Kirol errendimendurako programetarako 690.000 euroko diru-laguntzen deialdia zabaldu da

Federazioei daude zuzenduak eta teknifikazioa, selekzio zein kirol hobekuntzarako programak babestuko dira
2020ko urriaren 23a

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirolaren Institutuaren bitartez, 690.000 euro diru-laguntzen deialdia zabaldu du Nafarroako kirol federazioek 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31a bitartean egingo dituzten kirol errendimendu programarako. Ekimenak teknifikazio, selekzio zein kirol hobekuntzarako programak babestuko ditu. Deialdia urte anitzetarako da.

Hala adierazita dago Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilariak emandako eta atzo, urriak 22, ostegunarekin, Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) argitaraturiko foru-agindu batean.

Dirulaguntza horien xedeak dira kirol-federazioek Nafarroan jorratzen duten errendimenduko kirolari bultzada ematea; entrenamendu-prozesua etengabe planifikatu, kontrolatu, aztertu, ebaluatu eta aplikatzeko modua hobetzea; gutxieneko kalitate-estandarra eratzea; kirolarien errendimendua eta entrenatzaileen maila teknikoa eta prestakuntza handitzea.

COVID-19 pandemiaren ondorioz 2020an lehiaketa asko ezin izan direnez egin, eta horietan emaitza jakinak lortzea ezinbestekoa denez diruz lagunduko diren programetako batzuetan sartzeko, erabaki da kirolariek izena ematen ahal izanen dutela 2017ko irailaren 1aren eta eskaria aurkeztu bitarteko dataren artean lortu badituzte eskaturiko emaitza horiek.

Izapidetzea telematikoki egin beharra dago nahitaez, dagokion fitxa betez. Eskariak aurkezteko epea azaroaren 23an bukatuko da, egun hori barne.

Foru Gobernuak bi arrazoirengatik sustatzen du errendimenduko kirola. Lehenik eta behin, Nafarroan kirola garatzeko funtsezko faktorea eta oinarrizko kirolariek jarraitzeko eredua delako, aldi berean zenbait balore positibo zabalduz: norbera hobetzea, ardura, sakrifizioa eta talde-sena, besteak beste. Bigarrenik, Foru Erkidegoa ordezten eta sustatzen duelako nazio-eremuan zein nazioartekoan, haren ezaugarriak erakutsirik.