Chivite Lehendakariak Belaguako Ángel Olorón berritutako aterpetxea inauguratu du, non 3,2 milioi inbertitu diren
Chivitek Nafarroako Mendi eta Eskalada Kirolen Federazioak egindako lana eta berriz ere zabaltzeko izandako mugaz gaindiko elkarlana errekonozitu ditu
Ostirala, 2020ko Irailaren 25a
Chivite Lehendakaria bere hitzaldiaren une batean.

María Chivitek, Nafarroako Lehendakariak, Belaguako Ángel Olorón mendiko aterpetxea inauguratu du du gaur, zeina 16 urtez itxita egon ondoren guztiz eraberritu den. Nafarroako Mendi eta Eskalada Kirolen Federazioak gidatu du birgaitze proiektua. Horretarako, 3,2 milioi euro inbertitu dira; %65 europako funtsetatik jaso da eta %25 Nafarroako Gobernuak jarri du.

Club Deportivo Navarrak eraiki zuen aterpetxea 1971n, eta Nafarroako eta mugaz gaindiko mendizaletasunaren ikurretako bat izan zen 2004an itxi zen arte. Hori dela eta, 20 urterako higiezinaren lagapena lortu ondoren, Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundea lanean hasi zen hura berriz irekitzeko, gune hori mendizaletasunaren erreferentzia bihurtuko zuen birgaitzea egitea xede. Orain gauzatu da asmo hori.      

70eko hamarkadako eraikina 2020ko moldeetara egokitzeko lanak 2018uko udan hasi ziren, eta uda honetan bukatu dira, neurri batean COVID-19aren erruz atzeraturik. Denbora-tarte horretan higiezinaren barne-antolamendua hobetu da, tokia optimizatzeko eta irisgarriagoa izateko, egitura nagusia eraldatu gabe. Hala, 56 pertsona har ditzaketen  zazpi logela atondu dira, eraikinaren bigarren solairua egokituz, eta etorkizunean edukiera 92 plazara handitzeko asmoa dago. Aldaketak egin dira, halaber, gune komunetan, sukaldean, jantokian eta bainugeletan esaterako; baita kanpoko terrazan ere.

Birgaitze-proiektuari esker aterpetxea eraikin autonomoa eta jasangarria da orain, plaka fotovoltaikoak eta eguzki-termoplakak jarri baitira, baita argindarra sortzeko eta ura berotzeko mikro-turbina bat ere.

“Egin den ahalegin handiari esker aterpetxea errealitate bihurtu da”, nabarmendu du Lehendakariak, eguraldi txarra dela eta Izaban egin den ekitaldian, bertako eta Frantziako agintarien aitzinean. “Atzerapenak eta oztopoak gainditu behar izan dituzue, eta hala ere gaur esateko moduan gaude pandemiak gogor kolpatu gaituela baina kooperazioa eta elkarlana gure berpizte ekonomiko eta sozialaren oinarria direla”, gaineratu du.         

Pirinioez gaindiko lankidetza

Lehendakariak oroitarazi duenez, mugaren bi aldeetako hainbat erakundek, tokiko taldek eta zaletuk lagundu dute aterpetxea martxan jartzen. Horregatik, inaugurazio-ekitaldian bi eskualdeetako ordezkariak izan dira. Nafarroako aldetik, parte hartu dute Manu Ayerdik, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak; Itziar Gómezek,   Landa Garapeneko eta Ingurumenekoak; eta Rebeca Esnaolak, Kultura eta Kiroletakoak. Hiru departamentu horiek ia 500.000 euroko ekarpena egin diote birgaitze-proiektuari. Gainera, ekitaldian izan dira Jean-Pierre Mirande, Pirinio Atlantikoetako Departamentuko  Euskal Mendiaren departamentu-ordezkaria; eta Mathieu Berge, Akitania Berriko Eskualdeko kontseilari ordezkaria.

Inguruko udalerrien izenean, David Baines Izabako alkateak eta Jone Alastuey Erronkariko Ibaxaren Batzordeko presidenteak ongietorria egin diete agintari guztiei, Martín Montañés, Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundeko presidentearekin batera. 

Hain zuzen ere, Montañések azpimarratu du inaugurazioa sei urteko prozesu luze baten azken kate-begia izan dela, eta prozesu horretan Federakundeak finantzazioa bilatu duela beharrezkoa zen obra bat egiteko, Nafarroak berriz ere izan zezan mota horretako aterpetxe bat, Foru Erkidegoan bakarra. Hasiera batean Europako Interreg-POCTEFA laguntza-programari eskatu zitzaizkion funtsak, baina alferrik. Azkenik, proiektuak 2017an erdietsi zuen behar zuen finantzazioa. “Hau ez zatekeen posible izanen funts horiek gabe, sektore publikoko eta pribatuko hainbat erakunderen eta Europako herritarren laguntzarik gabe”, eskertu du Chivite Lehendakariak. Era berean, poza agertu du, mugaz gaindiko bideak indartzen dituzten era honetako ekimenek uxatu egin baitute Pirinioak “Europatik bereizten gaituzten muga naturala direlako” ideia.  

“Proiektuaren barnean egitekoak diren jarduerak guztiz bat datoz Europako mugaz gaindiko politikarekin; Ángel Olorón aterpetxearen eta Laskuneko L’Aberouat aterpetxearen artean koordinaturiko ibilbide eta jarduerak izanen dituzte oinarri, eta gazte zein helduen prestakuntza hobetzeko xedea izanen dute, bai kirolaren arloan, bai ingurumenarekiko sentsibilizazioarenean eta naturaren babesarenean ere”, adierazi du María Chivitek.

Lehendakariak inaugurazioa aprobetxatu du Foru Gobernuak Europar Batasunaren Itun Berdeari eman dion babesa nabarmentzeko, baita krisitik ateratzeko Nafarroak Reactivar Navarra / Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren bitartez egin duen apustua ere, ingurumena errespetatuko duen ekonomia oinarri hartuta. 

Izabako frontoiak hartu du ekitaldia
Aurresku bitartean
Chivite lehendakaria eta gainerako parte-hartzaileak ekitaldian
Aterpearen aurrealdea
Ezker eskuin  Goméz, Esnaola, Chivite Lehendakaria, eta Ayerdi
Logeletako bat
Aterpeko  jantokia