COVID-19a dela eta harreman handiko kirolen lehiaketa eta entrenamendu osoak datarik gabe atzeratu dira

Egoera epidemiologikoaren aurrean, prebentzio neurriak astebetez luzatu ditu Nafarroak
2020ko irailaren 25a

COVID-19k sortutako egoera epidemiologikoaren aurrean, Nafarroako Gobernuak erabaki du, oraingoz datarik gabe, harreman handiko kiroletan, jarduera federatuko kiroletan edo eremu autonomikoko federatu gabeko kiroletan lehiaketen eta entrenamendu osoen hasiera atzeratzea, eta beste astebetez mantentzea ordutegien, edukieren eta taldeen prebentzio-neurriak.

Neurri horiek Osasun kontseilariak (Foru Agindua) eta Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak onartutako arau banatan zehazten dira; horietan, halaber, bide publikoko merkatuei eta alkoholaren salmentari buruzko zehaztapen berriak ezartzen dira, baita igerilekuetako kirol-erabilerari eta espazio itxietako kirol-jarduera fisikoei buruzkoak ere. Horietan, taldeak gehienez 15 pertsonakoak izango dira.

Merkatuak eta alkoholaren salmenta

Bide publikoko merkatuei dagokienean, postuak aurrez aurre bereizita egongo dira, oinezkoak igarotzeko bidearen bitartez, eta horrek erabiltzaileen artean gutxienez 1,5 m-ko distantzia bete ahal izatea bermatu beharko du.

Horrez gain, elementu isolatzaileak jarriko dira ondoko bi posturen artean, haien artean independentzia izateko edo, hori ezin bada, gutxienez 1,5 metroko tartea izango dute. Era berean, arauak kendu egin du gaitutako espazioak ohiko edo baimendutako lanpostuen %50ek soilik osatu behar dituztela dioen aipamena, eta bertan zehazten da bide publikorako esparruak sartzeko eta irteteko zona izan behar dituela, argi eta garbi bereizita. Hemendik aurrera, pertsonen arteko urruntzeak agintzen du eta ez postu-kopuruak; aldaketa hori udal-arloarekin eta sektorearekin jorratu da.

Alkoholaren salmentari dagokionean, debekatuta egongo da 08:00ak arte, aurreko eguneko 22:00etatik hasita, jendeari saltzeko establezimendu-mota guztietan, jarduteko duten lizentzia edozein dela ere, taberna bereziaren, kafe ikuskizunaren, tabernaren, kafetegiaren eta jatetxearen lizentzia duten establezimenduetan izan ezik, horiek haientzat berariaz aurreikusitako baldintza eta ordutegien arabera arautzen baitira.

Beste zazpi egun naturaletan luzatuko dira ondorengo arauak: eremu publikoan eta ostalaritza-establezimenduetan biltzeko kopurua seikoa izatea; gomendio hori espazio pribatuetara zabaltzea eta gizarte-jardueren edukiera %50era mugatzea, hots, zeremonietan, beilatokietan eta hiletetan, kultuetan edo arautu gabeko prestakuntza-zentroetan. Halaber, osasun-arloko euste-neurriak betetzen ez dituzten pertsonei edo erakundeei zigorrak ezartzea eta aire zabaleko edo estalitako igerilekuen edukiera %50era mugatzea, sarrerari nahiz jolas-praktikari dagokienean.

Ostalaritza eta jatetxeak

Ostalaritzako establezimenduen eta jatetxeen kasuan, barran kontsumitu ahal izango da soilik 12:00ak arte, eta une horretatik aurrera soilik mahaian kontsumitu ahal izango da, lokalen barnean nahiz kanpoan. Mahaietan edo mahai-taldeetan sei pertsona baino gehiago ezingo dira bildu eta, edonola ere, maskara erabiliko da eta pertsonen arteko distantzia mantenduko da.

Era berean, etenda jarraitzen du elkarte gastronomikoetako eta legez eratutako lagun-taldeetako jarduerak; beraz, lokalek itxita jarraitu beharko dute.

