2020ko irailaren 3a

Nafarroako unibertsitateek "normaltasunez" hasi dute ikasturtea, salbuespenaren barruan

Errektoreek ikasleen erantzun "positiboa" helarazi diote Cigudosa kontseilariari

Juan Cruz Cigudosa Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak positibotzat jo du unibertsitateko ikasturtea "normaltasunez" hasi izana, COVID-19ko pandemiak sortutako salbuespenezko egoeraren barruan. Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Nafarroako Unibertsitateko errektoreekin harremanetan jarri ostean, egiaztatu ahal izan du ez dela gorabeherarik izan, eta ikasleen erantzun "positiboa" izan dela. 

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea den Ramon Gonzaloren arabera, hasiera ondo onartu dute ikasleek, eta ispilu-gelekiko esperientzia "egokia" izaten ari da. Ikasturtearen hasiera normaltasunez hasi izana azpimarratu ondoren (aurrez aurre egotearen aldeko apustua egin da), zentroak proposaturiko segurtasun-neurriak bete izana nabarmendu du; hau da, ikasleen artean 1,5 metroko tartea eta gel hidroalkoholikoa eta maskara erabiltzea barruti osoan.

Halaber, Nafarroako Unibertsitateak nabarmendu du ikasturtean normaltasunez hasi dela egoera berezi honen barnean, ezarritako prebentzio- eta higiene-neurriak beteaz. 8.700 gradu-ikasle inguru, 2.200 lehen mailakoak, hasi dira astelehen honetan klaseetan Iruñako eta Donostiako Campusetan. Alfonso Sanchez-Tabernerok, zentroko errektoreak, Cigudosa kontseilariari adierazi dionaren arabera, Unibertsitateak "baikortasunez eta konfiantzarekin" ekin dio lanari.

Prebentzio-neurriak NUPen

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2020-21 ikasturte honetarako guztira 46 "gela hibrido" edo ispilu-gela izango ditu, klase bat beste leku batetik zuzenean jarraitu ahal izateko, esleitutako gelak duen edukiera gainditzen denean. Modu horretan, Unibertsitateak bere instalazioetan irakaskuntza bermatuko die atzo maila eta gradu guztietan klaseak hasi zituzten 8.000 ikasle ingururi, nahiz eta dagozkien graduetako lehen mailan matrikulatutako 2.000 bat ikasleri behar adinako espazio fisikoa gorde izan klaseak gela bakar batean gara ditzaten.

Instalazioetan garbiketa eta desinfektatze zerbitzua indartzeaz gain (egunean bi aldiz egingo da: eguerdian eta goizaldean), airea etengabe berrituko da geletan. Halaber, unibertsitate-komunitate osoari zuzendutako neurri higienikoen dokumentu espezifikoa abian jarri da, eta, bertan, ondorengoak jasotzen dira: Unibertsitateko instalazio guztietan maskara derrigorrez erabili beharra, eskuen higienea, ikasgelan edo bulegoetan beti postu bera okupatzeko eta materialak ez partekatzeko gomendioa, espazioak maiz aireztatzeko beharra edota aurrez aurreko topaketak minimizatzeko gomendioa, eta, edonola ere, talde txikietan eta aire zabalean egitea, ahal den guztietan. Era berean, “COVID-19 Unitatea” sortu da Ikastegian, protokoloak betetzen direla zaintzearren.

Prebentzio-neurriak Nafarroako Unibertsitatean

Bestalde, Nafarroako Unibertsitateak plan bat jarri du abian berrogei neurrirekin, pandemiaren ondorioei aurre egite aldera, eta hiru ardatz nagusitan eratzen da: irakaskuntza berritzea, murriztutako edukierako klaseekin, teknologia eta baliabide egokitutako geletan, eta lanerako beste 1.566 espazio berri eraikin ezberdinetan, ikasleek gelatik kanpo ere klaseak jarraitzeko aukera izan dezaten. Modu berean, prestakuntza-saioak egin dira irakasleekin eta irakaskuntzan laguntzeko langileekin, udako hilabeteetan, Kalitate eta Berrikuntza Zerbitzuaren eskutik.

Bigarren ardatza unibertsitate-komunitate osoko osasuna zaintzeko neurrien ingurukoa da, tartean, PCR probak egitea campus ezberdinetako profesional eta ikasle guztiei. Hirugarren ardatzean, berriz, ikasturte honetako beketarako jarritako laguntzak sartzen dira, aurten 2 milioi euro gehiagokoak. Guztira, 6,5 milioi euro jarriko dira, eta 3.000 familia izan dira onuradunak.