Toki-erakundeentzako laguntzen deialdia egin da adingabeei zuzendutako kirol anitzeko programak gara ditzaten
Deialdia 42.000 eurokoa izango da, eta haurtzaroan jarduera fisikoa bultzatzeko helburua du
Asteartea, 2020ko Irailaren 1a

Nafarroako Gobernuak, Kultura eta Kirola Departamentuaren bitartez, Foru Komunitateko toki-erakundeentzako diru-laguntzen deialdia argitaratu du, 6 eta 8 urte arteko neska-mutilei zuzendutako kirol anitzeko programak sustatzeko.

Deialdia 42.000 eurokoa da. Diruz lagundutako programen helburua da haurren artean jarduera fisikoaren praktika antolatua sustatzea, kirol-arloan espezializazio goiztiarra saihesteko eta adin horietan gomendagarriagoak diren praktika-ereduak bultzatzeko.

Ikuspegi integrala

Ildo horretan, Nafarroako Kirolaren Institutuaren arabera, jarduerek ikuspegi integrala izan behar dute, garapen pertsonal. sozial eta motrizera bideratuta, haurren osasunean eta ongizatean onurak sortzearekin batera, kontuan izanik lehia inoiz ez xede izatea.

Halaber, balioen gaineko hezkuntza sustatuko da proposaturiko jarduera fisiko guztietan, besteak beste, jolas garbia, adiskidetasuna, gainditzea, inklusioa, gizarteratzea, e.a. nabarmenduaz.

Azken finean, aurkeztutako programak jardueren eskaintza hezkidetzako parametroen arabera diseinatzea eta antolatzea bermatu beharko du, neska zein mutilentzat jarduera ezberdinak eskainita, eta, era horretan, "femeninoak" edo "maskulinoak" diren kirol-jarduera fisikoen estereotipoak hautsi ahal izango dira.

Diru-laguntzaren eskaerak 2020ko irailaren 21era bitarte egin ahal izango dira, telematikoki nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Atariko Izapideen Katalogoko fitxaren bitartez.

Osasun eta kirol agintariek COVID-19aren inguruan ezarritako baldintza eta neurri guztiak bete  beharko dituzte jarduera guztiek.

Programa 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitartean garatu beharko da, eta gutxienez 8 hilabeteko iraupena izango du. Talde bakoitza gutxienez 6 haurrek osatuko dute. Talde bakoitzak astean 50 minutuko 2 saio egin beharko ditu gutxienez.

Toki-erakunde onuradunek istripuen aseguru bat eta parte-hartzaile guztien erantzukizun-asegurua izan beharko dituzte.