Azkenik, Foru Komunitateko erabilera publikoko espazioei dagokienean, taldeak gehienez sei lagunekoak izango dira, eta eremu pribatuko bileretan ere kopuru bera izatea gomendatzen du Exekutiboak, elkarrekin bizi diren pertsonen kasuan izan ezik.

Aldi baterako neurriak kirol-eremuan

Bestalde, Nafarroako Kirolaren Institutuak (NKI) aldi baterako neurri berriak ezarri ditu kirol-jarduerarako, gaixotasuna hedatzea saihestu eta kirola egitea segurua izatearren.

Zehazki, harreman handiko kirolek –tartean taldekoak (futbola, saskibaloia, eskubaloia, futbol aretoa, hockey patinak, waterpolo edo errugbia) eta borroka eta arte martzialetakoak– , banako entrenamenduak eta erdi-mailako entrenamendu taktikoak egiten jarraitu ahal izango dute, oposizio edo kontakturik gabe.

Datarik gabe atzeratuta geratu dira kirol-modalitate horietako entrenamendu osoak nahiz lehiaketak. Hori guztia autonomia-eremuko jarduera federatuari eta ez federatuari dagokionean; hortaz, erregulazio honetatik kanpo geratzen da Estatuko edo autonomien arteko lehiaketei dagokien jarduera federatua.

Entrenamendu osotzat hartzen dira oposizioa eta/edo harreman zuzena dutenak eta segurtasun-distantzia errespetatzen ez dutenak. Bestalde, gainerako kiroletan, lehiaketak eta entrenamendu osoak egin ahal izango dira orain arte bezala.

NKIren ebazpenean, gehienez hamabost lagun baimentzen dira taldeko entrenamenduetan –futbol eta errugbirako izan ezik, horietan hogeita bost lagunekoak izan baitaitezke–, sei pertsonara bitarteko azpitaldeak sortu beharko dira, eta gainerakoekin elkarreragin gabe entrenatuko dute.

Aire zabaleko edo estalitako igerilekuen kirol-erabilerari dagokionean, kale bakoitzean lau pertsona baimenduko dira 25 metroko edo gutxiagoko luzera duten igerilekuetan, betiere pertsonek kale berean joan-etorria egiten badute. Joan-etorria kale ezberdinetan eginez gero, muga hamar lagunekoa izango da. Waterpolo eta igeriketa sinkronizatuaren modalitateetan, parte-hartzaile bakoitzeko hamar metro karratuko espazioa ziurtatuko da.

Espazio itxietako jarduerak

Espazio itxietan zuzendutako kirol-jarduera fisikoetan gehienez hamabost pertsonako taldeak egongo dira areto bakoitzean. Kiroldegiak edo antzeko espazio handietan, hainbat taldek parte hartu ahal izango dute aldi berean, betiere bakoitzak argi eta garbi bereizitako espazioa har badezake eta haien artean kontakturik ez badago.

Hiperaireztapenaren ondorioz, kirol-jarduera egiterakoan, segurtasun-tartea gutxienez bi metrokoa izango da parte-hartzaile bakoitzari dagokionean. Maskara erabiltzea gomendatzen da baldin eta jarduera intentsitate handikoa ez bada.

Nafarroako Kirolaren Institutuak zenbait gomendio orokor egiten ditu kirola praktikatzeko:

- Taldeko jardueretan pertsona-kopurua murriztea ahal den neurrian.  

- Jarduera batez ere aire zabalean edo espazio irekietan egitea.

- Segurtasun-tartea uneoro errespetatzea, kontaktu fisikoa saihestuaz.

- Jarduera aurreko prestakuntza-uneak eta ondorengo uneak kontrolatzea, parte-hartzaileen artean hurbiltasuna eta elkartzea saihestuaz.

- Aldagelak ahal dela ez erabiltzea eta, ezin denean, egunero eta etengabe desinfektatzea bermatzea.

- Kirolariei hartu beharreko neurri higienikoei buruzko beharrezko informazio guztia eskaintzea.