehitu du: “kapital naturalean inbertitzeak, batik bat karbonoan aberatsak diren habitatak berrituta eta klimarekin errespetuz jokatzen duen nekazaritza praktikatuta, tokiko enpleguetan eta enpresa-mailako aukeretan inbertitzea ere esan nahi du”.

Energia eta mugikortasuna

Aldi berean, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Manu Ayerdik ondorengoa nabarmendu du: “enpresa-ehunak, ezagutza-zentroek eta administrazioak ere osatutako ekosistemak indarra du, energia berriztagarrien eta mugikortasun berritzailearen eta iraunkorraren eremuetan, eta hori erakusten dute estrategia honetan sartuta ditugun proiektuek".

Modu horretan, energia berriztagarrien (EERR) arloan honela nabarmendu du: “Elektrizitatea EERR bidez sortzen duten parkeak hedatzea oso garrantzitsua da Agenda 2030eko eta Nafarroako 2030ko Plan Energetikoko helburuak lortzeko; hau da, energia berriztagarrien kuota 2018ko %23tik 2030ean %50era igotzea. Helburu horiek lurraldean jatorri berriztagarriko Mw instalazioa oso nabarmen handitzera behartzen gaituzte”.

Horrez gain, parke esperimentalen hiru ekimenak nabarmendu ditu: “parke horiekin, gure ekosistema industrialak lurraldean I+G+b-ren garapenerako testatzeko eta esperimentatzeko azpiegiturak izatea lortu nahi da”. Ayerdi kontseilariak baita ere azpimarratu du CENER-en egitekoa, estrategiaren barruko hainbat proiektutan egonik: “Navarra Green trantsizio ekologikoaren estrategia aukera aproposa da CENER-ek, berriztagarrien eremuan mundu-mailan erreferentziazkoa den zentro teknologikoak, urrats bat eman dezan, hain justu ere, hemen, Nafarroan, sortu zeneko 20. urtemuga ospatzen dugunean”.

Mugikortasun berritzailearen eta iraunkorraren osagaiari dagokionean, honela esan du: “mugitzeko dugun modua modulatzea eta aldatzea da kontua. Proiektu oso berritzaileak mobilizatu behar dira, iraunkortasunaren sustraia ez ezik, mugikortasun autonomo eta konektatuarena ere erasotzeko”, “energiaren %40a garraioan kontsumitzen baita”, azaldu duenez. 

Amaitzeko, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak eskerrak eman ditu “proiektu honetan enpresa-eragileek duten konpromisoarengatik. Ziur nago bi ardatz horietan Nafarroak neurria emango duela”.

Azkenik, Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok esan du COVID-19aren krisiak “Europar Batasunaren agenda aldatu duela”, eta Gobernuak eta Kanpo Ekintzako zuzendaritza orokorrak konpromisoa hartu dutela exekutiboaren politikak EBren ildo estrategikoekin bateratzeko lan egiteko, funts gehiago eskuratzearren. Amaitzeko, lurralde arteko eta mugaz haraindiko lankidetzako politika aktibo eta koordinatuak bereziki indartu izana aipatu du; hala nola, Euroeskualdea, Pirinioetako Lan Komunitatea edo Atlantikoko Pirinioekin duten hitzarmen espezifikoa.

Ekitaldiaren amaieran, Ollo kontseilariak hitza eman dio Tim Ash-i, EBko Climate Group Under2MOU Sareko ekimenaren zuzendariari. Bideokonferentzia bidez esku hartu du eta nabarmendu du “klima-aldaketak arlo oso ezberdinetan aldaketa egitera behartu gaituela; halaber, Nafarroak azken urte hauetan erakutsitako konpromisoa aitortu nahi izan du, klima-aldaketaren ibilbide-orriaren bitartez, eta arlo horretan eskualdeek toki-mailan bete beharreko papera ere gogora ekarri du”.