Nafarroak “Suspertu zure bizikleta, ez utzi aparkaturik” kanpaina abiatu du garraiobide hori sustatzeko, zeina herritarren %2ak besterik ez duen erabiltzen
Urriaren 6tik aurrera 50 euroko laguntzak emango dira bizikleten konponketa eta mantenurako “egun ganbaratan erabili gabe dauden horietako askori berriz ere bizia emateko”
Astelehena, 2020ko Irailaren 14a
Cartel de la campaña

Nafarroako Gobernuak gaur “Suspertu zure bizikleta, ez utzi aparkaturik” kanpaina abiatu du, hiritarren artean garraiobide horren erabilera egunerokoan erabili dadin sustatzeko. Egun, %2ak bakarrik erabiltzen du egunero.

Oroitarazi beharra dago Foru Gobernuak 50 eurora bitarteko dirulaguntzak emanen dituela bizikletak konpondu eta mantentzeko. Espainia osoko 125 udal biltzen dituen Bizikletaren aldeko Hirien Sareak 2019an nazio-mailan eginiko azterketaren arabera, 10 etxetatik 7tan bizikleta bat edo gehiago dago. Batez bestekoa 1,9 bizikletakoa da etxe bakoitzeko. 

“Une honetan ganbaretan geldirik dauden bizikleta horietako askori berriz ere bizia ematea da gure xedea”, azpimarratu du Berta Mirandak, Garraio zuzendari nagusiak. Harekin batera prentsaurrekoan izan da Santiago Alemán, Ikuskaritza, Kudeaketa, Garraio Antolaketa eta Mugikortasun Zerbitzuko zuzendaria.  

COVID-19arekin batera bizi garen normaltasun berria delako horren ondorioz handitu da eskaria, toki batetik bestera joateko aukera ematen baitu, birusa barreiatzea eragozten duen distantzia fisikoa mantenduz.

Bi jarduketa horiek, txirrindularen erabilera sustatzeko kanpaina eta dirulaguntza-deialdia, Reactivar Navarra / Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren barnean daude, baita laster onartuko den Mugikortasun Jasangarrirako Nafarroako Gidaplanean ere. Azken horretan, gainera, hainbat jarduketa aurreikusi dira bizikletari dagokionez, hala nola itzulingurua egiteko aukera ematen duten eremuak sortzea Nafarroako udalerrietan, bertako erakundeekin elkarlanean, eta Foru Erkidegoan bizikletak erabil daitezkeen ibilbide guztien kartografia interaktiboa sortzea.

“Benetako mugikortasun jasangarria lortzeko beharrezkoa dugu gizarteak parte hartzea eta laguntzea, mugikortasunari dagozkion politika guztiak landu, ezarri eta ebaluatzean. Konfinamenduak iraun bitartean harremanetan jarri ginen bizikleten erabiltzaileen elkarte batzuekin, eta ados egon ginen motordun trafikoaren beherakadak emaniko aukera baliatu beharra zegoela bizikletaren erabilera sustatzen saiatzeko”, adierazi du Berta Mirandak.

“Suspertu zure bizikleta, ez utzi aparkaturik” kanpaina

“Suspertu zure bizikleta, ez utzi aparkaturik” goiburuaren bitartez, Garraio zuzendaritza nagusiak herritarren kontzientzia piztu nahi du, hurbileko lekualdatzeetarako (lantokira edo prestakuntza-zentroetara joatekoak, kasu) bizikleta usu erabiltzeak dituen onurez.  

Oroitarazi beharra dago bizikleta ohiko garraiobide gisa erabiltzeak abantaila ugari dituela. CO2 isurpenak, kutsadura eta trafiko-pilaketak gutxitzen ditu, eta mesedegarria da erabiltzaileen osasunerako eta sasoirako. COVID-19ak eraginiko krisian, distantzia fisikoa mantendu eta, hortaz, birusa hedatzea eragozten duen garraiobide gisa finkatu da. Bestalde, erabiltzen ez diren bizikletak berriz baliatzeko programa honi esker ekarpena egiten zaio ekonomia zirkularrari. 

Kanpainaren aurrekontua 18.000 eurokoa da, eta zabaltzeko sare sozialak, irratietan jarritako iragarkiak eta kartelak erabiliko dira, besteak beste bizikleta-dendetan eta –tailerretan, bigarren hezkuntzako eta LHko ikastetxeetan, eta unibertsitateetan jarriko direnak.

Urriaren 6tik, 50 eurora arteko laguntzak

Nafarroako Gobernuak, lehenengo aldiz, 50.000 euro bideratuko ditu bizikletak konpontzera eta mantentzera. Urriaren 6tik eskatzen ahal izanen dira Foru Erkidegoan bizi diren 14 urtetik gorakoei zuzenduriko laguntza horiek, eta gehienez ere 50 euro jasotzen ahal izanen du bakoitzak. Dirulaguntza ez da BEZaren gainean aplikatuko. Diruz lagunduko dira konponketa-lanak (balaztatze-sistemaren elementuak; katea, aldagailuak, etab.); doikuntza-lanak (garbitzea eta olioztatzea; gurpilak zentratzea eta erradioak doitzea edo aldatzea; balaztak edo aldagailuak doitzea…), edo bizikletan segurtasun-elementuak jartzea (argia edo txirrina). 

Programa honi entitate laguntzaile gisa atxiki zaizkion tailerretan egin beharko dira lanak, eta dirulaguntzen onuradunek konpromisoa hartuko dute bizikletaren erabileraren segimendua errazteko 2 urtez. Denbora-tarte horretan, ez da baimenduko bizikleta horiek hirugarrengoei saltzea. 

Programak bi fase izanen ditu. Lehenik eta behin, bat egin duten tailerretako batera joan beharko da, eta konponketa- edo mantentze-zerbitzu bat eskatu, diruz lagundu daitezkeen jarduketen zerrenda aintzat harturik. Tailerrak Administrazioarekin kudeatuko du eskaria, telematikoki. Bigarren fasean, eskaria onartuz gero, konponketa eginen da eta tailerrari ordainduko zaio. Konponketa bukatu ondoren tailerrak dirulaguntza izapidetuko du, eta zenbatekoa onuradunaren kontu korrontean sartuko da. Laguntza-programari buruzko informazio guztia www.navarra.es/eu/web/reactivatubici webgunean dago.

Kanpainaren kartela