Miguel Induraín Fundazioak kudeatzailea aukeratzeko prozesua abiatu du

Nafarroako Gobernuaren mendeko entitate publikoak instituzioaren behar berriak betetzeko gaitasuna izango duen teknikaria kontratatzeko deialdia ireki du
2020ko urriaren 14a

Miguel Indurain Fundazioko Patronatuak Nafarroako Gobernuaren mendeko den entitate publiko horren kudeaketa arduraduna kontratatzeko deialdia ireki du.

Egin beharreko lanak fundazioaren eguneroko kudeaketakoak izango dira: erakunde publikoen eta pribatuen arteko lotura izatea, abian jarritako proiektu ezberdinak eta ezarri beharreko beste berriak garatzea, edo baliabideak eskuratzen laguntzea, besteak beste.

Hautatutako pertsona zuzendaritza exekutiboaz eta kudeaketa operatiboaz arduratuko da. Deialdi honen xedeko lanpostua Miguel Indurain Fundazioaren egoitzan garatuko da normalean (Navarra Arena, Aizagerria plaza, 1), eta 4 urteko denboraldirako izango da, azarotik zenbatzen hasita. Modu horretan, erakundearen asmoa da egitura indartzea, lana sendotzea eta jarduera-eremuak zabaltzea Nafarroako kiroleko agente ezberdinen premia berriak artatuaz.

Erakundeak bere web orrialdean argitaratu ditu deialdiaren oinarriak; beraz, 20 egun naturaleko prozesua irekiko da hautagaitzak aurkezteko (gaurtik, urriaren 14tik, hasi eta azaroaren 3ra bitarte, biak barne).

Prozesuan parte hartu nahi duten pertsonek eskaera erregistratu eta “Eskaera-eredua” izeneko I. eranskina eta “Hautagaitzaren laburpen-orria” izeneko II. eranskina behar bezala bete beharko dituzte. Halaber, “curriculum vitae” osoa eta FMIFen proposamen estrategikoa eta kudeaketa-proposamena gehitu beharko dituzte, antolaketa eta giza garapenerako planaren deskribapen eta guzti.

Hautagaitzak aurkezteko epea amaitutakoan, hautagaitzak baloratzeko eta defendatzeko aldia irekiko da, deialdian ezarritako fase ezberdinak gainditutako hautagaitzen artean (www.fundacionmiguelindurain.com web gunean ikus daitezke).

200 kirolari baino gehiagorentzako euskarria

Patronatuak pasa den ostegunean, urriak 8, egindako bileran, 2019ko kontabilitate-ekitaldia nahiz 2020an zehar egindako jarduerak ixtea onartu zuten. Erakundeak aipatu duenez, “ekitaldi honetan, beken kapituluak laguntza garrantzitsua eman du Nafarroako kirolarentzat”.

Zehazki, Miguel Induráin Fundazioak babesa eskaini die 200 kirolari baino gehiagori, hainbat programaren bitartez. Tartean aipatzekoak dira iazko ikasturtean lortutako emaitzen araberako laguntzei dagokiena, familia-erantzunkidetasunekoa, Talentu Gazteena edo erakunde ezberdinekin sinatutako hitzarmenak (Kirol Egokituen Nafarroako Federazioa, Euskal Pilota edo Herri Kirolak).

Era berean, erakunde publikoak beste laguntza-mota batzuk eskaini ditu; hala nola, pistako txirrindularitza-programa, “emaitza hain onak eman dizkiona Nafarroako ordezkaritzari Tafallan egindako Espainiako azken Txapelketetan”, nabarmendu dute Fundaziotik, honako hau gehitzearekin batera: “Nafarroan saskibaloia, eskubaloia eta emakumezkoen futbola egituratzeko proiektuen aldeko apustuari eutsi diote”.

Azkenik, honela gogoratu dute: “errendimendu handiko kirolarientzako kirol-psikologiako zerbitzua zabaldu du, Nafarroako Psikologia Elkargo Ofizialarekin sinaturiko hitzarmenari esker”.