Nafarroako Gobernuak In Tempore Abesbatza- coro & Ensemble taldearen kontzertua antolatu du Bakearen Nazioarteko Eguna dela eta

Nafarroako Gobernuak In Tempore Abesbatza- coro & Ensemble taldearen kontzertua antolatu du Bakearen Nazioarteko Eguna dela eta

Gainera, irailaren 21ean ekitaldi bat egingo dute, bertan CEIPAZ erakundea aitortuko dute eta Manuela Mesa zuzendariak saria jasoko du

2020/09/11
Irailaren 20an In Tempore Abesbatza- coro & Ensemble taldearen kontzertua iragartzen duen kartela.

Beste urte batez,  Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak, Nafarroako Gobernuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, irailaren 20an, 19: 00etan, Baluarten, Bakearen Nazioarteko Egunaren testuinguruan kontzertua antolatu du. Gainera, hilaren 21ean ekitaldi bat egingo dute,  bertan CEIPAZ (Bakerako Hezkuntza eta Ikerketa Zentroa) omenduko dute eta  zentroko zuzendaria den Manuela Mesak saria jasoko du.

Ekitaldi horien bitartez, Nafarroako Gobernuak bakearen kultura bultzatzeko konpromisoa erakusteaz gain, indarkeriarik gabeko gizarte plural eta demokratikoa lortzen lagundu nahi du, arazoak eta desadostasunak elkarrizketaren eta errespetuaren bidez jorratuaz eta konponbideak modu partekatuan bilatuaz.

Irailaren 20ko ekitaldian, Carlos Etxeberria Alonsoren zuzendaritzapean, In Tempore Abesbatza-Coro & Ensemble taldeak Tuvayhun “Beatitudes for a Wounded World” obra eskainiko du. Norvegiako Kim André Arnesen musikariak konposatu zuen, eta, bertan, mundua leku zoragarri baina arazotsu bezala ere deskribatzen du, hots, gorrotoz, haserrez, gaitzespenez eta jazarpenez betea; mundu horrek konfiantzazko, itxaropenezko, adeitasunezko, errukizko, gizatasunezko eta elkarrekiko errespetuzko mezuak behar ditu. Aniztasunaren eta gizarteratzearen aldeko lan bat da, eta dei egiten du oztopo politikoak, erlijiosoak eta ekonomikoak gainditzeko eta desberdin izan daitezkeenekin mundua partekatzeko. Eszena-zuzendaria Elur Olabide izango da, eta soprano, mezzosoprano eta baritono gisa Andrea Jiménez, Nerea Berraondo eta Andoni Sarobe arituko dira, hurrenez hurren.

In Tempore Abesbatza-Coro & Ensemble taldea 1955. urtean sortu zen San Jose Abesbatza bezala. Curriculum zabala du, Nafarroa osoan eta estatuko geografian zehar emandako kontzertuz betea. Halaber, nabarmendu behar da Frantzia hegoaldean, New Yorken eta Berlinen ere eskaini dituela emanaldiak.

Kontzerturako sarrera doakoa da, eta irailaren 14tik aurrera (astelehena) Baluarteko leihatilan bertan jaso behar da. Edukiera 200 lagunekoa da.

Ekitaldi instituzionala Iruñean

Irailaren 21an (astelehena), Bakearen Nazioarteko Egunean, 12:30ean, Nafarroako Jauregiko Tronuen Aretoan, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak antolatutako ekitaldi instituzionala egingo da; ekitaldiaren burua Nafarroako Lehendakaria, Maria Chivite, izango da. Aurten, osasun-arrazoiak medio, ekitaldia Iruñean izango da eta ez Tuteran, eta gehienez 30 pertsonarekin garatuko da.

Ekitaldian, CEIPAZ (Bakerako Hezkuntza eta Ikerketa Zentroa) aintzatetsiko da, bakearen kulturaren alde duen 13 urtetik gorako ibilbide zabalarengatik, hezkuntza-ekimen eta -proiektuen proposamen-jarduera handiarengatik eta kalitatezko sentsibilizazioarengatik. Halaber, nazioarteko eta eskualdeko joerei buruzko urtekarien bidez egindako informazio- eta dibulgazio-lanarengatik sarituko dute eta beste erakundeekin batera kanpainarik berrienean egindako lanarengatik ere bai: “Funtsezkoena ikusezina izan ez dadin, batu eta proposatzen dugu”.

Zentroa aurkezteaz Laura Alonso Cano arduratuko da, Espainiako WILPF-eko lehendakaria (Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Liga) eta CEIPAZeko proiektuen koordinatzailea. Saria, berriz, Manuela Mesak, CEIPAZeko zuzendariak, jasoko du Maria Chivite Lehendakariaren eskutik.