Astebetean agortu dira bizikletak konpontzeko laguntzak

Mila eskaerari arreta emanen zaie kanpainara atxikitako 32 tailerretan
2020ko urriaren 15a

Nafarroako Gobernuak bizikletak konpontzeko zein horien mantenurako sustatutako diru-laguntzak astebetean amaitu dira; 1.000 eskaeratik gora jaso dira. Orain konponketa zein justikazioarako lanak hasiko dira eta onuradunei diru-laguntzak ordaintzeari ekingo zaio, urte amaitu aurretik prozesua amaituta izatea aurreikusi da.

Bizikletaren aldeko Hirien Sareak (Espainia osoko 125 udalek osatua) estatu-mailan 2019an egindako azterketaren arabera, 10 etxebizitzatatik 7tan bizikleta bat edo gehiago daude. Etxe bakoitzeko batez bestekoa 1,9 bizikletakoa da. Baina, nahiz eta ibilgailu hori izan, biztanleriaren %2ak soilik erabiltzen du bizikleta egunero. “Helburua da egun trastelekuetan erabili gabe eta gordeta dauden bizikleta askori bizia itzultzea”, nabarmendu du Garraioetako zuzendari nagusia den Berta Mirandak, laguntzen deialdiaren aurkezpenean.

COVID-19aren krisiak agerian utzi du herritarrek gero eta interes handiagoa dutela bizikletan ibiltzeko ohiko garraiobide gisa eta birusa hedatzea galarazten duen distantzia ziurtatzeko, bizitzeko estilo osasungarria sustatzeaz, kutsadura gutxiago sortzeaz eta ilarak gutxitzen laguntzeaz gain.

Erabiltzen ez diren bizikletak konpontzeak eta doitzeak ekonomia zirkularra ere sustatzen du, erabilpenik gabeko bizikletak berrerabiliaz eta berraktibatuaz, eta, era berean, tokiko ekonomia bultzatzen du Nafarroan helbide soziala edo lantokia duten tailer eta erakundeetan bizikletak konpontzeko eta mantentzeko lanak sustatuaz.

1.014 eskaera 4 egunetan

Urriaren 6tik 9ra, kanpainara atxikitako erakundeek 1.014 eskaera aurkeztu dituzte guztira konpontzeko, mantentze-lanak egiteko eta segurtasun-elementuak instalatzeko. Onuradun bakoitzak gehienez 50 euro jaso ahal izango ditu, diru-laguntza BEZaren gainean aplikatzerik izango ez den arren. Beraz, egindako eskaerekin aurrekontu osoa erreserbatu da.

Kanpainan parte hartuko duten 32 tailerrek hilabeteko epea dute agindutako lanak egiteko eta oinarri arautzaileetan eskatutako dokumentazioa aurkezteko. Garraioetako Zuzendaritza Nagusiak eskaera bakoitza berrikusiko du azkenik laguntzak ordaintzeko. Laguntza Garraioetako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emango da, eta ordainketak urtea amaitu aurretik egitea aurreikusten da.

Eskaerak ebazten doazen heinean, baliteke egindako lanekin erreserba bakoitzerako gordetako 50 euroak ez agortzea; beraz, sobratzen dena beste eskaera batzuetarako erabili ahal izango da. Kasu horretan, atxikitako erakundeek erreserba berriak egin ahal izango dituzte erabilgarri dauden zenbatekoen kargura.

Programaren onuradunek 14 urtetik gora izan eta Foru Komunitatean bizi behar dute. Deialdiaren oinarrien barruan, konpromisoa hartuko dute bizikletaren erabileraren segimendua errazteko 2 urteko denboraldian, eta epe horretan bizikleta ezingo zaie hirugarrenei saldu.

Bizikletan ibiltzeko bide berriak eraikitzea

Deialdiarekin batera, Nafarroako Gobernuak bizikletaren erabilera sustatzeko kanpaina atera du honako goiburu honekin: “No aparques tu bici, reactívala / Suspertu zure bizikleta, ez utzi aparkaturik”. Bi ekintzak Nafarroa Suspertu  2020-2023 Planean eta Nafarroako Mugikortasun Iraunkorraren Plan Zuzentzailearen barnean kokatzen dira. Lehenak mugikortasun iraunkorraren eta ibilgailu pribatu motordunaren ordezko garraiobideak bultzatzearen aldeko apustua egiten du, eta bigarrena laster onartuko da.

Bizikletaren eremuan, Nafarroako Mugikortasun Iraunkorraren Plan Zuzentzailean, jarduera ezberdinak jasotzen dira; hala nola, kartografia interaktiboa egitea Foru Komunitatean bizikletak erabiltzeko dauden ibilbide guztiekin edo Nafarroako udalerrietan bizikletan ibili ahal izateko zona berriak eraikitzea, toki-erakundeekin elkarlanean. Modu horretan, era horretako proiektua garatu du Garraio Departamentuak Metauten eta Zuñiga herrietan, bi herri horiek bizikletan eta oinez ibiltzeko bide baten bidez konektatzeko Vasco-Navarro Trenbidearen bide berdearekin lotuta.