Nafarroako Gobernuak 120.000 euro baino gehiago inbertituko ditu Ezagutu Sareko garapen jasangarrirako zazpi proiektuetan

Naturguneen multzoaren barruan sartzen dira ekimen hauek, bide berdeak hobetzea, ibilbideak seinaleztatzea edo sarbideak hobetzea dute xede
2020ko urriaren 24a
Zugarramurdiko kobazuloak. 
camera_alt Zugarramurdiko kobazuloak.   Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuaren Lurralde Antoalmendurako, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoen Departamentuak 120.000 euro baino gehiago banatuko ditu Nafarroa Ezagutu Sareko kide diren 7 entitateren artean naturguneen garapen jasangarria sustatuko duten proiektuak garatzeko. Aukeratutako ekimenen artean Plazaolako bide berdean hobekuntzak, Irantzuko Lurretan natur-bideen seinalizazioa edo Metauten eta Murieta lotzeko lanak daude. 

Iragan abuztuan argitara eman zen deialdi horren bidez lurralde-oreka sustatu nahi du Proiektu Estrategikoen zuzendaritza nagusiak, natur guneen inguruan ekintzailetza eta enplegua bultzatuz, ondare naturala nabarmenduz eta toki horiek berpizten lagunduz, gaur egungo osasun-krisiaren testuinguruan.    

Gobernuak 25.000 euroko dirulaguntza emanen dio gehienez proiektu bakoitzari, eta bakoitzaren %80 finantzatuko du. Sarean dauden tokiko entitateek eta bazkide diren irabazi asmorik gabeko entitateek honako ekimenak garatu dituzte:       

-Plazaola Partzuergo Turistikoak Plazaolako Bide Berdearen ordezko bide bat egokituko du Bartolo tunelaren inguruan, Lekunberrin, 2019an eginiko azterlan baten arabera luizi-arrisku handia baitago bertan. Nafarroako Gobernuak 15.981,68 euro emanen ditu jarduketa hori finantzatzeko.

-Metautengo Udalak jada existitzen den bide bat egokituko du (16.561,21 euro). Gaur egun nekazaritza-sailetara iristeko erabiltzen da, eta konpontzeari esker, horrez gainera, bertako herritarrak haran batetik bestera ibiltzea erraztuko du, eta Metautengo harana lotuko du hainbat baliabiderekin, Murietako igeritokiekin eta Vasco-Navarroren Bide Berdearekin, adibidez.

-Tierra Estella-Lizarrako Turismo Partzuergoak hainbat tamainatako 6 bizikleta elektriko eskuratu ditu (11.683,93 euro), alokatzen ahal izateko eta, era horretan, jendeak Vasco-Navarroren Bide Berdean ibilbideak egitea errazteko. 

-Iranzuko Lurrak Elkarteak hobetu eginen ditu Irantzuko Monasterioaren aldameneko, Urbasa-Andia Parke Naturaleko eta Allozeko Urtegiaren inguruko bidexkak. Proiektu horren barnean aurreikusirik daude, halaber, Urbasa-Andiako Parke Naturalaren Turismo Informazio Gunean egin beharreko hainbat hobekuntza. Gaur-gaurkoz, gune horrek ez du argindarrik eta oso estaldura ahula du.    

Eguzki-bateria bat instalatuz, aukera izanen da Allozeko Urtegiko, Lerateko eta Ugarreko beste informazio-guneekin konexioa egiteko, eta hala, hobeki eta modu jasangarriagoan kudeatuko da inguru osoak duen bisitarien zama. Proiektu horretarako finantzazioa 17.207,79 eurokoa da.

-Erromantzatuko Udalak Usungo herriko aparkalekua (Arbaiungo Arroilara joateko abiapuntua dena) egokituko du, autoa uzteko tokien kudeaketa hobetzeko asmoz. 22.351,12 euro erabiliko dira instalazioetan lan egiten dutenenentzako etxola bat jartzeko, eta gainera, zoladura jarriko da aparkalekuko hainbat gunetan. Oroitarazi beharra dago bertara sartzeko nahitaezkoa dela aldez aurretik erreserba egitea.   

-Zugarramurdiko Udalak, bere leizeen kudeatzailea den neurrian, COVID-19aren osasun-krisiagatik museoak egin behar izan dituen inbertsioen zati bat finantzatzeko baliatuko du jasotako laguntza (21.087,67 euro). Izan ere, noranzko bakarreko ibilbidea sortu beharrak, ezinbestean, hainbat esku-hartze egitea eragin du: leize txikiak blokeatzea, zenbait eskailera-zatiren ordez bisitaren zirkulazioa bideratzen duten arrapalak jartzea, seinale berriak… Era berean, hobekuntzak egin dira bisitarien harrera-gunean, pilaketak saihesteko, eta hondaturik zeuden perimetroko zenbait itxitura konpondu dira.     

-Acedoko Basoko Etxea kudeatzen duen Estemblo Elkarteak lehengoratu eginen du Dérula izeneko ingurua, basoaren sarreran dagoen zelai garai bat, ohituraz bertako herritarren topagunea izan dena. Sastraka kentzeko, lurrak betetzeko, eta panelak eta seinaleak jartzeko 18.160 euro emanen dira. Proiektu horretaz den bezainbatean azpimarratzekoa da bertakoen inplikazioa, nork bere ideiak, ezagutzak eta trebetasunak eskaini baititu.

Nafarroa Ezagutu Sarea

Gogora ekarri beharra dago Nafarroa Ezagutu Sarean ia 50 kolektibo, tokiko eragile eta udalerri daudela bildurik, ia beste horrenbeste natur gune, gune nabarmen eta ibilbideren ordezkari.  

Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren gidaritzapean, Ezagutu Sarea ekimenak xede du bera osatzen duten 50 inguru natur gune eta ibilbideak lanabes bihurtzea landa-eremua dinamizatzeko, suspertzeko eta jarduera sortzeko, baita tokiko produktuak sustatzea eta turismo jasangarriko helmuga izatea ere, besteak beste. 

Rubén Goñik, Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, “egitasmo horiek biziki lagunduko dute landa-eremuan jarduera suspertzen eta tokian bertan lurralde-garapen estrategia jasangarri baten printzipioak gauzatzen, Nafarroako natur guneak eta haiek kudeatzen eta lantzen dituzten pertsonak benetako protagonista bihur daitezen etorkizunari begira dagoen landa-inguru bizi eta aktiboan”.